Gogoa hazi | 2023ko Maiatzaren 04a
Aberri Egunaren ondotik...
Mixel Itzaina
Bi egunez iragan da Itsasun Aberri eguna. Lehena ere Itsasun izan zen orain duela 60 urte. Orduko
Autore asko ezagutu ditut: Abeberri, Ximun Haran, Michel Labeguerie, Jean Louis Davant, Goienetxe eta abar... Itsasuko harrian orduan idatzi xartak euskaldunen beren gaintasuna du aldarrikatzen.
Mintzaldietan azpimarratua izan da zer aitzinamenduak izan diren 60 urte hauetan dela kultura mailan dela erakaskutzaren alorrean. Aitzinamendu handia ere administrazio mailan: Baionako Euskal Erakundearen sortzearekin. Bainan errana izan da ere borrokan segitu behar dela, jende anitz kanpotik badatorrela horrela euskaraz mintzo direnak gero eta gutiago baitira. Hori du agertzen berriki zabaldu den ikerketa batek.
Bai bada kanpotik heldu zauzkigunen errua, bainan bada ere gurea, gure ezazolkeria: Xalbadorrek zioen:"Nik ez dut etsiko, nehoiz ez zeraukula gure kontzientzia atzartzen hasiko... Egungo balentriak ez baitu betiko odolaren mintzoa isilaraziko". Jinen da beraz eguna harro izanen baigira euskaraz bizitzeko!
Aberri Eguna Pazkoz ospatzen da. Pazko, sinesten dutenentzat ustegabekoa gertatu zen eguna. Ez du iduri eta anitzek pizte horretan sinesten zutenik. Ustegabekoa izan zen... Euskararen berpizte hori ere ustegabekoa izan daiteke nehoiz etsitu gabe lan egiten badugu. Atxik esperantza. Gainera, aitzineko larunbatean izan da Euskadin politika indar guziak, eskuin, erdiko edo ezkerreko, denak bildu baitira eta goraki aldarrikatu, datozen erronkak gainditzeko elgarturik ariko direla. Hori esperantza handi baten iturri dela uste dut!











