Ba ote dakixu? | 2023ko Maiatzaren 04a
68ko Maiatza (2/4)
Gilen Bacho
Martxoaren 22ko gauean, Nanterreko unibertsitatea okupatua zelarik, Xavier Langlade estudiantea libratua izan zen. Nanterreko bidea berehala hartu zuen eta, estudianteen aitzinean, bere arrastatzearen kontakizuna egin. Libratze horren ondotik okupazioa gelditu zuten baina, aitzin, 142 estudiantek manifestu bat idatzi zuten eta argitaratu, Estatua abisatuz: "Errepresioaren etapa bakoitzean, manera erradikalagoaz ihardetsiko dugu". Haien artean, figura bat agertu zen, frantses-alemaniar estudiant
Sorbonako okupazioa
Okupazioa finitu-eta, Nanterreko dekanoak hondatzeak izan zirela erran zuen eta unibertsitatea bi egunentzat zerratu zuen martxo bukaeran. Nanterreko estudianteen protesta hedabideetan agertu zen. Martxoaren 29an, Sorbonara sartzea entseatu ziren baina kausitu gabe (hezkunde ministroak ekintza hori kondenatu zuen). Apiril osoan, gertakariak bat bestearen ondotik lerrokatu ziren. Egiazko pataskak izan ziren, ezker eta eskuin-muturreko estudianteen artean, Nanterren apirilaren 22an eta 23an, bai eta ere Tolosan apirilaren 25ean, Nanterreko estudiante baten (Daniel Bensaid) mintzaldiaren ondotik. Apirilaren 27an, Daniel Cohn-Bendit arrastatua izan zen (gauarekin libratua izan zen baina akusaziopean ezarririk). Maiatzaren 2an, estudianteek "anti-inperialismo egun" bat antolatu zuten Nanterreko unibertsitatean, René Rémond historialariaren klasea geldituz. Gertakari guzi horien aitzinean, Nanterreko dekanoak unibertsitatea zerratzea erabaki zuen. Erabaki horrek zuen ezagutzen dugun 68ko Maiatzeko mugimendua funski piztuko, Nanterreko estudianteak Sorbonera abiatuko baitziren, biharamunean Latino kartiereko unibertsitate famatua okupatzeko. Maiatzaren 3an, 400 estudiantek (parte bat Nanterretik jinak baina ez denak) Sorbona okupatu zuten. Estudiante zenbaitek hitza hartu zuten, haien artean Daniel Cohn-Bendit-ek.
Lehen barrikadak
Estudianteak "material anti-faxistarekin" (makila eta harri) etorri ziren, "Occident" eskuin-muturreko militanteak haiekin borrokatzera etorriko zirela pentsatzen baitzuten. Baina ez zen eskuin-muturra agertu. Pariseko errektoreak (Jean Roche) polizia indarrak eskatu zituen "ordena berriz ezartzeko nahasleak kanporatuz". Estudianteak Sorbonatik bortxaz ateraraziak izan ziren. Estudiante anitz arrastatuak izan ziren. Beste estudiante anitzek haien libratzea eskatu zuten eta, arratsean,poliziarekin bortizki borrokatu ziren, lehen barrikadak eraikiz. Orotarat, 574 pertsona arrastatuak izan ziren (haien artean Jacques Sauvageot, UNEF-eko buruzagia, Henri Weber, Daniel Cohn-Bendit, Brice Lalonde, Bernard Guetta eta Alain Krivine) eta 481 kolpatuak izan ziren (279 estudiante eta 201 poliziakide). Ebakuazio horrek, bortizkeria horrekin eta aitzin-abisurik gabe, estudiante mundua sumindu zuen, estudianteek unibertsitate estatusarekin babestuak zirela pentsatzen baitzuten. Nanterreko dekanoak, Pariseko zientzia unibertsitateko dekanoak eta Pariseko errektore ohiak azkarki kritikatu zuten interbentzio hori, profanazio bat haien begietan. Maiatzaren 6an, Cohn-Bendit eta Nanterreko beste 7 estudiante unibertsitateko diziplina kontseiluaren aitzinean pasatu ziren. Nanterreko irakasle zenbaitek estudianteak defendatu zituzten (Lefebvre, Michaud, Touraine, Ricoeur). Ber mementoan, 5.000 estudiante elkartu ziren manifestatzeko eta maiatzaren 3an preso hartuak izan ziren estudianteen askatasuna eskatzeko. Presondegi zigorraz kondenatuak izan zirela jakin-eta, gatazka gogorrak hasi eta hedatu ziren Pariseko karriketan. 482 manifestatzaile arrastatuak izan ziren. Biharamunean, 60.000 pertsona Pariseko karriketan mobilizatu ziren haien askatasuna eskatzeko. Errebolta gero eta azkarrago hedatzen ari zen.











