2020a ere jin zauku beraz.
Egun, jauzi batez joaiten bagine
ehun urte gibelka, behako bat
emanez 1920 urteari. 14ko gerla
ikaragarri hura bururatu berria
zen, bake-hitzarmena aitzineko
ekainean izenpetua. Bazterrak
minbera zauden haatik, denek
gogoan zituztela gerlak egin
makurrak, hainbeste hil eta
hainbeste kolpatu, hainbeste
etxe, funts eta ontasun itsuski
fundituak. Askoren esperantza,
holako gerla izigarri baten
ondotik, mundua hein bat zentzatuko
zela eta etzela gehiago
gisa hortako gerlarik sekulan
izanen. Maluruski, badakigu
hogoi urteren buruko beste bat
jin zela, izigarria hura ere!
Dena den, 1920an zernahi
obrari lotu ziren karraskan. Eta
bazen nun josta segur! Denbora
berean, nazioarteko bilkura
zonbait akulatuak izanik, xutik
ezarri zen bakearen aldeko
egitura berezi bat, oraiko ONU
delako horren egitekoa nolazpait,
bainan biziki mottel agertu
zena haste-hastetik, buru zuela
frantses politikari bat, Léon
Bourgeois, bazterren harrotzerat
lehiatu zena kartsuki bainan
kasik debaldetan. Nahiz
urte hartan berean ardietsi zuen
bakearen Nobel saria.
Treinetik erori
Frantzian, politikaren aldetik
urte nahasia izan zen. Urtarrilean
president-bozak izan ziren. Anitzek
uste zuten Georges Clemenceau
gobernuburua, "14ko
gerlaren irabazlea", ardura hola
deitzen zuten, aise nagusituko
zela bainan deputatuek etzuten
naski hain maite eta beste
politikari bat hautetsi zuten
Paul Deschanel zenaturren biltzarburua.
Historialari frangoren
arabera, president-bozak oraiko
moldean egin balire, jende guziak
boz-emaile, Clemenceau
airez-aire nagusituko omen zen.
Biharamunean berean, Clemenceau
arrunt gaitzitua agertu zen,
gobernuburu kargua utzi zuen
eta politikari alde bat uko egin!
Alexandre Millerand izendatua
izan zen gobernuburu. Hainbestenarekin,
bazterrak laster ohartu
ziren Deschanel presidentak
arrangura handiak bazituela
osagarriaren aldetik. Artetan burua
galtzeraino! Uztailean, gau
batez, Pariseko aldean treinez
bazoalarik, treinetik erori zen.
Arras planta txarrean kausitu zuten.
Berria ahal bezenbat gorde
zen bainan azkenean denek
jakin zuten. Irailean, nola etzen
batere hobeki, bere president
karguaren uzterat ekarria izan
zen. Alexandre Millerand izan
zen orduan segida hartu zuena
eta Georges Leygues jarri zen
gobernuburu. Ez idurika, aldaketa
andana bat beraz urtearen
buru batetik besterat.
Warren Harding
Gaur egun, izen hori anitzek
arrotza
dukete gure artean.
Bizkitartean, denbora batez
Warren
Harding aski famatua
izan zen, 1920an hura zen president
hautetsia izan Ipar-Ameriketako
Estatu Batuetan. Anitzen
ustez, ustegabeko emaitza,
zonbait hilabete lehenago etzelarik
hanbat ezagutua.
Bere lau urteak etzituen haatik
bete. Alaska eskualdean izan
zen batez, han hozturik eritu
zen eta laster hil zen. Estatu
Batuetan anitz eta anitz aipaldi
ukan zuen beste gertakari bat
hauxe izan zen: 1920ko urtarrilean
martxan ezarri zuten, aitzineko
urtean hartu erabakiak
berme, lege berri bat arnoa eta
alkoholarekilako edariak arrunt
debekatzen zituena. Dozena
bat urte iraun zuen legea.
Bestalde, 1920a urte nahasia
izan zen asko eskualdetan.
Gerla, jazarkunde eta beste nahasmendu,
hala nola Armenian,
Palestinan eta Xinako aldean.
3531. zbk
Napoli ikusiz geroz hiltzen ahal zira gustuan gauza ederragorik ez da nihun ikusteko.
Lerro hauen izenburuan aipatuak diren inkestak
eta makila klaskek ez dute elgarrekin deus
ikustekorik. Irakurle, zutabe hau aitzina irakurtzen
baduzu, fite konprenituko duzu bi gai
desberdinez ari naizela hor. Goazen bada.
Aspaldi bazuen Herria honek ez zuela inkestarik
egin bere barneko aferez. Azkena, uste
dut, 1996an, Gilen Irigoin orduko kolaboratzaileak
kudeatu zuena. Kasik mende laurden
bat! Menane Oxandabaratz oraingo idazleburuak
nahi izan du inkestaño bat bultza dezagun,
sinplea bezain adierazgarria, jakin nahiz
gaur nolakoa daukazuen euskal astekari hau.
Badakigu irakurle bakoitzak aurkitzen duela
astekari hontan bere bazka, gustukoa hartuz
eta gaineratekoa baztertuz. Zeren belar onaren
artetik baita beti belar txarrik ere, edo
txarra ez baldin bada ere, bederen gustu gutiagokoa.
Eta hain zuzen, batentzat ona denak
bertze bati gustu karatsagoa edo beharbada
ilaunagoa utziko dio, eta alderantziz. Eta
badira menturaz alor batzuk kazeta honek
egundaino...