Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2023ko Maiatzaren 04a
Pierre Etcheverryk egin balentria - Eragin Fabrikak egoitza estreinatua
Pierre Etcheverryk buruz-buruka egin balentria
Frantziako txapelketaren buruz-burukako finala Lekorneko trinket betean iragan zen, joan den igandean zortzi. Abarratia pilota elkartea ohoretan zen, lehen aldikoz helduetako lehen mailan elkarteko pilotari bat hein hortara hupatzen baitzen.
Hastapenean 23 eta 15 irabazten bazuen, emeki-emeki hurbildu zaio Vincent Bideondo urruñarra, 30. punduan berdinduz. Azkenean 40 eta 33 galdu zuen. Gaztea da, 24 urte ditu, hobetzeko denbora baduela ez da dudarik. Goresmenak hein hortara heldurik, aupa Abarratia!
Eragin Fabrikak egoitza berria estreinatua
Era Egin, era berri baten egile dela dio Xalbat Seosse-Oxarango enpresaburuak. Badu 8 urte "Eragin fabrika" sortua dela, 2015ean Elikatxo izena harturik, Bardozen. Orduan lehen fruitu ekoizpenak agertu ziren "Pressoir du Pays Basque"markarekin. Euskola, Euskal Herriko kolaren abiatzea ordukoa da. 2019an bio ziurtagiria eskuratu zuen, enpresak denbora berean eskaintza anitza garatu zuen. Ondorioz bere aktibitatea indartu zen enpresak tokiko laborariekin eta zuhaitz zaintzaleekin engaiamenduak harturik. Bardozeko Elikatxo egoitza edo enpresa ttipiegia izanez, 2022an inbertsio tresna ultra moderno baten beharra senditu zuten eta 1.700 m2-ko eraikin berriaren parioa egin. Hau Aiherran eraikitzen hasi ziren. Joan den apirilaren 22an bastimendu berria estreinatu da, Hazparne eta Aiherra artean, Mugan deitu lan eremuan kokatua. Gaur egun 15 bat gaztez osatu taldeak lan egiten du Eragin fabrikan. Kopuru hunen emendatzea dute xede.
Lantegi ultramoderno hunen teilatuan 700 iguzki panel ezarri dira, lantegiak beharra duen baino elektrika gehiago ekoizten du.
Azken berritasuna da estreinaldia aitzineko egunetan, garagardo eta beste edari alkoholdun batzuen ekoizten hasi dira, horien artean "Abarratia" (Aiherra-Izturitze-Donoztiriko mendi baten izena) euskal garagardo autonomoa. Zertako autonomoa? Euskal Herriko osagaiekin, energia berriztagarriekin eta Uhaldegaraia iturriko urarekin (Donoztiri) ekoizten baitute Aiherran. "Abarratia gure herriaren garagardo arduratsua eta eredugarria da" zioen Xalbat Seosse-Oxarango enpresaburuak.
Bururatzean, J-Jacques Lasserre departamendu buruak eta Arño Gaztanbide auzapezak hitza hartu zuten, bakoitzak bere maneran goretsiz Xalbat bezalako enpresaburuaren lana eta motibapena. Xipri Arbelbidek lantegi berria benedikatu ondoan, 80 bat lagun bildu ziren enpresa aitzineko oihalezko etxe azpian, mahai on baten inguruan. Bide on Eragin Fabrika enpresari!











