Euskal diaspora | 2025eko Otsailaren 13a
San Frantziskoko otsaileko besta eta... Asiako pilotariak!
Joseba Etxarri
SAN FRANTZISKO.
Urteko besta handietarik da urte guziz San Frantziskoko euskal komunitatean otsailean Gure Euskal Etxea edo Basque Cultural Center-en (BCC), Urteurren Besta, aurten 43 edizio beterik heldu den asteburuan eginen dutena. Jarduerak ebiakoitzean, eguerdi ondotik abiatuko dira “Bizkarsoro” filma emanez, San Frantzisko bereko BEO (Basque Educational Organization) euskal elkarte kultur zalea lankide. Pilota partidak beti funtsezko dira programan, eta aurten Euskal Herritik heldu dira, Iparraldetik, Joko Garbi pilotariak: Eneko Sarratea, Pantxo Lissar, Eric Migueltorena, Bruno Irachabal, Ximun Etcheverry eta Thomas Galharrague; eta Hegoaldetik, neska-mutiko,Leire Galdos, Amaia Irazustabarrena, Irati Ruiz de Azua, Laura Saez, Aitor Mendizabal, Manex Balerdi, Xabier Rekalde, Beñat Garmendia eta, prestatzaile, Lur Ziarrusta. Larunbat-igande arratsaldez ariko dira pilota partida eta erakustaldien eskaintzen.
OSPAKIZUN.
Asteburu osoan, lagunekin elgarretaratu eta solastatzea gauza handia izanen dira, eta musika, klika eta dantzariak denetan partzuer arituko, eta taberna partean, kantariak usaian bezala giro edertzaile ohiko maneran. Garazi aldetik heldurik, Kontrabanda taldeak alaituko du bala eta erromeria denbora. Igandeko mezak pilotalekuan klika, Elgarrekin korala eta Zazpirak Bat-Gazte Dantzariak-en partaidetza ukanen du, Etxeko txistulariakbarne. Eta hura bururaturik Euskal Etxeak Bizi Emankorra Saria emanen die Jean Pierre Elissetche, Ricardo San Mames, Nicole Sorhondo, eta Jose Santanari, euskal komunitatearen alde bizi osoan egin lan balios eta jarraituagatik. Bazkaldu aitzin zintzur bustitzea, gero barbakoa ederra, Etxeko ekipak xarmanki prestatua, eta pilota; giro ederra egoitza osoan, eta, nola ez, asteburua moxkor salda eder batez bururatzeko, aurten Aimee Goyhenetche jatetxeko buru.
PILOTAN IRAN-en.
Aipatu bederen eginen dugu joan den asteartean hasi zela Iran-en, Karmanshah hirian, Asiako lehen Euskal Pilota Txapelketa, sei herrialdetako pilotari eta ekipak partaide: India, Iran, Irak, Afganistan, Pakistan eta Bangladesh, ebiakoitzeraino. Ortziralean, jatetxeko arduradun berria estreinatuko Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxean. Mar del Platan, Denak Bat Euskal Etxeak bere urteroko Jaialdi besta eginen. Arrecifes-en, “Euskaldunak Denak Bat” Euskal Etxeak bere 103. urtebetetzea ospatuko du. Bruselan, egoitza berria publikoki estreinatzeko “Sagardotegi Gaua” antolatu du Bruselako Euskal Etxeak (Rue Emile Féron, St Gilles-en, da helbide berria). Valladolid-eko Gure Txoko Euskal Etxeak “Emazteen Bazkaria” gauzatuko igandean. Homedale-ko “Txoko Ona” Euskal Etxeko lagunek heien Urteroko Mus Txapelketa eginen egun berean. Eta Australiako Townsvillen, “Euskal Gasna Errea” prestatzen erakatsiko dute North Queensland-eko Euskal Etxean. On egin!