Hegoaldean | 2025eko Otsailaren 13a
Euskararen kontrako oldarraldia - Zaldibarko zabortegia - Donostiako Udalak 12 lursail utzi dizkio Eusko Jaurlaritzari - Kalitatezko osassun politikoa - Jendetza migrazio-politika - EAJ alderdiaren aldaketa - EH Bilduren kongresua Iruñean - Euskal industria - Aroztegia
A.E.
Euskararen kontrako oldarraldia
Euskararen kontrako oldarraldiak ez du gelditzerik. Zenbait Herriko Etxe euskaldunek helegiteak pairatzen ari dira, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak antolatu deialdian Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo auzapezak jakinarazi duenez. Zehaztu du Usurbilgo Udalarekin batera Astigarragakoari ere helegitea jarri diotela. Usurbilgo eta Astigarragako Herriko Etxeek helegiteak eskuratu dituzte udaltzainak hautatzeko prozesuetan euskarazko 3. hizkuntza eskakizuna zehazteagatik.
UEMAko herrietako hautetsiak ezezkoan daude.
Zaldibarko zabortegia
Zaldibarko zabortegiaren lehertzea, duela bost urte gertatu zen. Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze hondakinen azpian harrapatuak izan ziren, haien gorputzak ez zituzten berehala atzeman. Sei hilabete berantago Alberto Sololuzerena aurkitu zen, 2021eko maiatzean Joaquin Beltranen gorputza atzemateko lanak gelditu ziren. Lur mugimenduetan amiantoa azaleratu zen, suteak izan ziren, dioxinengatik kanpoan kirolik ez egitea gomendatua izan zen. Erantzukizunak eskatzeko eta babes neurriak behartzeko, herritarrek hainbat aldiz protestatu zuten. Auzitegiak hainbat afera hartu zituen, garrantzitsuenetako bat zabortegiaren egonkortze eta zigilatze lana izan zen. Verter Recycling Zaldibarko hondakin enpresa kudeatzaileak lan horiek egin behar zituen. Obra horiek ez zirela egiten, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu ditu. Jaurlaritzako iturriek baieztatu dutenez, lan horientzat aitzinatu gastuak oraindik enpresak ez ditu ordaindu.
Donostiako Udalak 12 lursail utzi dizkio Eusko Jaurlaritzari
Donostiako Herriko Etxeak 12 lursail utzi dizkio Eusko Jaurlaritzari, 5.000 etxebizitza eraikitzeko.
Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren arabera, laguntza hori 7.000 eskatzaile inguruk eskuratzeko eskubidea lukete.
Jaurlaritzak eman datuen arabera, akordioak hiriko gune estrategikoetan etxebizitzak sustatzea aurreikusten du (Auditz Akularren, Loiolako Kuarteletan, Txomin Enean, Martutenen eta Eason). Lehen aldia da bi erakundeen artean horrelako akordioa izenpetzen dela.
Baztan, Aroztegiaren proiektuaren kontra
Bi hamarkada baino gehiagoko borrokari jarraipena emanez, kanpaldi baten bidez herritarrek lortu zuten Aroztegiko makroproiektua geldiaraztea. Desobedientzia zibileko ekimenean parte hartu zutenen artean, 7 herritarrek martxoaren 19tik 23ra auzitegira joan beharko dute. 20 urteko preso zigorra arriskatzen dute eta 56.000 euroko isuna ordaintzea eskatua zaie. Elkartasunari esker jadanik isunaren kopuruaren osotasuna bildu da. Duela bi aste Iruñean iragan manifestazioan “Lurraren defentsan kriminalizaziorik ez. Aroztegia gelditu!” aldarrikatu da, 18.000ko bat herritar hurbildu dira.
Kalitatezko osasun publikoa
Osasun Publikoaren Aldeko herri plataformak “Osasungintza publikoaren alde! Promesik ez!” lemaren inguruan milaka pertsona Autonomia Erkidegoko hiriburuetan bildu dira. Osasun publikoaren sistemak norabide aldaketak behar dituela aldarrikatu da. Pankartetan irakurtzen ahal zen: “Osasungintza publikoaren alde! Promesik ez!” eta “Dena pribatua denean, dena ukatuko zaigu”. Alberto Martinez Erkidegoko osasun sailburuak erantzun du EAEko osasun-sistema Europako publikoena dela argumentatuz. Halaber, nabarmendu du Osakidetzan martxorako 11.000 lanpostu egonkortuko direla eta abendutik harat beste 4.000 postu.
Jendetza migrazio-politika "hiltzaileen" aurka
Korrika pasatu zenean 36 migratzaile muga pasatzen laguntzeagatik 7 pertsona auziperatuak dira. Horien sustenguz eragile sozial eta sindikalek deituta, 2.500 jendek Irundik Hendaiara egin den martxan parte hartu dute. Bidasoa ibaia zeharkatu nahiz, ezbeharretan hil diren 9 migratzaileen izenak oroitaraziak izan dira, ondotik minutu bateko isiltasuna izan da.
Europan migrazio politikaren gogortzea salatua izan da: “Europan, bai eta Espainiako eta Frantziako estatuetan ezartzen direnmigrazio politika hiltzaile eta arrazistak”.
Auzipetuen sustenguz “J'accuse”auto inkulpazio kanpaina abiatu zen, milaka pertsonek eta mugimendu desberdinek izenpetu dutena.
EAJ alderdian aldaketa
Andoni Ortuzarrek erabaki du Euzkadi Buru Batzarreko lehendakaritzarako ez aurkeztea. “Batasuna da indarra” goiburupean militantziari sare sozialen bidez zuzendutako gutun batean EBB buruak berria jakinarazi du. Aitor Estebani lehendakaritza utziko dio, militanteen baimena lortu eta. Ortuzarren arabera, “EBBko presidentetza gidatzeko beste hautagaitza bat sortu da anbizio nahikoarekin”.
Aitor Estebanek hasiera politikoa Bizkaiko erakunde publikoetan egin zuen, baina denbora handiena Madrilen pasatu du, azken 20 urteetan EAJko diputatua izan da Kongresuan.
EH Bilduren kongresua Iruñean
EH Bilduren kongresua Iruñean iragan da eta alderdiaren buru Arnaldo Otegi hautatua izan da. Kongresu horretatik “subjektu politiko gisa sendotuta” aterako dela alderdia segurtatu du, “helburu berriak ezartzeko eta Euskal Herriko errealitatea eraldatzen jarraitzeko”.
Miren Zabaleta EH Bilduren Nafarroako arduradun politikoak eta kongresuko bozeramaileak adierazi du: “Egunetik egunera ikusten dugu proiektu politiko honek pertsona gehiago eta gehiago biltzen dituela, azken sei hilabeteetako prozesua ederra izan da”.
EH Bairekin hitzartutako akordio estrategikoari bultzada eman nahi diote eta beste urrats bat egin, “esparru bakarra, amankomuna eta konfederala osatzeko”.
Euskal industriaren defentsa taldea
Imanol Pradales EAEko lehendakariak Euskadiko industria defendatzeko lantalde bat sortuko dela iragarri du. Iragan astean egin du lehen bilera, bertan parte hartu dute, Jaurlaritzako ordezkariekin batera, Merkataritza Ganberek, Foru Aldundiek, klusterrek eta euskal industriaren ordezkariek. Pradalesen erranetan: “Mundua mugitzen ari da eta bloke itxietara doa, protekzionismora. Egoerari aurrez aurre begiratu behar zaio eta Europar Batasunak eta Euskadik erabakiak hartu beharko dituzte”. Europar Batasunarekin batera Euskadik industria eta sortzen duen enplegua defendatzeko beharrezkoak diren mekanismo guziak erabili behar direla errana izan da. Lehendakariaren hitzetan, ekimenak hiru helburu ukanen ditu: muga-zergen errealitate berriaren aurrean diagnostikoa partekatzea eta eragina jasaten duten Euskadiko sektore guzien jarraipena denbora errealean egitea, enpresei laguntzeko dauden tresnak, baliabideak eta politikak identifikatzea eta azkenik testuinguru berriaren aitzinean euskal industriarentzat gaitasunak eta aukerak indartzea.