Gogoa hazi | 2017ko Irailaren 28a

Orria, amets bat baino gehiago

Mandio

Iluna da oraino. Langar heze batek inguratzen gaitu.

Iluna da oraino. Langar heze batek inguratzen gaitu. "Hemendik duk!" dio lagunak esku-argi bat pizten duela. Zuhaitz goibelak sumatzen dira. Aski zut izanagatik ere, gure bideak soropil bat dirudi, ardiek moztu berria. Goraxago gurutzatzen ditugu mendizain hauek, haize gerizan tinki tinki etzanik. "Txauri txauri!"ezti batek gelditzen du abian zuten mugimendua; gure bidetik baztertuz uzten ditugu beren gaualdiaren segitzen, goxoan.

Esku-argiaren beharra ttikitzen ari da. Bainan iduzki agertzerik ez gaurkoan. Langarra baino gehiago euri zirri-mirria ote den? Laboaren "Maite ditut maite gure bazterrak lanbroak izkutatzen dizkidanean" terrenta batean lelokatzen du gogoak, gero ta lasaiago, libreago. Orai zangopilatzen dugu, egiten ari den lur gizen bat, jazko pago hosto metak mikro-organismo baliosek lur ustel bihurtzen dituztela. "Eskerrak zueri!"

Gure baitako bertze bakterio batzuek ere lanean ari nahi dute: "Horko ihiztari ttattola hortan gosalduko diau, leihorrean!" Piper omeleta, xingar zaÀ¯'¬'‚a, gasna xerra, ogi "axal gogorra", baso bat arno, oinak Lurrama sendoaren kontaktuan, lagun bat, hemengo lurrak hazia, egina, "patxa mama" bezain sendo, hemen sortu den mintzairan ari... "Ze behar da gehio?"

"Lindux hor berean diau, bixta zoragarria duk gain hortarik; gaur ez dik balio kaxkora joaitea! Mazel hortarik zeharkatuko diau!"

Laster oihan barneko biderri ertxi bat; lehen otomoilak: lau orotara. Gidari guziek agur bat. Batzuek gehiago " To, zu hemen? Beilara, segurraz ere...." Paradaz balia, gibelera etortzeko taxiaren segurtatzen hasten da laguna. "Ba, ba! Badugu tokia... batentzat!"

Hiru oren iragan dira. Peko aldean hor da Orreagako monasterioa. Toki historiko batean errotua.

Zipatuak gare bainan ez dugu hotzik. Aldatzeko aterpea atzeman, zaku barneko plastikazko poltsatik arropa idorrak atera eta elizara, mezako tenorea baino oren erdi bat lehenago. Barne guzia kokorreraino betea; jadanik. Jende anitz xutik. Aitzinatu, badaezpada, ezta! Pareta baten kontra xutik, nire eremua zaindu. Lagunak tokia segurtatua du... aldare gibelean. Badu astia, ongi baliatzen du, bazkaltzeko tokia erreserbatuz, gibelerateko xofurra aurkituz, gurekin bazkalduko dena gainera, Garraldako bidean.

Apezak sartzen dira, Artzapezpiku bat meza emaile, jendeak ezin hobeki kantatzen duela: Zu Eliza Kristok bildu jendea. Mezak euskara hutsean segituko du, buruan buru, Michel Cartateguyren predikua barne. Ze kartsutasuna, ze gozamena! Dena hitz baikor eta errespetuzkoak. (Ez Andredena Mariz entzun ditugun horietarik, azalpenik gabe DAESH-en aldarrikapenen pare gelditzen baitira "Kristoren baitan guziak bizirat itzuliko dira lehenik Kristo; gero, Kristorenak... Gero,... Kristok, gaizkiaren nagusigo, indar eta botere guziak ezeztatu ondoan, Jainko Aitari erregetza itzuliko diolarik. Kristok errege izan behar baitu, Jainkoak etsai guziak haren oinen pean ezarri arte...) "Orriako Ama, ama paregabea, betikotz da zurea Eskualdun jendea. Mendi gain hortarik, oi nehor gutarik, ez utz zureganik, urrunt ditakenik"... dio kantikak. Urruñan "agertu" den euskal mitologiako Mariren mezua bezain kartsu, bertze gisa batean.

Gero bazkari eder bat, merke, gure xofurra gurekin genuela, Urepeleko artzain bat, Xalbadorren bertsu zorrotzenak noiz nahi, baina beti apropos partekatzen zituela, gainera, istorio polit batzu kondatuz, "lehengo modan" erranen luke kostaldeko batek: "Holakoak, halako batez, ateraldia hau egin zian..."

Zerbitzaria euskaraz ari ederki, Orreagan mendez mende dirauen euskal gudu edo kataskari hurbilekoa, bere osaba torturapean hil baitzen...

Arratsaldean bezperak: arrosario bero, salmo bikain, kantu eder. Goizean bezala eliza bete betea gainezka. Gibeleratekoan, ilun eta laño pean ikusi ez genituen guziak agerian. "Horra parabisua!" dio sinpleki artzainak bidearen erdian geldituz. Etxalde hortan hau, eta hartan hura, ari dira elgarri, bueltta batez, bi lagunak, Aldudarra eta Urepeldarra, Uhaldekoa eta Biperrenekoa...

Bai euskal lur emankorrak dirau, izadiaren, jendeen, abereen lanari esker, eder eta sano, sortu dituen mintzaira, sinesmen, kultur, nortasun, asmoak bizirik.

Itsas-hegia gogoan, bai eta euskararen egoera, Elizarena, amets bat zirudien buruileko lehen asteazken horrek.

Amets bat baino gehiago?

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3418. zbk

Badira gauza batzuk egiak izanik ere hobe ez sinestea.

Beaumarchais

Gure Hitza | 2017/09/28

Mauleko bilkura

Jean-Louis Harignordoquy

Estatuak, bereziki Caisse des dépôts delakoaren bitartez, diru zama handia baztertu du Frantziako eskualdeetatik aurkeztuak izanen diren hamar egitasmo berritzaile laguntzeko.

Estatuak, bereziki Caisse des dépôts delakoaren bitartez, diru zama handia baztertu du Frantziako eskualdeetatik aurkeztuak izanen diren hamar egitasmo berritzaile laguntzeko. Proiektu gehiago baldin badira, hoberenak iduritzen zaizkienak hautatuko ditu. Horren berri ukanik, Euskal Elkargoak erabaki du T.I.G.A. deitu deialdiari ihardestea eta hautagai izatea buruil hondarra aitzin. Xedea da berritasuna, zuzentasuna, iraunkortasuna, hurbiltasuna eta goranahia kalitateak oinarrian ukanen dituen lurraldea bilakatzea. Epe laburra izanik ere, Euskal Herri iparralde honetako jendarteak landu proiektu ainitz elkarretaratzera entseatu da. Laborantzaz, kalitateko elikaduraz, lurraz, uraz, energiaz, ekoizpen berriez, numerikoaz, goi mailako formakuntzez eta beste zonbait gaiez gogoetatzeko antolatu bilkuretara jende multzo polita joan da. Gero, proiektu proposamendu ainitz igorri dituzte Euskal Elkargora, honen gain delarik batuketa egitea, Parisengandik onartua izateko ahal bezain...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016