Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2025eko Otsailaren 13a

Goiti Aire elkartearen osagarri ona - Itoiz talde mitikoaz dokumentala

Parte hartzaile batzu astearteko biltzar nagusian
Parte%20hartzaile%20batzu%20astearteko%20biltzar%20nagusian

Goiti Aireelkartearen osagarri ona

"Goiti Aire" 3. adinekoen elkarteak, bere urteko biltzar nagusia joan den otsailaren 4an egin du, 40 bat kide bilduz Denen Etxeko gelan. Bat bestearen ondotik hitza hartu dute J-Louis Duguine lehendakariak, Frantxoa Christy diruzainak, Marijo Baum idazkariak eta Mayi Leparoux Departamenduko “Générations Mouvements” elkarteko arduradunak. Orokorki urtea ongi iragan da. Aste oroz elkartzen dira batzu eta beste mus partidetan, oinezko ibilaldietan eta petanka saioetan parte hartzeko. Jokoan aritzeko lau arratsalde antolatu zituzten, eta bi ateraldi Bastida eta Donamartiriko elkarteekin: Donostiara itzuli bat, Hendaiako Abadia jauregiaren bisitarekin, eta Maulera (gaztainaren etxea eta ozpina fabrika) goizean Gurseko kanpalekuaren bisita hunkigarria egin ondoan. Konduen aldetik, urtea 1.418€ko etekinarekin bururatzen da. Orotara 90 kide biltzen ditu elkarteak, eta urtesaria 22€koa da.

2025eko proiektueri dagokienez, hiru ateraldi proposatu nahi lituzkete, Bordelera arnoaren hiriaren bisita eginez, Pabera gazteluaren eta Jurançon-eko arnogintzako soto baten bisitarekin, eta Landesetako Sabres herrira (ekomuseoa). Bestalde lehen laguntzei buruzko formakuntza ikastaro bat iraganen da otsailaren 20an, Hazparneko suhiltzaileen etxean. Tokiak erreserbatu behar dira. Eta usaia onen ez galtzeko, bazkari batzu proposatuko dituzte urtean zehar. Bernadette Arhancet eta Jeanne Aguerre andereek bulegoarenuztea deliberatu dute. Pierre Mendiondo sartzen da eta beste bat xerkatzen dute oraino.

Parte hartzaileekin gaiak eztabaidaturik eta konduak eta txosten ezberdinak baieztaturik bururatu da biltzar nagusia. Ondotik denak bildu dira tokian berean, mahain on baten inguruan eta giro goxoan. Bide on Goiti Aire elkarteari!

Itoiz talde mitikoaz dokumentala

Itoiz taldeaz film bat egin dute berriki: “Itoiz udako sesioak” filma. Juan Carloz Perez taldeko kantari eta konpositorearen oroitzapen eta gogoetak bildu dituzte hor. “Lau Teilatu, Hegal Egiten, eta Ezekielen Prophezia”, hona Itoiz talde mitikoaren musika ezagunetarikoak. Talde hau ezagutu ez dutenek ere kantatzen dituzte gaur egun...

Fama handiko taldeak Iparraldean egin zuen bere lehen kontzertua, Aiherran egin zuen (Zurkaitza eta Beltzuntze antolatzaile), 1981eko apirilaren 10ean, Gaztetxea trinket betean, Hazparneko 5. euskal kultur astearen karietara.

Talde hau 1987an desegin zen, fama gorenean zelarik alta ba. Zertako ote? Arrazoien parte bat jakiten da film hau ikustean. Zinema gela gehienetan ikus ditaike orain, eta gure eskualdeari dagokionez, Hazparnen otsailaren 20an ostegunez (20:30), eta martxoaren 2an igandez (20:30) ikusten ahalko da.

Itoiz maitatu eta maite duten guzientzat, eta talde hau sekulan ikusi ez dutenentzat, horra hor huts egin behar ez den filma, dudarik gabe!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3783. zbk

Gure Hitza | 2025/02/13

Injustiziaren olatuan

Ainhoa Etchenique

“Injustizia” definitzeko zaila den hitza da, bakoitzak baitu bere definizioa. Bakoitzak du bere justizia eraikitzen, bakoitzaren ikuspegitik dira gauzak injustu ala justuak izaten.

Injustizia mota desberdinak badira, eta nik, horietako bat bizitzen dut egunerokoan: emazte-gizonen arteko injustizia. Emazteek pairatzen dugun injustizia generoaren araberako desberdintasun, diskriminazio eta tratu bidegabean oinarritzen da. Mundu osoan agertzen da hainbat arlotan, hala nola soldatan, indarkeria matxistan, parte-hartze politiko eta sozialaren murrizketan baita hezkuntzan.

Etxean eta lanean ez dut injustizia hori jasaten, baina kirolean bai. Nire Hegoaldeko arraun elkartean, neskek eta mutikoek ber hangarra partekatzen dugu gure materiala biltzeko. Arazoa da mutikoek hangarraren bi herena baliatzen dutela guk herena baizik ez dugunean. Materiala, lekua eta dirua ez da justuki banatzen. Hain zuzen ere, babes...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016