Herriz Herri - Hazparne (L) | 2019ko Ekainaren 27a
Hazparne
Bero handien menturan
Bero handirik gertatzen balitz prest izaiteko eta molde egokian buru egiteko, Hazparneko sozial zentroak adinetakoen eta bakarrik bizi diren enbaldituen izen biltze bat apailatzen du. Prebentziozko izen biltze horren helburua da, behar orduan, nor izan daitekeen laguntzeko berehala jakitea. Segurtasun horren ukaiteko, 65 urtez goiti dutenek edo enbaldituek zentroan eman behar dute izena 05 59 70 29 07 zenbakira deituz goizetan (09:00-12:30).
Zerga etxean
Aurten izan den zerga altxatzeko molde aldaketarekin, batzuendako xehetasun eskasa izan daiteke. Hortarako zerga etxeak ondoko hitzorduak emaiten ditu, bere arrengurak aipatu nahi dituenarentzat. Uztailaren 8an, agorrilaren 5ean eta irailaren 9an. Egun horietan harat joaitea aski da goizetan (09:00-12:00) edo arratsaldetan (14:00-16:00).
Jean Lissar edo Meriako karrikan
Urte hastapenean saltegi berri batek ateak ideki zituen: pizza, talo, panini eta kebab-ak proposatzen ditu. Edariak ere badira bistan dena. Saltegi horren jabea Txomin Urrutia deitzen da, formakuntzaz sukaldaria. Egun guziz idekia da eguerditan bi orenez eta berriz arrestirian (18:00- 22:00). Hortik bi urratsetan, berriki, Maider Voyer- Hittak ideki du, te saloin bat eta denbora berean tokiko produktu goxo batzuen saltzeko gune bat: Liliren etxea. Kalitate handiko te, kafe eta tisana edan daiteke. Euskal bixkotxak, muxuak, kanugak... hor berean jateko edo eramaiteko dira. Bestalde etxeko xokoleta eta izozki ahotik ezin utziak ba omen dira ere. Egunero idekia da, asteartetan salbu.
Marmau
Marmauko bidexka, 5km-ko ibilbide bat da. Badu zonbait urte, gune hori biziarazi nahiz dabilala izen bereko elkartea. 2012tik geroz, kultura eta natura josten dituzten proiektuak izan dira. Orai hats berri baten beharrean izanki, elkarteak deliberatu du profesionalago izaitea eta proiektua sinplifikatzea. Urrats hori bi alditan eginen da. Aurten elkarteak bi artista egonaldi proposatuko ditu eta hauek, "atea" gaia harturik, urte guzian hor egonen diren obrak sortuko dituzte. Billy de Manaye eta Tomas Loyatho dira delako artistak: ekainaren 27tik uztailaren 24era tokian lanean ariko direnak. Ibiltariekin gogotik mintzatuko dira. Uztailaren 19an aurkeztuko dituzte egin obrak. Heldu den urtean ibilaladia berriz proposatuko da obra andana batekin. Segitu beharko den afera bat.










