Herriz Herri - Hendaia (L) | 2017ko Abenduaren 21a
Oskarbi taldearen 51 urteko ibilbideaz liburua
1966an sortu zen Oskarbi taldea.
1966an sortu zen Oskarbi taldea. Sortzailetarik bi aurkitzen dira beti taldean, Iñaki Maritxalar (Hendaian bizi dena eta astekari hunek aspaldidanik harpidedun daukana) eta Joxelu Treku. 51 urtez 30 lagun dira orotara taldean ibili. Gaur taldea osatzen duten sei lagunak dira Iñaki Maritxalar, Maite Aizkorreta, Beronik Ondikola, Joxelu Treku, Carlos Ruiz eta Maite Lopez de Arbina. Mende erdi batez plazaz plaza kantari! Horrek merezi zuen kondatua izatea. Eta lan horri lotu da Joxelu Treku, titulu luzeko liburua duela argitaratu: Doinu zaharren haritik, euskal kantu berriaren bidean (Oskarbi 1966-2017). Hiru urteko lana. Liburua kronologoki egituratua da. Bi etapa nagusi bereiziak dira liburuan: lehenean, taldearen ibilbidea 1983a arte (biniloen garaia); eta bigarrenean, 1990etik aitzina (CDaren garaia). Lehen denboretan, urtean 70 kantaldi ematen zituen taldeak, Iparralde huntan askotan agertuz. Egia da urte haietan Hegoaldean nekezago zela libreki kantatzea, Francoren diktadurarengatik, zentsura handia izanki-eta. Funtsean taldeko hiru kide, Joxelu Treku barne, atxilotuak izan ziren 1968an eta pasaportea kendu zitzaien ere, Iparralde huntara ezin zirela etorri. Ez Dok Amairuren urteak, Bitoriano Gandiagaren olerkiak eta gaineratiko asko eta asko gertakizun zaizkigu kondatuak. Orotara 600 kantaldi eman ditu taldeak gaur arte, 11 diska ondu, ehunka kantu-bazkari edo afaritan parte hartu, herriz kanpo ere ibili (Quebec, Argentina, Uruguai). Noticias de Gipuzkoa egunkariari egin elkarrizketan, "Oskarbi oso gauza handia izan da niretzat, eskola bat, bizitzarena ere bai" dio Iñaki Maritxalarrek. Liburu hau 20€tan salgai da edo Elkar liburudendan, liburu + CD, 25€tan.










