Herriz Herri - Senpere (L) | 2025eko Otsailaren 13a
Antzerki musikala ostiralean - Senpereko ihauteriak - Olerkarien udaberria - Mutxikoak igandean - Urtarrileko sortze eta heriotzak - Bertso krakada
Antzerki musikala ostiralean
Larreko kulturgunean, otsailaren 14an (20:30) "Swing Cocottes" hirukoteak eramanen gaitu swing bidetara, arintasunez, musikaz eta irriz betetako bidaiara. "La popotte des Swing cocottes" izendatu ikusgarriak, pozez betetzeko xedea luke 1940ko hamarkadan sorturiko musika bereziarekin. Gaur artean bide luzea egin ondoan emazte artistak beti agerian jarriak izan dira. Ikuskizunarendako, prezio betea 12€, murriztua aldiz 9€, erreserbak turismo bulegoetan, www.en-pays-basque.fr edo lekuan bertan.
Senpereko ihauteriak
Etxez-etxeak, pil-pilean badoatzi kartierka, Zakuzaharrak elkarteak sortzen duen dinamikarekin. Larunbat huntan, hilaren 15ean, Urguriko auzoak ukanen du dantzari, kantari eta musikarien bisita. Gehienek dakigun bezala, Senpereko ihauteriak otsailaren 22an ospatuko dira, hortarako gaitzeko programa muntatua dute. Hurrengo astean, egitaraua zehazki azalduko dugu, halere 13:30eko bazkariak erreserbatzea komeni da deituz: 06-89-82-06-93. Menua 22€tan: patea, paella, gasna, sagar tarta, arnoa, kafea eta ondokoa barne.
Olerkarien udaberria
Herriko kultur zerbitzuak antolatzen du, Olerkarien udaberria kari, marrazki erakusketa, Larreko kulturgunean. 27. edizioaren lema"Olerki bolkanikoa" da, sumendiaren itxurak sor lezake bakoitzaren baitan sekulako energia, irudimenaren suspertzeko. Heldu, haur, bakarka, bikotean edo elkartean parte hartzen ahal da martxo guzian iraganen den erakusketan. Otsailaren 26a arte bada obren itzultzeko kultur zerbitzura, Larreko harreran utziz edo gutun ontzian.
Mutxikoak igandean
Hilabeteroko mutxikoak iragarriak dira igande goiz huntan (11:00-12:30) otsailaren 16an. Betiko dantza zaleak eta beste, gomita duzue Xan Ithourria plazan, neguari buru egiteko eta ongi berotzeko parada!
Urtarrileko sortze eta heriotzak
Horra zer seinalatua izan zaukun.
Sortzeak: Arburua Leon Nil, Alliot Paola, Delcroix Noah, Pouey Raphael eta Murcuillat Sorhaitz Txomin.
Heriotzeak: Laduche Michel 83 urte, Blanchet Marie 77 urte, Micaux Henri 90 urte, Magnard Alain 86 urte eta Lacroix Laurent 88 urterekin. Doluminak hauen familia eta adixkide guzieri.
Bertso krakada larunbatean
Joan den astean aipaturikoa, Lapurdi 1609 elkarteak antolaturik Bertsularien Lagunak taldearen laguntzarekin, urtero egiten den ekitaldia proposatua da Amotze/Larraldean, otsailaren 15ean (18:00). Aurten bi bertsolari ospetsu, batetik Miren Artetxe bestetik Unai Iturriaga, musika laguntzaile Ainhoa Elizondo eta gai emailea Aimar Karrika. Bertsozale baita ikusminez hurbildu nahi duten guzieri gonbida zabaldua zaie, ongi gozatzeko arratsaldea, ez huts egin!