Berrikitan, Azkaingo koralak eztabaida
bat izan du euskararen tokiaz
bere kantuetan. Erdaldun batzuek
irekidura eta unibertsaltasuna aipatzen
zuten, hau frantsesaren bitartez
egin litekeena, bistan da. (Munduko
biztanleetarik %4ak du mintzatzen
frantsesa)
Gogoeta batzuk eginik hauxe
partekatu nuen, titulu hunen pean
"Unibertsaltasunari idekitzeaz".
Onartu behar da euskaradunak biziki
idekiak direla: erdaldun bat badagoelarik
haien artean, euskara uzten dute,
jendetasunez, eta frantsesez mintzatzen
dira. Ikusiz kostalde huntan zenbat
aldiz kasu hori gertatzen den (bilkura
publikoetan eta gizarte bizitzan
100etarik 99tan), erran daiteke, ororen
buru, idekiduraren izenean euskarari
hara-kiri egitea galdetzen zaiola.
Erdaldun batzuk ohartzen dira, egiteko
manera horrek euskara heriotzara
daramala goiz edo berant;
onartzen dute, haien inguruan, jendea
bere ama hizkuntzan mintza dadin,
istant bat bederen, eta hori itzulpena
baitezpadatu gabe. Eskertzen ditugu
beren izpiritu idekiarentzat, eta beren
enpatiarentzat, irudikatu baitute zer
sentituko luketen egoera bera bizi izan
behar balukete: frantsesa, beren ama
hizkuntza utzi bazterrera eta...
unibertsaltasunaren izenean ingelesez
mintzatu. Elizaren unibertsaltasunaz
mintzatzean oroitarazi behar da
Vatikano II kontzilioak bat egiten duela
mintzaira eta kultura desberdinen
errespetuarekin; nagusi direnen
eta menpe ezarrien errespetuarekin.
Bertzeri idekitzea ez da sentsu batean
baizik egiten. Azken hamarkada hauetan
maiz eztabaidatu gaia dugu hori:
berpizten da, kasik frantses etorkin
berri bat gure artera heldu zaigun aldi
oroz.
Molères apezpikuaren inguruan
bildu zen 1992ko diozesako Sinodoak
argiki erran zuen, 29. orrian:
"Eskualde huntako elizak kontutan
hartuko du diozesa aberats dagoela
bizirik den euskal kultur batez. Euskal
Herrian, Elizak, unibertsala delakoz,
segituko du, euskal kulturaren garatzen
eta horren ekarpenez bere buruaren
aberasten. Saiatuko da gizarte baketu
baten zaintzen, berdintasunean,
kulturen errespetuan, harreran eta
gurutzatzean oinarrituz.
Parrokiako apezeri ere zabaldu
zen gogoeta hori. Galde hau sortu
zen: nola egin hainbertze erdaldun
badagoelarik gure elizetan?
Tendentzia naturala (edo bederen
usaiakoa) dugu, mikro baten aitzinean,
frantsesez hastea. Gainera maiz
gure elizetan, jendeari zuzenean zerbait
erran behar zaiolarik frantsesa
erabiltzen da, euskara atxikitzen delarik
kantuentzat, kontsekrazioneko...
Gisa hortan iragan dira aurtengo
Omiasainduko bezperak; bizkitartean
%98ak euskaldunak ginen. Orai arte,
bezpera horietan, gure arteko goxotasun
bat aurkitzen genuen, apeza kasik
euskara hutsean ari zen; etxean bezala
sentitzen ginen. Aurten ez zuten gostu
bera euskal salmo zoragarri horiek.
Bide horrek laster sentimendu huntara
eremanen gaitu: gure mintzaira
ukatua dela, haren goxotasuna ezin
dugula goza... ondoko urratsa, menturaz,
euskal kantua utzi eta frantsesez
kantatu, politeziaz hau ere... Alta,
Euskal Elizak, otoiz egiteko baliabide
zoragarriak sortuak eta sortzen ditu.
Bizirik diraute eta agian transmitituko
dira. fedeola.eus webgunea altxor
horien biltzen ari da, ondoko belaunaldiek
balia ditzaten, zuzenean bai
eta ere tresna modernoenen bitartez.
Politika eta gizarte eragileen arteko
ekitaldi ofizialetan, gero eta gehiago,
hitz hartzeak euskaraz hasten dira.
Euskaldunaren bihotza pozten du hola
aritzeak eta jendeak bozkario sentitzea
beharrezkoa du. Bigarren urrats
batean erdaldunak ulertzeko gisan
ere mintzatu behar dela dudarik
ezta. Ez behar bada gauza ber-bera erranez,
euskaldunen arteko konplizitate
bat atxikitzea on da, erdaldunak izan
dezan euskararen ulertzeko gutizia eta
haren ikasteko gogoa, doi bat bederen.
Mila koloreko mundu hau Jainkoaren
obra dela dio giristinoak. Urte
berrikari, apezak gomendatzen zuen
hauxe opatzea lagun proximoari: "Ez
nik nahi dudana, bainan Jainkoak
nahi duena harentzat."