Herriz Herri - Senpere (L) | 2023ko Maiatzaren 04a
"Bildotsaren Eguna" - Hatsaren Poesia - "La Révolution" antzerkia - Dolu - Herriko Etxetik
"Bildotsaren Eguna" igandean
Maiatzaren 7an iraganen da ohikoa den Bildotsaren Eguna, maiatzeko bigarren "zubia" ongi baliatzen ahalko da. Koka eta bildots-pintxoen lehiaketa abiatuko da (9:00), hunekin betan bi sukaldari goi-mailakoak, Martin Isabal Ainhoako Iturria eta Xabier Zabaleta Kortazar Donostiako Aratz ostatukoek, aurkeztuko dituzte bildotsaren inguruan egiten ahal diren errezeta batzu. Epaimahaiak deliberatuko ditu lehiaketaren emaitzak (11:00), hemen aurki daitezke goragoko bi sukaldariak, baita Rafa Goraxategui txokolateroa, Beñat Darrigues bolanjera, Didier Lalys erakaslea, Pantxo Berho harakina eta Laurent Boulanger Kinkako sukaldaria. Eguerditan, Larreko plazan, Nicolas Dokhelar-ekin artzain xakur erakusketa, zintzur-bustitzea ondotik xapito pean. Joaldunen agerraldiak bazkaria idekiko du (13:00). Zirikolatz dantza taldea (15:30), ondotik lehen aldikoz Senperen Euskal Pentatloia (16:30), Xabier Zaldua eta Aratz Mugertza Gipuzkoako bi atleta ospetsuek sekulako probak beteko dituzte. Harri-altxatzea (10x100kg-ko harri borobila), 400kg-ko harriaren tiratzea (28m), bi trunko aizkoraz moztea, esku bakoitzean 50kg-ko pisua karreatzea (84m) eta kilometro bat lasterka. Taloak eta dantzaldia Hauspolariek taldearekin (18:00). Egunean zehar izanen da animazio, txaranga, laneko-zaldiak, lehengo traktore eta baserriko materiala, haurren jokoak eta abar. Ez huts egin.
Hatsaren Poesia
Larraldean iragan da, urtero bezala, apirilaren 16an. 40 lagun bildu dira, 25. edizioa molde ederrean ospatua izan da. Aurtengo liburua sekulan baino gotorragoa zagon (368 orrialde), 126 olerkarik parte hartu dute, Euskal Herri osotik etorriak. Auxtin Zamora, ekitaldi honen zuzendaritzapean 80 urteak alaiki ospatuak izan dira. Andoni Iturrioz ere, bihotzaren zolatik eskertua izan da, bere etxea euskararen zerbitzurako bihotz onez uzteagatik. Egunak segitu du bazkari partekatuarekin, olerki irakurketarekin, musika eta kantuekin. Poesia betiko gozamena.
"La Révolution" antzerkia, maiatzaren 11n
Frantziako iraultzak hankaz gora ezarri zuen garai bateko erregimen politika, gure estaduan monarkia, ateak idekiz pentsamendu zabal bati, errepublikaren lehen urratsak ziren. Frantses idazle ezagunek gertakari horren inguruan idatzi dute, hala nola Hugo, Michelet, Dumas eta Lamartine... Antzerki moduan, hauen testu batzu ahoskatuko ditu Maxime d'Aboville aktoreak, Damien Bricotaux-ek zuzendurik. Argi eta itzalen artean, Euskal-Herrian ere ondorio latzak utzi zituen, adibidez Lapurdiko herri batzuk erailketak eta deportazioak jasan zituzten. Izanen da zer ikusi eta ikasi, ostegun arratsean Larreko antzokian (19:30), prezioa 20€. Erreserbak EH-ko turismo bulegoetan, cultureetpatrimoinesenpere.fr (antolatzailea) eta sarreran bertan tokien arabera.
Dolu
Joan den astean, jendalde ederrak parte hartu du kartsutasunean Jakes Sabaloueren ehorzketako mezan. 86 urterekin joan da, penetan utziz Marie-Gracie emaztea, bere lau haurrak, baita familia handia. Ofizioz arotza, laborantzako materialetan trebezia handia erakutsirik, Aiherratik Senpere Herburuko bidea hartu zuen, bere lantokia eta etxebizitza eraikitzeko. Eskua eta bihotza beti zabalik agertu ditu bere bizitzan, kontseilu onekoa laborarien mesedetan. Dolumin bizienak hunen familia eta adiskide guzieri.
Herriko-Etxetik
Herriko informazio edo argibide asko eskuratzeko, aplikazio berezia aktibatua da "Panneau pocket" izendatua, bakoitzak bere mugikorrarekin balia lezakeena. Bertzalde, "Senperen Ibiliz" nabeta delakoak, bolondres batzu xerkatzen ditu. 2022ko hastapenean, Dominique Idiarten ekimenez, xofur talde bat osatu zen eta geroztik lan asko eramana izan da, oraingoan bizpahiru eskas litaizke baldintza onetan lan egiteko. Zerbitzu hori, gaur-egun ongi beharrezkoa bilakatu da zonbait adineko jendeendako, 65 urtez goitikoeri zabaldua da.











