Herriz Herri - Urruña (L) | 2023ko Maiatzaren 04a
Kantu afaria Xaian - SOS Kantak Arriskuan - Lehen Gerla Handiari buruzko egitasmoa - Imuntzo eta Belokirekin - Euskararen aldeko ostatu sarea- Pilota
Kantu afaria Xaian
Maiatzaren 5ean, ostiralarekin, Kantu Afaria izanen da Xaia ostatuan, Kuxkuxtu txarangak animaturik (20:00). Sagarnotegiko menua: bakalau moleta, txuleta, gasna, kafea eta patxarana. Prezioa: 40 euro. Izena emateko: 05-47-75-07-02
SOS Kantak Arriskuan
Euskal Telebistan bada "SOS Kantak Arriskuan" izeneko programa, Aitor Sagarzazuk zuzentzen duena. Berriki Bidarrain grabatu dute, eta orain Urruñan dabiltza gauza bera egin nahian. Aurkitu duten kantu zaharrak "Urruña maitea" du izena, eta maiatzaren 9an, 10ean eta 11n, herrian grabatuko duten programan berreskuratzeko xedea dute. Kantu hau Juan Basurko Ansolak idatzi zuen 1930.eko hamarkadan. Grabazio egunak egiteko jadanik harremanetan hasiak dira Urruñako herritarrekin.
Lehen Gerla Handiari buruzko egitasmoa
Udalbiltzak Lehen Gerla Handiari buruzko beka edo diru-laguntza bat plazaratu zuen, Aritz Ibarra gasteiztarraren proiektua hautatu zuten irabazle gisa. Jadanik, Aritz Iparraldean dugu herriz herri informazio bila egin nahi duen komiki historikoa gauzatzeko xedez. Astebetez Urruñan dugu, eta jadanik herritarrekin hizketan hasia da informazio xerka. Zorte on hire lanean, Aritz!
Pintxo-pote Imuntzo eta Belokirekin
Maiatzaren 6an, larunbatarekin, pintxo-pote berezia izanen da Xaia ostatuan, Imuntzo eta Beloko trikitilariek animaturik (19:00). Edaria eta pintxoa: 3 euro.
Mus Txapelketa ikastolan
Maiatzaren 7an, igandearekin, ikastolaren aldeko mus txapelketa izanen da (17:00).
Euskararen aldeko ostatu sarea
Interneten @goikone txiolariak Euskal Herri osoan, euskaraz eta euskararen presentzia zaintzen dituzten ostatuen zerrenda plazaratu du eta jadanik arrakasta handiz zabaltzen ari da gure geografia osoan barna. Tamalez, Urruñako ostatu bakarra sartu dute zerrenda horretan: Pausuko Xaia ostatua. Zorionak Xaia, segi horrela!
Zuzeneko disko grabaketa
Urtero Bakalau elkarteak antolatzen duen Xaia Kantuz izeneko tailerrean, jende anitz biltzen da, umore onez, euskal kantuak buruz ikasteko. Aurten, maiatzaren 11n, ostegunarekin, zuzenean disko bat grabatuko dute aurten ikasi kantuekin. Diskoa Xaian salgai izanen da.
Talo Besta Xaian
Ostegunero, arratsean, Talo Besta alaia izaten da Pausuko Xaia ostatuan, DJ Oscar Ciak animaturik. Jende anitz hurbiltzen da eta momentu goxoak pasatzeko aukera ezin hobea izaten dute.
Urruñarrak-Pilotaren aldeko produktuak
Urruñarrak-Pilotak baditu zenbait produktu salgai elkartea laguntzeko asmoz. Txandarrak haurrendako, goikoa eta praka, 40 euro, 13 urtetik goitikoendako 50 euro, poloak 35 euro, zakuak haurrendako 40 euro eta helduendako 50 euro, motxilak edo bizkar-zakuak 35 euro, polo beltzak 22 euro, xukaderak 12 euro, pilota-zakutoak 8 euro eta kirol zakuak 32 euro. Eskaerak egiteko: Urruñarrak-Pilotaren lokalean edo urrunarrak.pilota@gmail.com mailan.
Pala txapelketaren finalak
Apirilaren hastapenetatik izan dira partidak abantzu egunero. Maiatzaren 7an, igandearekin, txapelketaren finalak jokatuko dira (10:00).
Pilota partiden emaitzak
Federazioaren buruz-buruko txapelketaren final-laurdenetan, amateurren lehen mailan,urruñarrek honako emaitzak ukan dituzte: Bideondo (Urruñarrak) 40 À¢'€'" Etxeberri (Abarratia) 33.











