Han eta Hemen | 2019ko Ekainaren 27a
Irakurleak mintzo: Alemanak Arnegin
JB. Etxarren-Lohigorri
1940 urte dohakabera begiak itzuliz, haurtzaroko oroitzapen parrasta bat gogoratzen zaizkit. Lehenik, maiatzaren 10eko ortzantz karraska hura, noiz eta ere egunkariek eta irratiek Alemanen ofensiba zabaldu baitzaukuten, denak harriturik utziz. Hitz horren erroaren arabera, "harri bilakaturik". Erdaraz: "pétrifiés". Aitak igorri ninduen auzo bati berria jakinaraztera. Verduneko gerlari ohia bereak gogoan gelditu zen, kopeta murritz. Beharbada bere baitan erabiliz garaipen harek balio herrestorik ukan zukeenez. Nahiz bat ala bertzea neutro izan, Holandan eta Belgikan alemanak sartu ziren. Gero Frantziari buruz jeutsi, Ardennes- etako oihanetan gaindi aisexka ibiliz. Alta aspaldian oihukatua zaukuten jeneral ospetsu batzuk aleman tankek ez zutela hor gaindi ibiltzeko lanik izanen, hain ziren zuhaitzak elkarri hurbil emanak. Beraz Maginot gaztelu luzea hor geldiarazia zuten, zernahi gostaia baitzen ordu arte. Alta itsasoraino heldu izan balitz, ate guziak hetsirik kausituko zituzten alemanek, Frantzian sartzeko tenorean. Zorigaitzez, zenbait egun barne, Frantzian sartuak ginituen alemanak, nehork ezin atxikiak beren bultzadan, zuhaitzak tankek lorietan uzkaili ondoan. Gero nahi ukan zituzten Belgikan jadanik sartuak ziren ingeles eta frantsesak inguratu, itsasoari buruz berriz goiti joanez eta zepoan harrapatuz. Orduan zen gertatu Dunkerqueko untziratze hura, ingelesak Ingalaterrara buruz eskapatu beharrez ari, bai eta, heieri datxikola, frantses soldadu andana bat. Ez du aspaldi film batek gertakari hori oroitarazi daukula xeheki. Alta Paul Reynaud lehen ministroak irratian ibili solasen arabera, ez zen etsitzekorik. Jendea balakatu nahi zuen, berak untsa jakinik ere guduka gelditzen ari zuela Frantziak. Auzo zenbait elkarretaratuak baitziren mintzaldiaren entzuteko, bururatzean "Marseillesa", ohi zen bezala, irratiak zabaldu zuen. Heietarik bat zutitu zen, txapela eskuan. Bertze batek aldiz: "Holako solasen entzuteko, jarririk ere egoiten ahal gaituk!". Azkenean denak zutik eman ziren, hilak ziren soldaduen oroitzapenez. Batek, goiz hartan, erran zuen: "Laster alemanak Arnegin ikusiko ditugu. Zer? Gure oihan beltzen ikusterat jinak? Alemanian berean badute, bai, oihanik aski!". 14-18ko gerla garaian Alemanian preso egona, hango berri bazakien. Gero jakin ginuen Petain marexalak galdatu armistizioa onartu zuela Hitlerrek. Herriko Etxean bandera emana izan zen, xingola beltz batez apaindua, dolu seinale. Gu, Uharteko haurrak, auzoko lagunekin joan ginen Arnegiko biderat buruz, harroka baten ondoan geldituz, erdi gorderik. Bat-batean, burrunba alimale bat urrunerat! Eta begien aitzinean, harriturik, aleman motoristak ikusi ginituen, zeingehiagoka batean bezala, Arnegira buruz ari, ekain hartako zipiltzeko beroaren pean. Gero jakin ginuen alemaneri egin ongi etorria Arnegiko mugan, Espainiako agintarienganik, batzuk eta bertzek besoa gora altxatuz. Bi urratsetan, Arnegiko elizaren kalostrapean, Robert Auzqui sarjentuaren kutxa, apezgai bezala han hobiratua. Aleman bala batek kausitua zuen aitzineko azaroan. Eta hura bezala, ehun milako bat pasa, geroztik debaldetan hilak. Kalostrape hartarik beretik, JB Donetch erretora lau urtez alemanen barrandan egon beharra zen, iheslariak Espainiarat pasa zitezen, beren laguntzaileekin batera. Herio-zigorra Robert Badinter- ek baztertu zuen, duela lau hamarkada. Eta gerla izanez herio-zigor orokor bat, noiz desagertuko da ote? Jadanik duela ehun bat urte, Aristide Briand-ek galdatu zuen gerla legez kanpo emana izan zadien. Debaldetan, zorigaitzez.















