Gure Hitza | 2022ko Abenduaren 08a

BERTSU GIROAN

Jean-Louis Harignordoquy

Beti izan dira bertsuari graziarik hartzen ez dioten euskaldun zonbait, ez zaiotelako ulergarri iduritzen. Hortarako, bere denboran, Piarres Lafittek izkiriatu zituen bertsugintzaren arauak. Aise berantago, zendu berri den Jean-Pierre Mendiburu heletar bertsulariak liburu batean gauzarik beharrenak esplikatu zizkigun. Gipuzkoan Xanti Iparragirrek abiatua zuen ildotik, geroago Ernest Alkhat eta Aitor Sarasua goizegi zenduen ikasle ohiak dira gaur ezagunak diren Iparraldeko bertsulari eta bertsuzale frango. Oroit gaiten bertsulari onak ziren lehen erakasle haiek erein hazitik datorrela oraingo emaitza.

Nahiz bertsularitza ez den xapelgoetara mugatzen, nola ez aipa Iruñean beharra den gertakari historikoa. Nafarroa Arenan jokatuko den Euskal Herriko Bertsulari Txapelketaren azken haitadan milaka bertsuzale bilduko dira. Euskal irratiek eta telebistak zuzenean hedatuko dituzte goizeko eta arratsaldeko saioak. Ikusirik kanporaketen arrakasta, azken haitadako giro beroaren menturan gaude.

Egiazko artea da bertsulariak ukan suieta bat-batean barneratu eta bertsuka aipatzeko ahala, esaldi sakon, xorrotx, ongi neurtu eta errimatuak asmatzeko eta kantatzeko ausartzia. Biziki konda da kantukideak erranari ihardesteko moldea, nehondik ahalaz betegailurik eta potorik gabe. Garrantzizkoa da bertsuko azken lerroa buruan atxikitzea. Bertsulariaren nortasuna eta doinu ezberdinen menperatzeko trebezia ere bai. Pundu gehiena eskuratuko duten bi lehenak buruz buru arizan ondoan, epaimahaiak izendatuko du 2022ko txapelduna. Kanporaketek eta finalerdiek erakutsi dute ariketak eginaren bortxaz trebatu bertsulari gazte eskolatu horiek burua eta ideiak argi dituztela. Bertsulari gazteek gazteria erakartzen duten heinean, ezin uka berme bat direla bertsularitzaren etorkizunarentzat. Bidenabar, lagungarri dira beren euskara maila hobetu nahiz dabiltzan entzuleentzat. Horrez gain, frogatzen dute euskaraz aipa ditaizkela mende berri hontako gai mota guziak. Abenduaren 18an azken haitada Iruñean iragaiteak Nafarroako euskaldungoari bultzada eder bat emanen dioke. Han kantatuko duten zortzi bertsulariak hurrengo hilabeteetan ezker eta eskuin galdatuak izanen dira saioen antolatzaileenganik. Xapelgoan baino lasaiago izanen dira libroki kantatzeko, irri eginarazteko, zerbaitetan hutsegiteko beldurrik gabe.

Haatik, gibelago geldituak edo txapelketan lehiatu ez direnak ez litaizke plazan kantatzetik baztertu behar. Ez hain aspaldi arte, ohidura zen herrietako bertsu saioetara inguruko bertsulariak urrunagokoekin taula gainera iganaraztea. Mailik gorenera hupatu ez diren laborari, langile bertsulariek ere badute entzuleari zerbait eskaintzeko.

Har dezagun musika arloa! Bakoitzak beren sailean daukaten dohain ikaragarriari esker, Enrike Zelaia edo Ansorena entzuten oren miresgarriak iragan ditzazkegu. Bainan hain famatuak ez diren eskusoinulari eta txistulari asko ere atsegingarri zauzkigu.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3673. zbk

Gure Hitza | 2022/12/08

BERTSU GIROAN

Jean-Louis Harignordoquy

Beti izan dira bertsuari graziarik hartzen ez dioten euskaldun zonbait, ez zaiotelako ulergarri iduritzen. Hortarako, bere denboran, Piarres Lafittek izkiriatu zituen bertsugintzaren arauak. Aise berantago, zendu berri den Jean-Pierre Mendiburu heletar bertsulariak liburu batean gauzarik beharrenak esplikatu zizkigun. Gipuzkoan Xanti Iparragirrek abiatua zuen ildotik, geroago Ernest Alkhat eta Aitor Sarasua goizegi zenduen ikasle ohiak dira gaur ezagunak diren Iparraldeko bertsulari eta bertsuzale frango. Oroit gaiten bertsulari onak ziren lehen erakasle haiek erein hazitik datorrela oraingo emaitza.

Nahiz bertsularitza ez den xapelgoetara mugatzen, nola ez aipa Iruñean beharra den gertakari historikoa. Nafarroa Arenan jokatuko den Euskal Herriko Bertsulari Txapelketaren azken haitadan milaka bertsuzale bilduko dira. Euskal irratiek eta telebistak zuzenean hedatuko dituzte goizeko eta arratsaldeko saioak. ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016