Ba ote dakixu? | 2025eko Otsailaren 13a

Auschwitz-Birkenau (2/4)

Gilen Bacho

“Hautespen” operazioak, Auschwitz-Birkenauko kanpamenduan
a€œHautespena€%20operazioak_%20Auschwitz-Birkenauko%20kanpamenduan

1942tik goiti, arrastatuak eta deportatuak zirenak, gehienik juduak, Auschwitz-Birkenaura trenez garraiatuak ziren, baldintza izugarri gogorretan, merkantzia eta kabala bagoietan, Frantziatik hiru egunez eta gauez. Auschwitzeko merkantzia geltokira heltzen ziren eta Birkenauko bunker n°I-era eramaten.

Hautespen makabroa

Trenetik jalgitzen zirelarik, deportatuek haien gauza pertsonal guziak utzi behar zituzten. Beztimenduak, zapatak, begi lagunak, protesiak... gauza guziak berreskuratuak ziren eta bereiziak “Kanada” deitua zen biltegi batean. Gauza horietatik gehienak Alemaniara igorriak ziren, biztanle zibilarentzat. 1942ko uztailetik goitik, hautespen makabro bat egina zen tren bakoitzarentzat. Gizonak alde batetik, emazteak eta haurrak beste aldetik, SS medikueri buruz igorriak ziren. Jestu batez heriotzari edo lan bortxatuari igortzen zituzten. Zaharrak, eriak, enbaldituak, amak haien haurrekin, haur beharretan ziren emazteak, adin apaleko haurrak eta lanik egiten ahal ez zuten jende guziak gas ganbaretara (Bunker n°I-era) zuzenki igorriak ziren, oinez edo kamioi zenbaitetan. Bistan dena, egia ez zen sekula errana deportatueri. Horri buruz, Ginette Kolinkak (honen entzuteko ohorea ukan nuen 2017an, lan egiten dudan lizeoan, oroitzapen zinez azkarra niretzat), Birkenautik bizirik atera dena, memento dramatiko hau kontatu zuen (eta egun oraino kontatzen du). Birkenauko geltokira heldu zirelarik, bere aita eta anaia ttipiari kamioira igaitea kontseilatu zien, alemaniarrek akituak ziren jendeeri kamioiaren hartzea erraten baitzuten. Berantago, hori erranik, bere aita eta anaia heriotzara igorri zituela ulertu zuen (egiazki, bistan dena, naziak ziren hobendun bakarrak) eta hori traumatismoa egon da haren bizi osoan.

Izugarrikeria eta zinismoa

Gas ganbarara sartu aitzin, deportatueri desinfekzio operazioa eginarazia izanen dela errana zen, eta horretarako arropak kendu behar zituztela. 800 jende sartzen ziren. Atea gakotu ondoan, SS-ek Zylon B-a sarrarazten zuten, horretarako eginak izan ziren zilo batzuetatik. Deportatuen agoniak hogei minutu baino gehiago irauten zuen (Ginette Kolinkak informazio hori Auschwitz-Birkenaura berriz joan zelarik, 2000. urtean, deskubritu zuen eta horren jakitea biziki gogorra izan zitzaion, bere aita eta anaiak berehala hil zirela pentsatu baitzuen ordu arte). Oren erdi baten ondotik, ateak berriz idekiak ziren. Kommando berezi batek, Sonderkommando-ak, juduek osatzen zutena (horrek ere nazien zinismoa erakusten zuen), gorputzak gas ganbaratik kentzen eta ehorzten zituzten, urrezko hortzak aitzinago ateraraziz. Lanarentzat hautatuak izan ziren jendeak ez ziren salbatuak ere. Heriotza tasa biziki gora zen kontzentrazio kanpamenduan (izugarrizko bizi eta lan baldintzengatik) eta lan egiteko sobera ahulak bilakatzen baziren gas ganbaretara berehala igorriak ziren. “Hautatuak” edo ez, deportatuen zortea heriotza zen.


Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3783. zbk

Gure Hitza | 2025/02/13

Injustiziaren olatuan

Ainhoa Etchenique

“Injustizia” definitzeko zaila den hitza da, bakoitzak baitu bere definizioa. Bakoitzak du bere justizia eraikitzen, bakoitzaren ikuspegitik dira gauzak injustu ala justuak izaten.

Injustizia mota desberdinak badira, eta nik, horietako bat bizitzen dut egunerokoan: emazte-gizonen arteko injustizia. Emazteek pairatzen dugun injustizia generoaren araberako desberdintasun, diskriminazio eta tratu bidegabean oinarritzen da. Mundu osoan agertzen da hainbat arlotan, hala nola soldatan, indarkeria matxistan, parte-hartze politiko eta sozialaren murrizketan baita hezkuntzan.

Etxean eta lanean ez dut injustizia hori jasaten, baina kirolean bai. Nire Hegoaldeko arraun elkartean, neskek eta mutikoek ber hangarra partekatzen dugu gure materiala biltzeko. Arazoa da mutikoek hangarraren bi herena baliatzen dutela guk herena baizik ez dugunean. Materiala, lekua eta dirua ez da justuki banatzen. Hain zuzen ere, babes...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016