Herriz Herri - Jutsi (NB) | 2020eko Urtarrilaren 16a

Jutsi

P.L.

Gertakari lazgarria Urteko bigarren eguna, zoinetan batzuk eta bertzeek ari diren oraino urte onaren desiratzen elgarri. Bainan ortziaren pare, malurra sartu da Negelartean. Goiz hondarrean, Mirentxu Barbaste 38 urtekoa eta bi haurren ama, lasto paketa bati tiraka ari zelarik ardien iraurtzeko, balota osoak segitu du eta emazte gaztea lurrerat bota, buruan kolpatuz. Suhiltzaile eta helikoptero etorri dira eta Baionarat eraman dute, salbu astirian, bere zaurien ondorioz, azken hatsa emaiten zuen. Harridura denetan hedatu da, hoinbertze zen Mirentxu ezagutua, maitatua eta estimatua. Sortzez Berrouet Senperekoa, Larzabaleko "Bizideki" ahaldun ttipikoen zentroan langile egona zen; gero, Lescar-erat joan eta orai Espiute herrirat hurbildua zen, zerbitzuko zuzendari kargua eramanez. Hiru tokiak, ber helburuaren inguruan elgarri josiak baitira, Mirentxu ezagutu duten guzien ahotan, bere kalitate handiak baizik ez ziren entzuten. Mirentxu langilea zen eta jendekilako harremanetan, paregabeko jitea zuen. Biziki eztia izaiteaz gain, beti laguntzeko prest, eta ikasteko gogoarekin aitzina ari zen. Ezagutu dutenek zioten, eguneroko iduzki izpi bat zela Mirentxu. Mezara hurbildu da, sekulan Jutsin bildu ez den jendezione ikaragarria. Holako gertakarien aitzinean senditzen dugun neurriz kanpoko ezintasunaren hein bereko jendezionea: lapurtar, baxenafartar, xiberutar, biarnes, emazte, gizon, adinetako, gazte, haur. Denak penatuak. Meza denboran, otoitzek, lekukotasun hunkigarriek eta dolu-kantuek biltzen gintuztelarik, bat baino gehiago ohartu ditaike, nola meza denbora guzian, iduzki izpi azkar batek, berina trebeskatuz, aldarea argitzen zuela, Mirentxuri agurra, esker onezko mila izar argiz jantziz. Mirentxuren senarrari Olivier, haien bi haur ederreri, burasoeri, bere haurrideeri eta sendi osoari, dolumin bizienak eskainiak izan ditezela. Mirentxu anitzen gogoan egonen da; ahal dugun heinean, gure bizi xumeetan Mirentxuren baloreak, gure eginez. Hurbiletik hunkiak direnek aitzina segitzeko indarra ukan dezatela.
Email Facebook Twitter LinkedIn

3531. zbk

Napoli ikusiz geroz hiltzen ahal zira gustuan gauza ederragorik ez da nihun ikusteko.

Italiako erran zaharra

Gure Hitza | 2020/01/16

Herria kazetaren inkesta Eta makila klaskak

Peio Jorajuria

Lerro hauen izenburuan aipatuak diren inkestak eta makila klaskek ez dute elgarrekin deus ikustekorik. Irakurle, zutabe hau aitzina irakurtzen baduzu, fite konprenituko duzu bi gai desberdinez ari naizela hor. Goazen bada. Aspaldi bazuen Herria honek ez zuela inkestarik egin bere barneko aferez. Azkena, uste dut, 1996an, Gilen Irigoin orduko kolaboratzaileak kudeatu zuena. Kasik mende laurden bat! Menane Oxandabaratz oraingo idazleburuak nahi izan du inkestaño bat bultza dezagun, sinplea bezain adierazgarria, jakin nahiz gaur nolakoa daukazuen euskal astekari hau. Badakigu irakurle bakoitzak aurkitzen duela astekari hontan bere bazka, gustukoa hartuz eta gaineratekoa baztertuz. Zeren belar onaren artetik baita beti belar txarrik ere, edo txarra ez baldin bada ere, bederen gustu gutiagokoa. Eta hain zuzen, batentzat ona denak bertze bati gustu karatsagoa edo beharbada ilaunagoa utziko dio, eta alderantziz. Eta badira menturaz alor batzuk kazeta honek egundaino...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016