Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2022ko Abenduaren 08a
Euskaraldia - Téléthon - Xalbat eta Allande finalean - Hirugarren adinekoen bazkaria
Euskaraldia - Joan den ostiralean bururatu zen Euskaraldiaren hamabostaldia, dantza emanaldi batekin, Denen Etxean. Hamar bat herritar baizik ez bazen hurbildu mutxiko eta beste dantza ezberdinen emaiteko, giro ona zuten beren artean ondotik bakoitzak ekarri edari eta janariak partekaturik. Aurten Beltzuntze elkarteak 4 animazio ezberdin proposatu ditu, arrakasta handiena izan zuen Pontx pailazoak, eskola desberdinetako 125 haur hurbildu baitziren hunek eskaini euskarazko ikusgarriaren gozatzera. Eskolatik kanpo euskara ez da zorigaitzez baliatzen haurren aktibitateetan (pilota, errugbi, zango-baloi eta beste…), edo gutitan baizik. Euskararen transmisioa segurtatzekoz, euskararen erabilpena indartzea haurrekin eta helduen artean beharrezkoa dela entzun da, aurtengo Euskaraldian. Beltzuntze elkartea bide horren jorratzen ari da eta haurreri doakienez gogoetak eramaiten ditu, proposamen berri bat eskaintzeko asmoz. Gauden beha.
Téléthon- Joan den ibiakoitz goizean, 15 bat herritar motibatuk Abarratia gainerateko ibilaldian parte hartu zuten, denbora hotza edo txarra izanikan ere, téléthonaren sostenguz. Ibilaldian parte hartu izan ez dutenek oraino sostengua ekartzen ahal dute, beren emaitza Herriko Etxean utziz.
Xalbat eta Allande finalean– Esku-huska mutikoetan Abarratia batasuneko Xalbat Duhalde eta Allande Martinon pareak finala jokatuko du, artekoen mailan, heldu den igandean (16:00), Irisarriko trinketean, Denek Bat-eko Raphaël Lagourgue eta Patxi Lelandais-en kontra. Jakinez partida hunen ondotik helduek ere beren finala hor berean jokatuko dutela (17:00). Horra arratsalde eder baten mentura.
Hirugarren adinekoen bazkaria - Abenduaren 17an, Goiti Aire hirugarren adinekoen elkarteak urtearen ongi bururatzeko asmoz, bere kideak mahai on baten inguruan elkarretaratzera gomitatzen ditu. Bazkaria Auxotea ostatuan eginen da, 35€ren truk arnoa eta kafea barne: kir, kuia krema, legatza espainol moduan, pinttarra onddoekin, lursagar gratinatuak, entsalada, ardi gasna-gerezi erreximenta, bixkotx izoztua, kafea, arno beltza edo gorria. Izenak abenduaren 9a aitzin eman behar dira Jacky Biscayri (06.38.01.35.28) edo Jeanine Garrari (06.82.32.50.02).