Han eta Hemen | 2017ko Abenduaren 21a
Arteen historia Unai Zubeldiaren obra ederra
Aines Dufau IKAS pedagogia zentroko zuzendaria oso pozik agertu zaigu, kudeatzen duen etxeak argitaratu berri duen obraz.
Aines Dufau IKAS pedagogia zentroko zuzendaria oso pozik agertu zaigu, kudeatzen duen etxeak argitaratu berri duen obraz. "Obra huntaz harro gira, egilea gainera etxekoa dugu; obra originala da, sorkuntza bat, zinez interesgarria eta behar-beharrezkoa". 2009az geroz Ikasen zerbitzuko utzia du Hazkunde Nazionalak Unai Zubeldia irakaslea, lehen mailako ikasle eta irakasleentzat egin daitezkeen argitalpen proiektu arduradun gisa. Aski laster, bi irakasle (Irene Borda eta Alazne Petuya) etorri zitzaizkion, arte-historiaz libururik ez zegoela irakasleentzat. Unai Zubeldia lan ildo horri lotu zen, Joana Casenavek lagundurik. Urte luzetako lana baina fruitu hirukoitz ederra: "Arteen historia" irakasleen liburua, 3. zikloko ikasleen probetxurako (CM1, CM2 eta 6.ko gela), erran nahi baita 9tik 11 urterainokoentzat; ikasleen irudi bilduma (maleta), liburuan agertzen diren obren irudiekin; eta ardatz kronologikoa, gelako paretetan ezartzen dena. Obrak hiru garai aztertzen ditu: Historiaurrea (-70.000etik -3.500era), Antzinatea (-3500etik +475era) eta Erdi-Aroa (V. mendetik XV. mendera). Lehenean harpetako artea eta megalitoak dira nagusiki irakatsiak, bigarrenean zelta eta erromanoen aztarnak, hirugarrenean arkitektura gehien bat. Aldi oroz Euskal Herriko eta mundu zabaleko adibideak aurkeztuz. Lan zinez ederra, baliosa, ikastresna iraunkorra, Hazkunde Nazionalak publikatzeari goresmenekin baia emanik, Euskaltzaindiak (Xarles Videgain) gainbegiratu ondoan. Diseinu grafikoa Dominique Uhart grafistak du segurtatua. Hau ere erran dezagun, liburuan agertzen diren irudi asko dohainik utziak izan zaizkio Ikasi, Jacques Blot, Eusko Jaurlaritza, Izturitzeko Harpeak eta holakoengandik. Hazkunde Nazionala eta Euskararen Erakunde Publikoari esker, obra hirukoitz hori urririk banatuko da euskarazko irakaskuntza zabaltzen duten Ipar Euskal Herriko ikastetxe guzietara. Publiko zabalagoarentzat, liburua 27 eurotan salgai da, irudi bilduma 8 eurotan eta ardatz kronologikoa 5 eurotan.















