Euskal diaspora | 2020eko Urtarrilaren 16a

Danborrada donostiarraren adarrak munduan barna

Joseba Etxarri

SAN SEBASTIAN BESTA. Heldu den astelehena urtarrilaren 20a da, San Sebastian eguna, jakina denez danborrada eguna eta besta nagusi tenorea Donostian. Egun osoan, asteleheneko 0:00etatik 24:00ak arte, milaka eta milaka danborjotzaile ibiliko dira Gipuzkoako hiriburuko karriketan, gau eta egun, auzo eta barruti guzietan, XIX. mendean bereziki egun huntarako Sarriegi musikagile donostiarrak sortu aire eta piezak jotzen, ondoko egun eta asteetan Kalderero besta (aurten urtarrilaren 1ean) eta ondotik Ihauteriak (otsailaren 20tik 25era) jinen direlarik, lehenengo bi bestak hirugarrenaren iragarle eta aitzindari. Euskal Herriko beste ohidura eta besta batzuk, bezala Donostiako San Sebastian bestak eta danborradak baditu Diasporan, munduko euskaldunen artean, isla eta oihartzuna, ez bakarrik baina bai bereziki Argentinako Necochean eta Mexikoko Mexiko Hirian. NECOCHEA, ARGENTINA. Necocheako Euzko Etxeak aste osoko programa antolatzen du urte guziz San Sebastian ospatzeko. Uda sasoia da Argentinan, eta beroa urteroko lagun dute. Necochea itsaso ondoan den turismo hiria denez, turistak ere era kartzen dituen hitzordua da Necocheako Danborrada. Aste huntan, 16tik 19ra, Gizataldeen Jaia eginen du Hiriak, eta Euzko Etxeak hor ezarri duen stand-ak Danborradaren erakustaldi bat eginen du. Ondotik, aurten, San Sebastian Astea, 20tik 25era izanen da, eta tartean ukanen ditu Meza, Trikipoteoa hiri erdigunean, Pintxo Eguna, erromeria eta, ekitaldi nagusia, Danborrada. Euzko Etxeko areto nagusia Donostiako Konstituzio Plazaz beztituko dute, eta egiazko Danborrada ederra aterako da, egiazkoak baitituzte eginiko lana, ilusioa, izerdia eta Donostiako izpiritu eta gogo necocheatarra. MEXIKO HIRIA, MEXIKO. Mexiko Hirian ere serios hartzen dute San Sebastian besta. Ez dute astebeteko programa antolatzen, baina elgarrekin afaltzen dute Euskal Etxean, eta afaria bururatzean Danborrada sartzen da aretoan, mahaietan den jendeak ere laguntzen duelarik. Hemen ere aitzinetik errepikak eginak dituzte, eta zinez Euskal Etxeko ohidura eta tradizioetan errotua den besta eta elgarretaratzea dute Danborrada eta San Sebastian besta. Aurten 20a, astelehena eta lan-eguna denez, ospakizuna aitzineko ebiakoitzera ekarri dute eta, beraz, aurten urtarrilaren 18an, heldu den ebaiakoitzean eginen dute. MUNDUAN BARRENA. Seguruenik behinenak, baina ez pentsa hauek direnik besta honen karietara munduko euskal etxeetan eginen diren hitzordu bakarrak. Madrilen (helduena eta haurrena), Bartzelonan, Valladoliden, Parisen, Caracasen ere egiten dira.... Txinako Shanghain, konparazio, danborrada polita antolatu ohi du Euskal Etxeak 2011etik hunat hiri zaharreko karriketan barrena. Argentinan, famatua da Cañuelasekoa, nahiz eta Aste Sainduan Aberri Eguna ospatuz karrikaratzen duten, eta urterik urte hazten doa fier Danborrada Buenos Airesen, Villa Marian, Bahia Blancan... aitzina beti. San Sebastian Martxak hala dio, Bagera!
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3531. zbk

Napoli ikusiz geroz hiltzen ahal zira gustuan gauza ederragorik ez da nihun ikusteko.

Italiako erran zaharra

Gure Hitza | 2020/01/16

Herria kazetaren inkesta Eta makila klaskak

Peio Jorajuria

Lerro hauen izenburuan aipatuak diren inkestak eta makila klaskek ez dute elgarrekin deus ikustekorik. Irakurle, zutabe hau aitzina irakurtzen baduzu, fite konprenituko duzu bi gai desberdinez ari naizela hor. Goazen bada. Aspaldi bazuen Herria honek ez zuela inkestarik egin bere barneko aferez. Azkena, uste dut, 1996an, Gilen Irigoin orduko kolaboratzaileak kudeatu zuena. Kasik mende laurden bat! Menane Oxandabaratz oraingo idazleburuak nahi izan du inkestaño bat bultza dezagun, sinplea bezain adierazgarria, jakin nahiz gaur nolakoa daukazuen euskal astekari hau. Badakigu irakurle bakoitzak aurkitzen duela astekari hontan bere bazka, gustukoa hartuz eta gaineratekoa baztertuz. Zeren belar onaren artetik baita beti belar txarrik ere, edo txarra ez baldin bada ere, bederen gustu gutiagokoa. Eta hain zuzen, batentzat ona denak bertze bati gustu karatsagoa edo beharbada ilaunagoa utziko dio, eta alderantziz. Eta badira menturaz alor batzuk kazeta honek egundaino aip...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016