Mundu zabalean | 2023ko Maiatzaren 04a

Lau eguneko lan astea

J.B.

Lau%20eguneko%20lan%20astea

Lanetik kanpo bada bizi bat. Lan denbora ari da ttipitzen hainbat herritan. Lau eguneko lan asteak badu gero eta gehiago aipamen eta azken urte hauetan esperimentazio arrakastatsuak egiten ari dira. Galde azkarra ba omen da gazteen aldetik. Lan partziala ez behartua ere emendatzen ari da. Nahi ala ez lanari buruzko pentsamoldea eta praktika aldatzen ari dira. Konduan hartu beharko den errealitatea, hainbat ofiziotan lanpostuak ezin osatuz ari direlarik.

Txilen laneko orenak ttipitzen ari dira

Europari konparatuz, urrunetik abian dira txiletarrak. Joan den hilabetean, 45 orenetik 40 oreneko lan astera pasatzeko legea onartu dute, gehiengo handienean, Txileko deputatuek. Lana ez dela biziko helburu eta lema bakarra azpimarratu du Txileko presidente gazte berriak. Duela bost urte jada entseatu ziren lege xedea pasaraztea bainan eskuineko oposizioak proiektua blokatu zuen. Aldi huntan, elkarrizketa eta elkarlan emankorra bideratua izan da, alderdi eta partaide sozial ezberdinen artean. Sektore publikoko bost milioi langileeri progresiboki aplikatuko zaie lege berria eta sektore pribatuko langileentzat beste lege xede bat aurkeztua izanen da.

Gabriel Boric ezkerreko presidenteak zioen bezala: "Zer balio du ibiltzeak, hatsa hartzeak laneko egun baten ondotik? Zer balio du familian denbora pasatzeak, edo bakarrik pentsaketak egiteak? Ez da seguraski produktibitateko indizeetan sartzen." Bainan balio handiko aktibitateak dira. Aldaketa gauzatzen ari da Txilen.


Lau eguneko lan asteak munduan zehar

Hainbat urtez Pierre Larrouturou frantses eurodiputatua lau eguneko lan astearen bultzatzaile amorratua izan da. Luzaz trufa edo mespretxua baizik ez du lortu, bainan azken urte hauetan haren ikusmoldeak eta argumentazioek gero eta interes gehiago pizten dute, bereziki Covid garaitik landa. Pierre Larrouturouk berak esplikatzen dauku nolaz jin den ideia horretara: "1990eko hamarkadan, ingeniari gaztea nintzenean ene lana zen enpresen produktibitatea hobetzea. Denbora berean ATD Quart-Monde elkarteko kidea izanki, larunbatetan langabezian eta prekarietatean bizi zirenengana nindoan. Azkenean, langabezia eta pobrezia alde batetik eta laneko estresa edo herstura bestaldetik, produktibitatea azkartzearen ondorio behartuak zirenez gogoetatzen hasi nintzen. Denen bizi onerako lan partekatze zuzenago bat ez ote zenez asmatzen ahal pentsatu nuen".Lau eguneko astea aterabide ona iduritu zako eta 1993an finantzamendu sistema bat proposatu zuen, hilabete sariak apaldu gabe, laneko astea ttipitzea eta enpresentzat kosta prezioa emendatu gabe. Baldintza xinple batekin: lau eguneko astera pasatzen den enpresa batek %10 lanpostu gehiago sortzen badu, ez ditu langabeziako kotizazioak pagatzen.

Hastapeneko irri maltzurrak gainditurik, ideiak bide egin du. Joan den urte hondarrean, Estatu Batuetako, Irlandako eta Australiako 27 enpresek sei hilabetez eraman duten lau eguneko astearen esperimentazioaren emaitza 4 Day Week Global elkarteak plazaratu du. Enpresa gehien gehienek erabaki dute erritmo horretan segitzea. Hilabete sariak apaldu gabe, lau eguneko asteak arrakasta gero eta handiagoa duela erakusten dute 2023an entseguari lotzeko xedea duten mundu guziko ehun baino gehiago enpresa handiek, partikularki Erresuma Batuan, Irlandan, Kanadan, Estatu Batuetan, Zeelanda Berrian eta Japonian.

Espainian badu urte bat orain esperimentazioa abiatu dela, 160 enpresetan. 32 oreneko astera pasatu dira, hilabete sariak apaldu gabe. Andaluziako Delsol enpresan badu hiru urte jada antolaketa hori erabiltzen dutela. Ondorioz produktibitatea %20 azkartu da eta lanetik hutsegitea azkarki apaldu. Denen erraiteko, esperimentazioko emaitza baikorrak agertzen dira zerbitzuetan eta berezikiago teknologia berrietan ari diren enpresetan, aldiz zailago da usaien aldatzea industrian. Hala ere Alemaniako IG Metall industria saileko sindikatuak lau eguneko astearen alde egiten du enpleguen salbatzeko.

Frantzian langile gehienak lau eguneko astearen alde

Frantzian ere entseguak egiten ari dira eta ondorio onak aipatzen dira, ba enpresarien aldetik lanaren produktibitatea goratzen delako, bai eta ere langileen aldetik pausa egun bat irabazten delako. Batzuetan asteko lan oren kopuru bera bermoldatuz, beste batzuetan 32 orenetara pasatuz.

Berriki Frantzian egina izan den inkesta batek erakusten du langileen %85ek lau eguneko astearen alde egiten dutela eta tendentzia hori oraino azkarrago neurtzen da gazteen artean, 25-34 urte artekoetan %95ek nahi luketelako astean lau egunez lanean ari izan.

Bestalde heien baitatik lan partzialean aritzeko hautua egiten dutenen kopurua emendatzen ari da Europako herri gehienetan.

Azkenean, gertakari guzi hauek erakusten daukute lanaren pertzepzioa eta lan mundua bera aldatzen ari direla. Aldatzeko nahikari azkar bat sendi da, bainan ez edozein baldintzetan: galdezkatuak diren langile gehien gehienek ez dutelako hilabete sari apaltzerik nahi. Errexki ulertzen duguna, bereziki bizi dugun inflazio azkarraren parean.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3688. zbk

Gure Hitza | 2023/05/04

URAREN GAINEKO EZTABAIDAK

Jean-Louis Harignordoquy

Jendea arrangura da ez ote giren ur eskasia iraunkor bati buruz abian. On da aski goiz gogoetatzea nola jokatu urte idorretan ur eskasiarik ez dadin izan: ura jendeentzat, azindentzat, landare eta zuhaitzentzat. Ur edangarria xuhurtzea gerta ditaike Lapurdin, hor baitira urtetik urtera beharrak azkarki emendatzen ari, biztanlegoa gero eta gorago doalako, etxe zonbaitek igerilekuek ere dituztelarik. Ur mozturarik ez dadin sekula gerta, hirietan jende gehiago metatzeari uko egin behar litzaioke.

Lehengo denboretan ere izaiten baitziren idorteak, laborari frangok erreka bazterretako pentzeak ureztatzen zituzten uda minean. Erreketako ur emaria azkarki apaltzen bazen ere, nehor ez zen hortaz arranguratzen. Ez baitzen orain bezainbat kutsadura mota, arrainak ez ziren hiltzen. Udan azinden edanarazteko, Aezkoako alhapideetan badituzte euriteetako ur soberakinen bilgia ttiki batzu eginak. Ez dugu hortan makurrik ikusten. Bertzerik...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016