Egun eta bihar | 2017ko Abenduaren 21a

Palavra Viva

Beñat Soulé

Palavra Vivako lau kide
Palavra%20Vivako%20lau%20kide

Palavra Viva, izen arrotza hain segur asko irakurlerentzat.

Palavra Viva, izen arrotza hain segur asko irakurlerentzat. Euskararat itzuliz eman dezake "Hitz bizia" edo kasu huntan hobeki "Engaiamendu bizia". Izen horrekin ezagutzen dugu orai Baionako diozesan emazteki gazte talde bat. Talde hunen berezitasunak: ez dira serorak, baizik laiko batzu bizi kontsekratu batean. Emazte gazte horiek hitza emana dute edo engaiatuak dira beren bizi guzirako jende xumeen moldean bizitzerat, Ebanjelioaren hedatzerat, beti garbi egoiterat, obedientzian segitzerat eta otoitzari jarraikitzerat. Sei kidek osatzen dute diozesa huntako taldea, Brasildarrak dira sortzez, 25-30 urte arte hortan denak, Baionan bizi eta ez dute hemen gaindi beren familiako nihor. Halere segereturik sobera salatu gabe, baten izen ttipia Naiara da, izen bat Euskal Herrian orai hedatua dena eta beste baten abizena Duharte, hau ere hain segur garai batean Hego Ameriketarat joan zitaikeen euskaldun zonbaiten ondokoetarik.

Aipatzen dugun misionest lan hortaz bestalde ez dute bertze ogibiderik. Seietarik lauk aste oso bat pasatu dute duela zonbait aste Errobiko Salbatore parropian. Bisitatu dituzte bi ikastetxe giristino, Uztaritzeko San Frantses kolegioa eta San Josep lizeoa, bakotxari hiru oren laurdenez beren lekukotasunak ekarriz, beren mezua hedatuz. Harrera biziki ona ukan dutela ikasle eta irakasleenganik aitortu dute. Bisitatu dituzte parropiako abesbatza, erretira etxe pare bat, katiximako haurrak beren irakasleekin, hein hortako haurrer doatzin hitzak erabiliz. Familia zonbaiten baitan ibili dira, arratsetan bereziki. Denbora berean Brasilgo bizimoldeaz eta hango ohidurez aberastu gaituzte, zonbait dokumentu zabalduz eta azaroaren 11n, larunbat arratsarekin, Lapurdi gelan eman kantaldiarekin. Egunero mezan parte hartzen zuten parada zutela hor parropiako bost elizak ezagutzeko. Azaroaren 12ko mezan lekukotasun oso hunkigarria ekarri dute apezaren hitzaldiaren ondotik, batek lehenik portuges hizkuntzan emanez eta lagun batek segidan frantseserat itzuliz. Alabainan dabilaten hizkuntza portugesa da eta oraino lauetarik bik ez dute beste hizkuntzarik menperatzen. Emazte talde hau Baionako apezpikutegiaren babesean bizi da. Misionest moduan ibiltzen dira parropiek gomitaturik. Jada Uztaritzen izanak ziren 2014ko Eguberri inguruan. Molde berean ibiliak ere dira Kanbon, Miarritzen, Hendaian, Donibane Lohizunen, gehien bat Lapurdi Kostaldean. Gogoa dute ere barnekaldeko parropietarat eta ere Biarnorat gehiago sartzeko.

Erkidegoaren sortzea

Palavra Viva sortua da 1995ean Brasilen, Curvelo hirian, Alysson Norberto Da Costa sortzailearen inguruan, dozena bat laikorekin. Ihauteriko besta batzuren ondotik ohartu ziren hango bizimoldean Ebanjelioak bazuela nun zer egiteko. Bainan laiko horiek ba ahal zuten ahala Berri ona zabaltzeko? Vatikano II kontzilioak erantzuna jada ekarria zuen: Zeruak mandatu bat eman du elizari mundu osoan Berri ona hedatzeko eta dizipuluak lortzeko. San Frantses Asiskoaren eta Jesus Haurraren Teresa sainduaren biziak beti dira Palavra Vivarentzat etsenpluak eta indar handienak hartu bidean. Brasildik atera dira emeki-emeki eta 2003an hedatzen hasi Europan, bereziki Frantzian (Avignon, Périgueux, Lyon, Baiona) eta Italian (Lugano, Erroma). Lehenbiziko lau kide Baionara etorri ziren 2010ean eta beren misionean finkatuak 2011ko martxoan katedralean izan zen meza berezi baten ondotik. Beren lekukotasunen eta beren fedearen garra ikusiz dudarik ez da behar gutarik bakotxak dugula oraino gure bizian zer ikasia.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Egun eta bihar | 2017/12/21

Joan da

J-B D.

Xavier Bertrand (arg. Thomas Bresson)
Xavier%20Bertrand%20(arg.%20Thomas%20Bresson)

Eskuinaldeko politikari ezagutuenetarik da Xavier Bertrand, Frantzia iparraldean lurraldeburu dena.

Irakurri segida

3430. zbk

Eguberri on!

HERRIA

Gure Hitza | 2017/12/21

Ahoz aho

Jean-Louis Harignordoquy

Euskal telebistako emankizun interesgarri baten izena da "Ahoz aho".

Euskal telebistako emankizun interesgarri baten izena da "Ahoz aho". Amaia Cayero eta Ilazki Serrano bizkaitar aurkezle gazteek gomitatzen dituzte gizarte gaietan adituak dauden unibertsitateko irakasle, legelari eta politika arduradun zonbait. Astelehenetik ostiralera arratsalde erditik goiti, guzien ahotan dauden sujetak ikertzen eta eztabaidatzen dituzte. Batzuk Euskal Herrikoak, besteak mundu zabalekoak; pentsa zonbat mintzagai eta berri mota baden guhaur edo gure hurbilekoak zuzenean edo zeiharka hunkitzen ahal gaituztenak! Larrazken honetan, politika saileko gertakariek, bereziki Kataluniakoei lotuek, leku handia hartu dute, Eguzki Urteaga Iparraldeko soziologoaren ikusmolde argiak lagun.

Sujet orokorretan, nola utzi azpimarratu gabe abenduaren 5ean barnatua izan den hau? Bortz urte guziez Europako 50 herrialdetan egin ikerketen arabera, apalduz omen doa haurrek behar bezala irakurtzeko gaitasuna. Ondorioz, beheititzen ari omen da irakurgai luze baten erran-nahia...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016