Herriz Herri - Hazparne (L) | 2017ko Irailaren 28a
Bi herri elkartuak
J.A.
Juan den igandean iragan da Hazparne-Azpeitia parezkatzearen 30. urteburua.
Juan den igandean iragan da Hazparne-Azpeitia parezkatzearen 30. urteburua. Urte osoan asko hartu-eman izan dira karia huntarat. Irailaren 23ko egunaldi huntan bi herrietako hautetsiek arra-izenpetu dute birazkatzearen juramentua. Goiz erditan Azpeititik 80 bat jende etorri da, oparitzat eremaiten zutela haritz landare bat "Egoki" kiroltegiaren gibelean landatu dutena. Landare horren inguruan 11 harri lurrean sartuak dira Hazparneko auzo bakotxaren lekuko izanen direnak. Haritz landarea Azpeitian sortua da eta Gernikako haritz landarearen umetarik da. Daniel Camblong birazkatzearen lehendakariak egin du ongi etorria, huna hemen mintzaldiaren zati bat: "Bihotz bihotzetik, eskerrik kartsuenak landare hau Azpeitiarrek eskainirik hazpandarreri. Berak ikusiko gaitu handitzen eta zahartzen, ezagutuko dugunean indartzen eta zabaltzen. Izan dadila, haritz gazte hau, gure harreman eta lotura baikorren bezain iraunkorren lekuko, oraiko eta betiko. Begira gaitzala. Gora sinbolo eder hau, bakez eta nortasunez osaturik, luzaz eta azkar bizi bedi. Gora Azpeitia eta Hazparne! Agur, agur bero bat Azpeitiar eta hazpandarreri, egun berezi hunen ospatzerat etorri zirezten guzieri. Hazparneko parezkatzeko komiteak edo elkarteak, Herriko Etxearen laguntzarekin eta bereziki 15 talde, kirol, kultur eta ikastetxetako kideen laguntzarekin dugu antolatu egun hau, gure parezkatzearen 30 urteak ospatzeko. Milesker deneri, hunat etorri zareztener eta guri laguntza ekarri duzuener. Gernikako arbola izan da Euskal Herrian, menderen mendez geroztik, gure nortasuna eta gure burujabetzaren lekuko bat. Euskaldunek beti nahi izan baitute beren izaitea eta beren geroa beren gain atxiki. Azpeitiar adiskideak, behar duzue jakin gure herriko agintariek dutela Hazparnen aho batez bozkatu gure Iparraldeko Euskal Elkargoaren alde. Hori ere arlo beretik doa. Gure goresmenak! Hau ere alor beretik doa. Haritz ttipi huni esker izanen dugu aukera, herrian zabaltzeko hunen historia, hunek eremaiten dituen sinboloak". Beñat Inchauspe Hazparneko auzapezak bere aldetik ongi etorria egin diote gertakari huntarat etorriak ziren guzieri: "Jende onak, ongi etorri deneri, agur eta ohore bakotxari! Bihotz bihotzetik, eskerrik kar tsuenak landare hau Azpeitiarrek eskainirik hazpandarreri. Gora sinbolo eder hau, bakez eta nortasunez osaturik, luzaz eta azkar bizi bedi! Gora Azpeitia eta Hazparne!" Bi mintzaldi hauen ondotik, Azpeitiko alkate den Eneko Etxebarriak eskerrak bihurtu ditu egina izan zaioten ongi etorriaz. Azpeititik etorritako jendeen artean, azken 30 urte hauetako bost alkate baziren etorriak eta hauek ohoratuak izan dira bertze zazpi Hazpandarrekin, auzapez eta hautetsi zirenak denbora hortan. Laurent Darraidou medikuak duela 30 urte egin bertsuak kantatu ondoan eta senidetzea erreberrituta, denak ezkerparetarat juan dira soinularien ondotik. Han birazkatzearen 12 sortzaile omenduak izan dira, sei Azpeitiar hautetsi eta bertze sei Hazpandar. Azpeitiko Jose Mari Bastida alkate zena (19852003); Julian Eizmandi alkate zena (2003-2007 eta 2009-2011); Iñaki Eraskin (2007-2009); Maria Jesus Aranburu alkate ordezkari; Kepa Ibarzabal alkate ordezkari. Hazpandarrentzat: Jean Pinatel auzapeza, Laurent Darraidou, Bernard Darretche, Jamattitt Oxoby, Jean Pierre Larramendy; axuantak, Kako Saint Esteben hautetsia (zendua) eta Patxi Arotçarena axuanta (zendua). 250 bazkaltiar baziren eta ospakizun egun eder hau nahi bezain ongi iragan da giro alai eta adiskidetasun hoberenean. Orain bertze horrelako egun bat izanen da Azpeitian eta Hazpandarrek eskainiko diote ametz ondo bat bi herrien arteko loturaren À¯'¬'nkatzeko.











