Euskal diaspora | 2022ko Abenduaren 08a

Abendua, elgarretaratze sasoina Diasporan ere, Olentzero eta Hegaldia

Abendua_%20elgarretaratze%20sasoina%20Diasporan%20ere_%20Olentzero%20eta%20Hegaldia

MONTREAL, PALMA... Urtearen azkena hemen berean dugu, eta pare bat aste baizik ez dira falta Eguberria hel dadin. Urte guziz bezala, Diasporako euskal elkarteek aitzinatu egin dituzte heien Eguberriko bestak eta, batzuk elgarrekin eta beste batzuk banan bana, ari dira ospatzen abenduari euskal egutegian dagozkion orri eta hitzordu azpimarratuak. Jaiotzak, Olentzero eta Gabonetako ospakizunetako frango, egin dira jadanik edo eginen dituzte ondoko egunetan munduan barreiatu euskal etxeetan. Jendea azkenekoz ari da biltzen aurtengoz, ardura Euskararen Eguna, San Frantses Xabier, Nafarroaren Eguna, ikasturtearen bukaera, Gabonak eta urtearen bukaera ekitaldi bakarrean ospaturik. Asteburu huntan jinen da, konparazio, Olentzero, Quebec-eko Montrealeko Euskal Etxera, edo Palma Mallorcakora, eta igande huntan eginen dute Eguberri Besta, meza eta jaiotz biziduna San Frantziskoko Euskal Etxean. Edo 17an Bruselako Euskal Etxean. Hamarnaka dira munduan ber gauza eginen dutenak, batzuetan Santa edo Bizarzuriren bisita ere tarteko, eta gero eta gehiago Olentzerorekin, Australiatik Ingalaterraraino eta Argentinako Chascomusetik Estatu Batuetako Homedale-raino, hiri eta herrialde horietako hamaika euskal etxetan.

BAIONA... Izan ere, bi bat hilabete dira Olentzero bisitan joan zitzaiela Argentinako euskal etxeetako haur eta heldueri, Baionako 'Olentzeroren Lagunak' elkartearen espedizio batekin. Aitzol Salaberria Goñik eta bere lagunek itzuli polita egin zuten Buenos Aires, General Rodriguez, Paraná, Rosario... eta Macachin-era, euskal etxeetan haur eta familieri azaldurik solstizioko Euskal Herriko ohidurak eta Olentzeroren etorrera, baita joaldunak ere Hazparneko Joaldunaren eskutik. Bidaia haren berri biltzen duen 'Transmisioa' dokumentala abenduaren 19an estreinatuko dute Baionan, talde ttipian, eta ondotik ofizialki 21ean, asteazkenez, (18:30) Saran. Gero, urtarrilaren 14an Azkainen... Zorionak ikazkinari eta bere laguner!

ESTRASBURGORA. Hala abiatuko dira heldu den astean Paueko Lagunt eta Maita euskal etxeko Hegaldia koraleko lagunak, Alsazia aldera. Abenduaren 12tik 16rako bidaian, Europako Parlamentua bisitatu eta zenbait kontzertu emanen dituzte, 13an eta 14an Legebiltzarrean berean eta Estrasburgon, baita lehenagoko eta ondoko egunetan ere. Aupa Hegaldia!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3673. zbk

Gure Hitza | 2022/12/08

BERTSU GIROAN

Jean-Louis Harignordoquy

Beti izan dira bertsuari graziarik hartzen ez dioten euskaldun zonbait, ez zaiotelako ulergarri iduritzen. Hortarako, bere denboran, Piarres Lafittek izkiriatu zituen bertsugintzaren arauak. Aise berantago, zendu berri den Jean-Pierre Mendiburu heletar bertsulariak liburu batean gauzarik beharrenak esplikatu zizkigun. Gipuzkoan Xanti Iparragirrek abiatua zuen ildotik, geroago Ernest Alkhat eta Aitor Sarasua goizegi zenduen ikasle ohiak dira gaur ezagunak diren Iparraldeko bertsulari eta bertsuzale frango. Oroit gaiten bertsulari onak ziren lehen erakasle haiek erein hazitik datorrela oraingo emaitza.

Nahiz bertsularitza ez den xapelgoetara mugatzen, nola ez aipa Iruñean beharra den gertakari historikoa. Nafarroa Arenan jokatuko den Euskal Herriko Bertsulari Txapelketaren azken haitadan milaka bertsuzale bilduko dira. Euskal irratiek eta telebistak zuzenean hedatuko dituzte goizeko eta arratsaldeko saioak. ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016