Inbido | 2017ko Abenduaren 21a

Behako Jerusalem hiriari

Muslaria

Hedabide guzietan noiznahi aipatzen da Jerusalem, gutien ustean bazterrak minbera baitaude han gaindi.

Hedabide guzietan noiznahi aipatzen da Jerusalem, gutien ustean bazterrak minbera baitaude han gaindi. Aitzineko aste hortan, sukar samin bat berriz jauzi da, Donald Trump amerikano presidentak sua pizturik. Jakin-arazi du alabainan amerikanoek Israel herrialdean duten enbaxadorearen egoitza lekuz aldatuko dela, eta joanen beraz Tel-Aviv hiritik Jerusalemerat. Gisa hortan amerikano lehendakariak aski deplauki erakusterat emaiten du Jerusalem daukala Israelgo hirinagusi. Juduen atsegingarri bainan palestinarrentzat gauza bat ezin onetsia. Egia erran, badu urteak eta urteak - zonbait hamarkada - auzi hori ezin zurituz ari direla. Funtsezko aitzinamendurik batere gabe haatik... Palestinarrek ere Jerusalem baitaukate beren hiri nagusi bainan juduek orainokoan segurik ez aditu ere nahi holako aldarrikapenik! Nazioarteko Erakunde Nagusia entseatzen da aterabide baketsu baten sustatzerat. Urteak jin eta urteak joan, gisa hortako dei frango zabalduak izanak dira bainan gauzak ez dira kanbiatzen, baditake gero eta okerrago ere diren. Ainitzen gustuko Trump presidentaren joka-bide bihurri horrek traba gehiago baizik ez du ezartzen bake iraunkor baten arrangura dutenentzat...

Bi zatitan

Jerusalem hiriaren geroak ez ditu uste-gabetarik kezkatzen bazterrak. Jakinaren gainean Jerusalem hiri saindu bat dela judu, giristino eta musulmanentzat, hots zabaldura handia duten hiru erlisionerentzat. Ez dugu xeheki kondatuko hiri horren istorio luzea. Duela berrogoi bat mende sortu zen hor herrixka bat. Orduan ez zen eskualde hortan ez judurik ez arabiarrik, ez eta bistan da giristinorik, Jesus ez baita handik hogoi menderen buruan baizik etorri... Han gaindi bizi zirenek bazuten beren sineste berezia eta adoratzen zuten Shalem izeneko jainko bat. Hiriaren izena bera jainko horrenetik heldu da, izenak erran nahi historialari gehienen gustuko segurik "Shalemek gerizatzen duen bizitokia". Gero jin ziren juduak, berantxago arabiarrak bai eta beste jende mota asko. Jerusalem hirinagusi ekarria zen David erregearen denborakotzat. Geroztik, zonbat gora-behera, zonbat zalaparta eta zonbat eztabada samin! Gaurko egunean, 882.000 biztanle, iaz egin kondaketaren arabera. Jendetza azkarki emendatu da 70 urte barne, bainan azken urte hautan hein bertsuan dago. Ikerleek diotenaz, % 61 juduak dira, %36 musulmanak. Giristino guti da han berean bizi, hamar bat mila tira-hala, bainan giristino ainitz jiten dira urte guziz beilatiar kondu.

Aspaldian, hiria bi zatitan da. Ekialdeko eskualdean jende gehienak palestinarrak dira. Eskualde hortan kokatzen da hiri zahar guzia, bere karrika hertsiekin, dena harresiz inguratua, hor dira ere giristinoen beilatoki aipagarrienak, besteak beste Hobi Sainduaren eliza, Jesus hobiratua izan zen tokian eraikia. Horiek hola, 1967an izan zen sei eguneko gerlaren ondotik, Israelek menperatua dauka hiri guzia, hiri zaharra barne beraz. Nazioarteko biltzarretan kasik nehork ez badu ere onesten menperatze hori. Geroztik, zonbat istorio eta zonbat tirabira! Noiz nola helduko ote dira akomeamendu on batetarat? Paperean, ez luke alta iduri hain zaila litakeen. Israelek utz dezala ekialdea palestinarreri, bi herrialde izan ditela elgarren ondoan, biak onartuak nazioarteko erakundeetan, bakoitzak bere gain Jerusalemeren parte bat eta Jerusalem bien hirinagusi. Batzuk diotelarik on litakeela beharbada lur xirrizta bat, beila-toki ezagutuenekin, ez Israelen kondu izaitea, ez eta Palestinaren, Nazioarteko Erakunde Nagusiak kudeatuz. Horra zer izaiten ahal litazkeen aterabide manerako baten zimenduak. Zoritxarrez erraitea da erretxenik, mila estakuru hor dira berehala aitzinamendu guzien grabatzeko...
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3430. zbk

Eguberri on!

HERRIA

Gure Hitza | 2017/12/21

Ahoz aho

Jean-Louis Harignordoquy

Euskal telebistako emankizun interesgarri baten izena da "Ahoz aho".

Euskal telebistako emankizun interesgarri baten izena da "Ahoz aho". Amaia Cayero eta Ilazki Serrano bizkaitar aurkezle gazteek gomitatzen dituzte gizarte gaietan adituak dauden unibertsitateko irakasle, legelari eta politika arduradun zonbait. Astelehenetik ostiralera arratsalde erditik goiti, guzien ahotan dauden sujetak ikertzen eta eztabaidatzen dituzte. Batzuk Euskal Herrikoak, besteak mundu zabalekoak; pentsa zonbat mintzagai eta berri mota baden guhaur edo gure hurbilekoak zuzenean edo zeiharka hunkitzen ahal gaituztenak! Larrazken honetan, politika saileko gertakariek, bereziki Kataluniakoei lotuek, leku handia hartu dute, Eguzki Urteaga Iparraldeko soziologoaren ikusmolde argiak lagun.

Sujet orokorretan, nola utzi azpimarratu gabe abenduaren 5ean barnatua izan den hau? Bortz urte guziez Europako 50 herrialdetan egin ikerketen arabera, apalduz omen doa haurrek behar bezala irakurtzeko gaitasuna. Ondorioz, beheititzen ari omen da irakurgai luze baten erran-nahia...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016