Gogoa hazi | 2017ko Irailaren 21a

MAHATSAREN ORPOTIK DATOR MAMA GOZOA

Johanes Bordazahar

Ebiakoitz arratsaldea, mendi mazelako espaloietan (terrazetan), urrietako iguzki goxoak perekatzen ditu mahats aihenak. Bada ele, oihu eta irri.

Ebiakoitz arratsaldea, mendi mazelako espaloietan (terrazetan), urrietako iguzki goxoak perekatzen ditu mahats aihenak. Bada ele, oihu eta irri. Txik eta txak, klask eta klixk, xedarra-haixturrak dantzan... Mahats-biltzeak!

- Hasi dituk! Hasi! Ez diat nahi senditu aizturren ausiki hotza.

- Laster kaput gaituk!

Bi mahats molko dira, zukuz hantuak, bat besteari horrela mintzo.

- Nahiago nikek xori baten mokoa senditu.

- Nik azeri baten mihi leuna.

- Ez diat moztua izan nahi! Sobera maite diat iguzkiaren musua!

- Zergaitik behar gitiztek moztu?

- Egin beharra ongi egin diaguk, fruitu joriak bete betean ekarririk, azkenean gureak egin dik! Gutaz artatu dituk eta orain ordaina behar dieguk eman.

Urrundik entzun da elizako ezkilen oihartzuna. Ilunabarreko bat-bateko isiltasunean, hotz ikara batek hartu ditu mahats molkoak. Ilunabarrarekin, aire hotz hezea, sedena, sartu da zeiharka. Gatu bat, ttipi-ttapa, mahats molkoeri hurbiltzen zaie, harri kozkorren artetik.

- Bisitaz heldu natzaizue... Badakit, zorigaitzez, bihar moztuko zaituztetela!

- Bihar?

- Soto inguruetan bazterrak airean derabiltzate. Dupak eta zubanak hutsak, mahatsaren behar gorrian daude. Beren aizturrekin laster hor dituzue.

- Behauzu hortik!

- Moztu ta gero metatu, lehertu, xehatu eta zangopilatzeko... tinkatu eta orenak hartzitzen utziko zaituztete. Lurretik bildu eta iguzkiak ontu dauzuen zukua bestelakotu arte. Mama gozoa atera arte.

- Mama gozoa? Zer derasazu?

- Bai! Egun mahats eta bihar arno izanen zirezte. Nola mahastizainak hazi eta artatu zaituzten berdin xehatuko zaituzte. Nola egun preziatzen zaituzten, bihar kurutzeÀ¯'¬'katuko zaituzte eta etzi goretsiko. Hori omen da biziaren deia, biziaren muina. Maitasuna ere deitzen dutena... Ukan duzuen hoberen hori, zuek ere, zuen aldian, osoki, ematen duzuenean.

Mahats ondoak maitasunaren ikara senditu du lur azpiko erro muturretik aihen puntako hostoraino.

- Ez dakizue dena oraino, segitzen du gatuak. Zuek eman odol zuku gorria, bizpahiru hilabetez, kupeletan preso atxikiko dute. Gero edari berri hori neurrian edanez jendea bizkortuko duzue, haren bihotza kantuz alaituko, gogoan iguzkia piztuko diozue, gorputza haizea bezain arin dantzan emanen. Flakoak azkartuko eta azkarrenak ahulduko.

Hau entzutean bi molkoak mutu daude. Atseginaren atseginez pikorrak ari zaizkie iguzkitan zukuz hantzen. Gatuak aitzina:

- Festarako bozkarioaren edaria zirezte. Ikusiz mahatsetik arnora nolako moldez arrapizten, itxuraldatzen zirezten, badakigu orain maitasunak ere berdin heriotza bestelakotzen duela. Sakristiako ate artekatik zenbat aldiz ez dut ikusi apeza aldarean arno kopa altxatzen hitz hauekin, ongi oroitzen banaiz: "... Har zazue ta edan guziek huntarik... Hau nere odolaren kalitza baita... hil eta piztearen misterioa". Fededunek diote jendea ere, zuek bezala, hiletarik arrapiztuko, itxuraldatuko dela zorionean.

- Errak to? Bahakien, hik, hola arrapizteko ahala baginiala!

- To! Ni, berantesia niagok aizturrak noiz etorriko!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3417. zbk

Gehigarria: Etxauzia zabal eta bizi

Gure Hitza | 2017/09/21

Ama lurra ez hunki!

Peio Jorajuria

"Baduk onddo!" dit erran lagun batek. Ikusiz haren begitarte irribarretsua, uzta polita aurkitua zukeen. Ez dit haatik salatu nun.

"Baduk onddo!" dit erran lagun batek. Ikusiz haren begitarte irribarretsua, uzta polita aurkitua zukeen. Ez dit haatik salatu nun. Ondotik nik ere bisitañoa eginik oihanari, han-hemenka zenbaitzuk aurkitu ditut, xisa, iratze-onddo, urki-onddo, kasko beltz, ez metaka baina kontentatzeko doi hura, zartagina barneko zirtakoen artetik altxatzen zen usain hura gozagarria zitzaidala. Onddoez gain, altxor nasaia digu ere eskaintzen oihanak: zer ezkurreria eta gaztaineria lurrera eroria! Goixtiar eta emankor gure oihanak aurten! Oihanetako urre paregabea!

Badira haatik bertze gisako urrearen ondotik dabiltzanak. Urte pare bat honetan lurpeko urrea ustiatu nahian dabil Sudmine enpresa, estatuarengandik baimenaren zain dagola. Ezpeleta eta Kanbo inguruko 11 herri ditu begipean. Eta bada beldurra baimen hori aski laster erdiets lezakeela gobernuarengandik. Hori du adierazia Sylviane Alaux diputatu ohiak, ekonomia ministeritzako zerbitzuetatik jakin duenaz. Badakigu, alta, masakre...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016