Han eta Hemen | 2025eko Otsailaren 13a

Ipar Euskal Herriko turismo estrategia

Jean-René Etchegary eta Daniel Olçomendi
Jean-RenA%20Etchegary%20eta%20Daniel%20OlAomendi

2021ean adostu lurralde proiektutik abiatuz, turismo arloko eragile guziek, hautetsiek eta jendarte zibilak lan zabala eraman dute.

Horren ondorioz, otsailaren 4an Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak eta Daniel Olçomendy turismo iraunkorraren ardura duen lehendakariordeak, Ipar Euskal Herriko turismo estrategia aurkeztu dute.

Turismo estrategia

Egitasmo hau, hautetsiak, turismo arloko eragileak eta jendarte zibila elkartu dituen desmartxa kolektiboaren emaitza da. Lurraldea eta herritarrak errespetatzen dituena, bai eta trantsizio ekologikoaren anbizioak jarraikitzen dituen eredua definitzen du. 2025ean, bi lehentasun estrategiko izanen dira: turismo joan-etorriak kudeatzea batetik, eta lurraldeko ontasun amankomunak sustengatzea bestetik, hau da euskara, paisaia, ura eta biodibertsitatea.

Prozesu horri esker, lurraldeak nahi duen turismo ereduaren aldeko norabide aldaketa kolektiboki zehaztu ahal izan da. Daniel Olçomendyk azpimarratu duenez, “turismo politikak, turismoaren eragileek bakarrik pentsatu sektore isolatua ez luke gehiago izan behar, baizik eta politika publiko guzien elkargunea. Mugikortasuna, lurralde antolaketa, garapen ekonomikoa, uraren eta hondakinen kudeaketa, ondare kultural eta naturalen balorizazioa baita mugaz gaindiko lankidetza barne hartzen ditu”.

2025eko bi lehentasun

2040ra begirako turismo politikari norabidea ematen dio eta epe laburrean gauzatu beharreko ekintzetan engaiatzen da. 2025 urtea, sustut lurraldearentzat lehentasunezko eta funtsezko bi ekintzen inguruan ardaztuko da. Lehena turismoaren mugimenduak kudeatzea izanen da. Izan ere, Atout France egituraren proiektu deialdi bati erantzunez 90.000 euro eskuraturik, joan-etorriak erregulatzeko esperimentazioak eginen dira urte bukaera arte. Jadaneko martxan dira behaketa eta erregulazio sistemak, aparkalekuetan eta jende gehien biltzen den beste gune batzuetan, mendialdean, hirian eta kostaldean.

Bigarren ekintza lurraldeko ontasun amankomunak sustengatzea da. Laborariek edo ingurumen elkarteek sustatu proiektuak laguntzeko dispositiboa izanen da, lurraldeko ondasun komunak diren euskararen eta gaskoiaren hizkuntzak, paisaia, ura eta biodibertsitatea zaindu, babestu eta balioan emateko.

Klima eta baliabideen babesean engaiatu turismoa

Turismo sektorea alde batetik klima aldaketaren ondorio hauskorra da, eta bestetik berotegi-efektuko gasen isurien iturri nagusietakoa da. Emisio globalen %8a eta emisio nazionalen %11 zuzenean lotuak dira jarduera turistikoei. Euskal Elkargoko turismo estrategia, Ipar Euskal Herriko Klima Planaren baitan kokatzen da, eta sektoreko eragileei trantsizio ekologikoan laguntzea du helburutzat, beste politika publiko batzuekin koordinatu ekintza zehatzen bidez, hala nola aterpetze laguntzak eskuratzeko ingurumen baldintzak eratzean, mugikortasun goxoaren sustapenean, aterpetzen dutenek uraren kudeaketa xuhurra egitean, turismoaren behatoki inter-politiko baten sorreran eta kalitatezko tokiko produktuen balorizazioan.

Herritarrentzat eta herritarrekin pentsatu turismoa

Ipar Euskal Herriko biztanleak estrategia hunen erdigunean dira, urte osoan aisialdien lehen parte-hartzaile eta lurraldearen lehen bisitariak baitira, turistak errezibitzen baitituzte (Ipar Euskal Herriko ohe turistikoen herena familian edo lagunen etxean dira). Horrez gain, turismoak edota aisialdiak ukan ditzaketen eragin positibo ala negatiboek zuzenean herritarrak hunkitzen dituzte.

Turismo eleanitza eta ondarea balioesten duena

Helburua da urte osoan eta lurralde guzian turismoa hobeki kudeatzea. Horretarako, hurbileko bisitariak ditu oinarritzat, hala nola Hego Euskal Herritik, Biarnotik eta Landetatik heldu direnak, lurraldeko aberastasun kulturalak agerraraziz. Ekintza zehatzek euskararen eta gaskoiaren erabilera sustatu nahi dute, bai eta kultur eskaintza ezagutzera bultzatu. Horretarako, hainbat neurri martxan eman dira, hala nola komunikazio eta bisiten itzulpena indartzea eta harrera langileen formakuntza.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3783. zbk

Gure Hitza | 2025/02/13

Injustiziaren olatuan

Ainhoa Etchenique

“Injustizia” definitzeko zaila den hitza da, bakoitzak baitu bere definizioa. Bakoitzak du bere justizia eraikitzen, bakoitzaren ikuspegitik dira gauzak injustu ala justuak izaten.

Injustizia mota desberdinak badira, eta nik, horietako bat bizitzen dut egunerokoan: emazte-gizonen arteko injustizia. Emazteek pairatzen dugun injustizia generoaren araberako desberdintasun, diskriminazio eta tratu bidegabean oinarritzen da. Mundu osoan agertzen da hainbat arlotan, hala nola soldatan, indarkeria matxistan, parte-hartze politiko eta sozialaren murrizketan baita hezkuntzan.

Etxean eta lanean ez dut injustizia hori jasaten, baina kirolean bai. Nire Hegoaldeko arraun elkartean, neskek eta mutikoek ber hangarra partekatzen dugu gure materiala biltzeko. Arazoa da mutikoek hangarraren bi herena baliatzen dutela guk herena baizik ez dugunean. Materiala, lekua eta dirua ez da justuki banatzen. Hain zuzen ere, babes...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016