Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2023ko Maiatzaren 04a

"Labourdins" elkarteak 110 urte - Astobiaga - Informatika tailerra

Labourdins%20elkarteak%20110%20urte%20-%20Astobiaga%20-%20Informatika%20tailerra

"Labourdins" elkarteak 110 urte

''Labourdins'' elkarteak aurten bere 110 urteak ospatuko ditu. Iraupenean doan elkarte hau sortu zen beraz 1913an Uztaritzeko parropiaren gerizapean, Jean Blaise Adéma erretor eta Jean Elissalde ''Zerbitzari'' bikari zirelarik. Bultzatzaile ere izan ziren orduko bi hautetsi, Edmond Goyeneche eta Louis Dassance, asko urtez elkarteburu egonen direnak. Elkartea abiatu zen soinuaren inguruan, klika deitzen zutena, atabal, tronpeta eta kleronariekin. Gaur egun soinulari taldea beti azkar doa, musika tresna desberdin askorekin, errepertorio berriekin, Patrick Sistiague duela gidari 1980az geroztik. Asko ateraldi egiten ditu, lehiaketa batzuetan sari batzu ere irabazi ditu. Zonbait urte berantago 1920ko hamarkadan sortu zen zangobaloi taldea, urte pare bat arizanik gelditu zen. Berriz 1964an bultzatua izan da, gaur-egun Frédéric Degert-ek kudeatzen duena, maila eta adin guzietako jokolariekin, 340 lizentziatu dituela. Etxeparea zelaia osoki berentzat dute, trebakuntza eta partidentzat. Azken 20 urte hauetan gehitu dira ere elkartean bi abesbatza: Josteta gizonena, Serge Etchegoyen gidari eta Koloreak emazteena Caroline Phillips gidari. Elkartea kasik mende bat osoa hiru lehendakarik kudeatu dute: Edmond Goyenetche, Paul Dubosq eta Simon Telleria, azken dozena bat urte hauetan Fédé Ugarritzak segurtatzen duena, bainan hunek aurten eskua pasatuko du elkarteburu berri bati, nahiz ez den oraino izendatua. Ospakizunen egun nagusia izanen da beraz Salbatore eguna, besta hori du betidanik atxikitzen duena. Goizean (10:30) mezan elkartekide anitzek parte hartuko dute, soinulariak bertan ariko direla. Meza ondoan izanen dira omenaldi eta sariztatze batzu, zintzur bustitze eta bazkaria aitzin. Bazkariarentzat beharrezko da izenak emaitea lehenbailehen telefono huntara: 06-67-97-02-17 edo webgunean leslabourdins.opentalent.fr. Ospakizunek segituko dute ondoko egunetan 18tik 21era, kantaldi eta kontzertuekin (ikus egitaraua iragan asteko kasetan edo webgunean). Izan dezatela arrakasta ona eta elkarteari oraino bizi luze bat desiratzen diogu hemendik ere.


Astobiaga

Astobiaga guneari Herriko Etxeak freskoaldi eta berritzea eginen du ondoko hilabetetan. Toki hortan zuhaitz asko (zurtzuri karolinak bereziki) adin handikoak izanez, erituak ere dira. Botako den zuhaitz batentzat bi berri landatzearen politika segitu nahiz, ondoko astetan arbola erienak kenduak izanen dira eta beste batzu abarratuak. Etorriko diren bi neguetan 60 bat zuhaitz berri landatuak izanen dira: sahats, haltz, zurtzuri, burzuntz, urki eta astigar. Desberdintasun hori diotenaz izanen da biodibertsitatea zaintzeko egokiena. Herriko Etxeak oroitarazten du egur zaharren botatzeko denboran, toki hori autoeri eta ibiltarieri debekatua izanen dela, heldu den maiatzaren 2tik 19ra.

Informatika tailerra

CCAS herriko ekintza sozialen zentroak, San Josep lizeoarekin partaidetzan, antolatzen du informatika tailerra, maiatzaren 22an astelehena (14:00-16:00), lizeoko gela batean. Helburua da ordenagailu, tauleta eta eskuko-telefono ibileran gehiago ezagutza menperatzea eta trebatzea, nahi duenari laguntza berezia ekarriz. Argitasun gehiagorentzat eta izenak emaiteko, deitu CCAS telefono huntara: 05-59-93-38-91.

Elektrika mozte

Lan batzu segurtatzeko Enedis enpresak elektrika mozte batzu eginen ditu maiatzaren 17an asteazkenez (9:00-15:00). Hunkitu guneak dira Heraitze auzoa eta Goxoki etxegunea. Kondutan hartzekoa.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3688. zbk

Gure Hitza | 2023/05/04

URAREN GAINEKO EZTABAIDAK

Jean-Louis Harignordoquy

Jendea arrangura da ez ote giren ur eskasia iraunkor bati buruz abian. On da aski goiz gogoetatzea nola jokatu urte idorretan ur eskasiarik ez dadin izan: ura jendeentzat, azindentzat, landare eta zuhaitzentzat. Ur edangarria xuhurtzea gerta ditaike Lapurdin, hor baitira urtetik urtera beharrak azkarki emendatzen ari, biztanlegoa gero eta gorago doalako, etxe zonbaitek igerilekuek ere dituztelarik. Ur mozturarik ez dadin sekula gerta, hirietan jende gehiago metatzeari uko egin behar litzaioke.

Lehengo denboretan ere izaiten baitziren idorteak, laborari frangok erreka bazterretako pentzeak ureztatzen zituzten uda minean. Erreketako ur emaria azkarki apaltzen bazen ere, nehor ez zen hortaz arranguratzen. Ez baitzen orain bezainbat kutsadura mota, arrainak ez ziren hiltzen. Udan azinden edanarazteko, Aezkoako alhapideetan badituzte euriteetako ur soberakinen bilgia ttiki batzu eginak. Ez dugu hortan makurrik ikusten. Bertzerik...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016