Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2023ko Maiatzaren 04a
Aire Zabal elkartearen biltzar nagusia
Joan den larunbat arratsaldean bildu dira Aire Zabal elkarteko kideak eta laguntzaileak, Xan Lambert elkarteburuaren eta Mayi Urruty diruzainaren inguruan, urteko biltzar nagusiaren karietara. 2022ko urtea emankorra izan da Aire Zabal aterpetxearentzat. 3.791 gaualdi kondatu dira, sekulan baino gehiago, honela banatuak: 250 beilari, 1.476 mendizale, 840 haur eta gaztetxo (udaleku eta eskoletakoak), 1.225 jende asteburuetan taldeka. Urte ona beraz, lan handiaren fruitua. Urte berri huntan haatik kanbiamenak badira. Fabienne langileak bere tokia utzi du. Gisa hortan zaila zen elkartearentzat kudeantza atxikitzea. Badira beren denboratik urte luzetan asko eman dutenak elkarte horren zerbitzuko, bolondres moduan, Mayi Urrutyren gisan, bainan luzara higagarri da. Ondorioz, elkarteak erabaki du Aire Zabal aterpetxea Herriko Etxearen eskuetan uztea, hunek kudea dezan. Notario aktak martxoan egin dira. Geroztik, beraz, Herriko Etxea da Aire Zabalen jabe eta apiril hastapenetik enplegatzen du langile bat denbora osoz, Anais Lormand Donibane Lohizunekoa, aterpetxearen harat-hunatak segurtatzeko. Marie-Hélène Mochok segitzen du aterpetxearen garbiketa lanetan denbora-erdiz.
Bertzalde, Herriko Etxeak erosi du Seroraeneko pentze zati bat, 2000m2, Aire Zabalen parean dena, oihal-etxolentzat baliatuko dena, kanpamendu gisa (bivouac), geroxago komoditateak emendatuko zaizkiola. Gisa hortan, Aire Zabalen kontrako belardian ez da gehiago oihal-etxolarik haizu izanen.










