Kostaldean | 2017ko Abenduaren 21a
Kostaldean
Bai gure Kostaldean eta bai Landesetan, aspaldian ari dira A 63 deitzen duten autobidearen zabaltzeari.
Autobidearen zabaltze hori
Bai gure Kostaldean eta bai Landesetan, aspaldian ari dira A 63 deitzen duten autobidearen zabaltzeari. Gaitzeko obrak akulatuak jadanik... Hortakoak diren esperten arabera, beharrezkoak izanki, hoinbeste auto eta kamiun hortik iragaiten-eta. Obrak eginak Miarritzetik Ondreserat eta orai kasik bururatuak Miarritzetik Biriaturaino (22 kilometro)... Bi zati horientzat fazoina gosta da zazpi ehun miliun euro! Donibane Lohizuneko ondoan bi tokitan eraikin berriak badira bidesarien pagatzeko... Denetan muntadurak ezarriak harrabots gutiago hedatzeko gisan. Bazterrez-bazter arbola andana bat hasia dute landatzen... Hots, erran bezala, denbora guti barne autoak ibiliko dira sei lerrotan, hiru lerro alde batetarat eta beste hiru besterat.Auzapez berria hautetsi behar
Donibane Lohizunen, herriko kontseilua ortzirale huntan bilduko da. Legeak manatzen dion bezala gehiago luzatu gabe hautetsi behar du auzapez berri bat, Peiuko Duhart zenaren segida hartuko duena. Itxura guzien arabera, Jean-François Irigoyen lehen axudanta hautetsia izanen da. Baditake ere, kasua ikusiz, hautagai bakarra izanen den.
Ziburuko eskoletan
Ziburun, herriko kontseiluan mintzatu dira herriko eskoletan heldu den urtetik goiti izanen den laneko segidaz. Erabaki dute berriz itzultzea duela lau urteko molderat, gisa hartako galdea eginen diote beraz hezkuntza-ministeritzari. Horrek erran nahi du lau eguneko astea ukanen dutela eskola horiek. Eskolak idekiak astelehen, astearte, ortzegun eta ortziraletan, eskolarik ez batere asteazkenetan. Buraso eta erakaslek dute hori galdetu, gehiengo pizkor bat alde (%67). Ez dira baitezpada denak joko horren alde. Batzuri iduritzen alabainan lau eguneko astea, egun bakoitz denbora gehiago egonez eskolan, akigarriago dela haurrentzat. Frantzia mailean akulatu ikerketa batek hori baitu preseski salatzen. Ziburun berean, Henri Duhaldeborde zinegotzi sozialista dudakor, ez ote den hautu hori sobera presaka egiten. Hautetsi abertzaleak ez kontra buraso eta erakasleak ados diren pundutik bainan azpimarratuz ez litakeela sobera usu behar holako aldaketarik, bide bat hartuz geroz haren segitzea egokiago izanki...









