Orotarik | 2025eko Otsailaren 13a

Kukumarro

Xarles Videgain

Haizoble, haizemalda eta geriza

Mintzaira guziek ez dute beti molde bera erabiltzen munduaren ikusteko. Hori da egun erakutsi nahi dudana euria eta haizea aipatuz. Ezen euskaraz, orain arte bederen, euria ari delarik leku bat xerkatzen balin baduzu bustia ez izateko, hitz bat erabiltzen duzu; ontsalaz beste hitz bat badukezu haizeak harrapa ez zaitzan enparatua izan gabe. Euskal Herriko Atlasean galdekizuna prestatu nuelarik bi galdera desberdin nahitara egin nituen eta gure lekukoei galdegiten genien: "Nola erraiten da à l’abri du vent eta nola à l’abri de la pluie"?

Uste dut Jean Etxepare medikuak idatzi duenak gure gaia argitzen duela. Euskara bazekien naski eta ohar zaitezte nolako hitzak darabiltzan, lau hitz emanez: leihor, malda, aterbe eta geriza. Horra neguko egun batez gertatzen zaiona:

Egun argi deno, badauka leihorrak gozo, atetik zuhau maldan hatsaren gainean lañoki zerbait ari zirelarik, noiz nola ikusten baitituzu bekaizgorik gabe, irriz, bidean dabilan zure ezagunetarik bat lasterka bat batean abiatzen, aterbe keta; atseginekin oroitzen baitzira zeure buruaz, zeure jendeez, zeure kabala, bihi, selauruko bazka, diruaz, hok oro gerizan ezarriak zorionez zure menean.

Agian gizon hori aski berekoi da eta bere buruaz satisfos, leihorrean, maldan, gerizan eta aterbean dagoelarik eta beste lagunak aldiz elementuak jasan beharrean. Baina ez da hemen ene gaia.

Haizearena ikus dezagun lehenik. Orohar, Euskal Herrian 7 erantzun mota ageri dira: axe-izkutu Bizkaian bereziki, aixebe Bizkaian ere eta Gipuzkoako eremu batean; babes eta haizebabes Gipuzkoan, geriza Lapurdin eta Nafarroako eremu batean, haizemalda, haizeitzal eta haizolbe Baxe Nafarroan eta Zuberoan. Erran gabe doa besterik badela.

Lehenik aixebe, haizepe dei ginezakeena. Ororen buru “be” edo “behe” hori agertzen da haizolpe hitzean ere. Iduri luke beraz haizepean egon behar dela gerizatua izateko; gazteleraz "sotavento" deitzen da haizearen kontrako lekua eta frantsesez ere badaude ugarte batzuk "sous le vent" deitzen direnak hala nola Antilletan. Beraz gora ez baina beheitiko partean egon behar da.

Bigarren hitz nagusia axe eskutu da. Hemen ere gerizaren ideia darama "ezkutu" hitzak. Bitxi da nola militarren hitza sartu den meteorologian. Ezen ezkutu latinetik heldu da: SCUTUM. Ezkutua da, "écu" edo "escudo", hots soldaduek eskutan hartzen duten tresna, etsaiaren kolpeak jasaiteko gisan. Norberak bere burua defendatzeko tresna. Baina beste mintzairetan ez bezala haizearen kontra defendatzeko lekua bilakatu da euskaraz, eta gehiago dena, euskaraz Hegoaldean bakarrik. Iparraldean halakorik ez da. Militargintzak eman du hitz bat meteorologiarekin lotura hartu duena. Ikusiko dugu fenomeno bera gertatu dela "babes" hitzarekin.

Babes hitzak azken denboretan izigarriko hedadura hartu du. Gipuzkoako eremu batean baizik ez zen erabiltzen eta orain nonahi kasik babes edo haize-babes delakoa. Nundik heldu da babes hitza bada? Hau ere militargintzak eman du. Babes lehenik "pabes" izan da. Badakigu Italian badela hiri bat Pavie deitzen dena eta denbora batez han egiten omen zen ezkutu bezalako defentsa tresna. Eta Pavie hartan egiten baitzen hiriko izena emana izan zitzaion tresna honi, frantsesez “pavois” eta gazteleraz "paves". Euskarazko babes beraz estalgi bezalako zerbait da, ezkutua bezalako defentsa tresna. 1580an diote erdaraz: "los escudos eran babeses", hots ezkutuak babesak ziren. Baina euskara bakarra izan da erranahi meteorologikoa eman diona, eta beraz armadetako hitza zenari euskarak hitzari, erranahi zibila eman diona. Militargintzatik etortzea ez du batere ordaindu babes hitzak nola hedatzen ari den ikusirik.

Lapurdin eta Nafarroan geriza erraiten da eskuarki; geriza, girizi, gereizu. Hitz honek kideak baditu ondoko mintzairetan, "guarecer" eta frantsesez "guérir". Bai, "guérir" eta geriza elkarrekin daude gaitzetarik laguntza adierazten dutelako. Aleman zaharra dute iturria: warian. "Guérir" hitzak denbora batez hauxe erran nahi zuen: bere burua defendatzea aterbean egonez. Eta gero, geriza izan da gaitzetik enparatzea. Haizea aipatu gabe hitzaren erranahia zabaldu da eta Lapurdin geriza erabiltzen da ere zernahi laguntza adierazteko: adibidez festa bat egin daiteke elkarte baten gerizan. Bizkaieraz badakigu zer den gerizpea, kerizpea, hots itzala da.

Alabaina itzala aterbe izan daiteke. Eta preseski, geriza erran gabe, haize-itzala deitzen da Behe-Nafarroan. Erdaraz ere "ombre" lotua izan da denbora batez gerizarekin: "prendre ombre", gerizatzea zen. Eta gazteleraz delako "asombrarse" aditzak ez zuen harritzea adierazi nahi baina itzalarengatik beldurtzea.

Behe-Nafarroan eta Zuberoan haizemalda entzuten da. Malda da mendi baten kaskoa ez dena, eta maldan haizea ez dugu hainbeste senditzen. Malda hitza bistan da espainolezko falda-tik jiten da. Falda, halda, gona da edo eta mendi baten isuria. Eta falda hitza frantzikera hizkuntza zaharretik heldu da.

Azkenik Behe-Nafarroan eta Zuberoan haizoble, axolbe, erabiltzen da, haizepean beraz lehen aixepe hitzean bezala. Bainan haizolbe hortan, "ol" hori ez dakit zer den, ez dut uste ohola den, hots zurezko taula edo teila.

Eremu ttipiko hitzak badira. Lehenik berokia. Beroki deitu etxeak eta lekuak ezagutzen ditugu. Ez dira baitezpada beroak, lehenik haizemaldan daudela adierazten dute. Kalma ere erraiten da itsasoan, haize gutiko lekua balin bada baina kalma hitzak hastapenean "bero bero" erran nahi zuen eta gero haizerik gabeko lekua bilakatu da. Beraz beroa eta haizerik ez izatea elkarrekin dabiltza. Azken hitza Zuberoan entzuten da, gorkustatzen. Hori da kabalek egiten dutena aro txarra delarik eta aterbea xerkatzen dutelarik, gorkhü bat nahi dute atzeman. Agian irakurleak artetarik entzun duke: gorkhüskatzen.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Orotarik | 2025/02/13

Itsas bazterretik

Piarres Larzabal Kolegioa

Itsas%20bazterretik

Elkartasun ederra izan da!

Abenduaren 13an, ostiralez, arratsaldeko 13:00etan, denok genuen hitzordua kolegioaren aitzinean, Madag'Azkar elkarteko Ione Lopez Manterola berriz gomitatua izan baitzen.

Lehenik, seigarreneko ikasleek hitza hartu dute esplikatzeko nola abiatu zen proiektua, joan den urriaren 17an elkartearen aurkezpen mintzaldia antolatua izan zelarik. Joan den apirilean hara joan zirelarik, zein ibilbide egin zuten eta zein laguntza eman zieten.

Ondotik bosgarrenekoek azaldu dute biharamuneko bilkuratik zer erabaki zen kolegioko ikasleen artean: elkartasun hilabete batez gosari salmenta eta materiala bilketa antolatzea: kasketak, eskolako materiala (estiloak, arkatzak, margoak, gomak...). Nahi zutenek parte hartzen ahalko zutela azpimarratuz.

Segitzeko, laugarrenekoek dute zerrendatu bildutako zama guzia: 135 kasketa, 105 goma, 65 erregela, 16 kola, 75 luma zorro eta estilo, margo eta arkatz pila!

Irakurri segida

Orotarik | 2025/02/13

Haziak loratzen

Pantxika

Haziak%20loratzen

Omako basoan (3/3)

Omako basoak bi eraso terrorista jasan zituen 2000ko maiatzean eta 2003ko martxoan, Agustin Ibarrolak militantzia antiterrorista (“Basta Ya” mugimendua, Foru de Ermua bezala) sustengatu zuelako. Frankismoaren ondotik,ETAren indarkeriaren kontra zegoen. Basoak sufritu zuen, erasoek ehun zuhaitz inguru suntsitu baitzituzten.

2000tik 2012ra, A. Ibarrola eskoltapean bizi zen baina bere jarduera artistikoa beti garatzen segitzen zuen.

A. Ibarrolaren bizitza osoan, konpromiso soziala eta salaketa politikoa konstanteak ziren eta, bere ibilbide artistikoan,kanpoan margotutako arte publikoak ospetsu egin zuen.

Omako baso berri bat

2018an, Omako basoa itxi zen, segurtasun arrazoiengatik (perretxikoak ziren pinuetan). Tokiz aldatzea erabaki zuten, leku handiago batean. A. Ibarrola ados zen. Hil baino lehen, baso berria ikusi ahal izan zuen eta pozik izan zen.

Korte...

Irakurri segida

Orotarik | 2025/02/13

Haziak mintzo

Stella Maris eskola (CM1 eta CM2)
Stella%20Maris%20eskola%20(CM1%20eta%20CM2)

Xare proiektua

Aurten xare proiektua egin dugu gure klasean.

Lau astelehen goizetan etorri da Adrien Camino gure klasera: pilotari handia zen (munduko txapelketak egin zituen) eta bere espezialitatea xarea zen.

Gaur egun erretretan da eta xareak fabrikatzen ditu.

Gure klaseak Harry Potter gaia duenez aurten (24 ikasle gira eta 4 etxetan banatuak gira: Gryffondor, Poufsouffle, Serdaigle eta Serpentard), etxe bakoitzak bere xarea fabrikatu du.

Xare bat egitea biziki zehatza da eta Adrienek dena erakutsi digu hasi aitzin.

Zailagoa izan da batzuentzat baina etxe guziok lortu dugu.

Azken etapa ekainean izanen da: txapelketa bat eginen dugu osteguneroStella Mariseko frontoinean!

Irakurri segida

3783. zbk

Gure Hitza | 2025/02/13

Injustiziaren olatuan

Ainhoa Etchenique

“Injustizia” definitzeko zaila den hitza da, bakoitzak baitu bere definizioa. Bakoitzak du bere justizia eraikitzen, bakoitzaren ikuspegitik dira gauzak injustu ala justuak izaten.

Injustizia mota desberdinak badira, eta nik, horietako bat bizitzen dut egunerokoan: emazte-gizonen arteko injustizia. Emazteek pairatzen dugun injustizia generoaren araberako desberdintasun, diskriminazio eta tratu bidegabean oinarritzen da. Mundu osoan agertzen da hainbat arlotan, hala nola soldatan, indarkeria matxistan, parte-hartze politiko eta sozialaren murrizketan baita hezkuntzan.

Etxean eta lanean ez dut injustizia hori jasaten, baina kirolean bai. Nire Hegoaldeko arraun elkartean, neskek eta mutikoek ber hangarra partekatzen dugu gure materiala biltzeko. Arazoa da mutikoek hangarraren bi herena baliatzen dutela guk herena baizik ez dugunean. Materiala, lekua eta dirua ez da justuki banatzen. Hain zuzen ere, babes...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016