Egun eta bihar | 2017ko Irailaren 28a

Egun eta Bihar

J-B D.

Nagusi-langileen arteko harremanak aldatu nahiz, Emmanuel Macron presidenta arrunt harro dabila eta bulta huntan aipatzen zituen ordenantzak izenpetu ditu berriketari andana baten aitzinean.

Aitzina!

Nagusi-langileen arteko harremanak aldatu nahiz, Emmanuel Macron presidenta arrunt harro dabila eta bulta huntan aipatzen zituen ordenantzak izenpetu ditu berriketari andana baten aitzinean. Zonbait langile sindikatek ezin onetsiak dauzkatenak, bereziki CGT delakoak. Funtsean, manifestaldiak izan dira berriz ere ordenantza horien salatzeko bainan aitzineko astean egin zirenek baino arrakasta gutiago ukan dute. Xede bera gogoan Jean-Luc Mélenchon ezkertiarrak eta bere lagunek gaitzeko elgarretaratzea muntatu dute joan den larunbatean Parisen. Oihuka gobernuaren kontra. 30.000 lagun polizaren arabera, 150.000 antolatzaileen ustez. Zazi zu jakiterat nortaz trufatzen diren hoin kondu desberdinak egiten dituztenak! Dena den, protesta ainitz beraz bainan Macron presidenta eta gobernua beti xede beretan, segurtatuz ez dutela gibelerat eginen, bainan ba aitzinerat... Alta, Jean-Luc Mélenchon ere beti berdin tematsu dago, ez duela barkatuko!

Eskuindarrak nagusi

Zenatur-bozak ere iragan dira. Bozkatze berezia. Boz-emaile guziak berak ere han edo hemen hautetsiak diren batzu izanki. Orai arte eskuindarrek zuten gehiengoa eta igandean gehiengo hori oraino azkartu dute. Beren aldetik, sozialistak ez dira hain gaizki heldu. Macrontiarrek arrakasta gutixko bainan aitzinetik ezagun zen ez zitakeela bestela izan, mirakuiluz kanpo. Berritze polita halere, ehun bat zenatur berri. Gure departamenduan berean, bi zenatur berri, Denise Saint-Pé erdikoa eta Max Brisson eskuindarra. Frédérique Espagnac sozialistak bere alkia ederki begiratu du, haren zerrenda lehen ateraturik gainerat, gutik egin baitu ere ez baitu bigarren alki bat segurtatu... Hori gertatzen ahalko zen funtsean ezkerralde hortan Jo Labazée ez balitz hautagai izan...

Haustura

Eskuin ala ezker, alderdi gehienetan bada keinka huntan tira-bira frango bainan FN eskuin buruko alderdian da giroa gehienik samindu joan den astean. Marine Le Pen alderdiburua bigarren buru ekarria zagon Florian Phillipot Europa maileko deputatuarekin samurtua izanki, sukarra bat-batean emendatu da. Frantses telebixtako bigarren gateak gomitatua zuen goiz batez, Florian Phillipot deplauki mintzatu da erranez alderdia alde bat uzten zuela azkenik hartu norabideak ezin onartuz. Marine Le Pen kexu, Florian Phillipot ez dela batere gizonki jokatu, joan dela alderdiburuarekin batere mintzatu gabe, eta hori dela ttipikeria bat ezin onetsia... Iduriz Florian Phillipot ez da ondoko egunetan isilik eta geldirik egoitekoa. Alderdi berri baten muntatzeko xedetan omen dabila...

Aberatsena!

Liliane Bettencourt pausatu da 94 urtetan. Mundu guziko emazte aberatsena zen, zinez aberats puxanta! Aspaldian zernahi istorio ba haatik, berak ere xuxen jakin gabe zer istorio orobat, burua galdua zuela erran izan baita frangotan. Istorio horiek preseski bere diruarengatik, familiako batzu arrangura bazirela emazte xahar hortaz baliatzen zirenak, "adixkide" batzu naski, sos asko kentzen ere ziotenak berdin, alegia-eta deusez.

Etxea salgai

Duela 36 urte, alderdi sozialistak gaitzeko etxe ederra erosi zuen Parisen bere biltoki nagusi bezala baliatzeko. Aski toki ederrean eta aski handia, orotarat 3000 metro karratu. Denbora hartan, alderdia azkar zen, François Mitterrand president kargurat hupatu berria... Joan den egunean, alderdiak jakinarazi du etxe hori behar duela saldu, diru sartzeak itsuski ttipitu zaizkiolakotz. Deputatu-bozen ondorioz gehienik. Alabainan, alderdiak oÀ¯'¬'zialki lagunduak dira hauteskunde horietan bildu bozen arabera. Nola sozialistek 30 deputatu baizik ez baitute orai, ekaineko bozak aitzin bazituztelarik 284, gaitzeko ziloa jasan behar dute, 17 miliun euroren eskasa, 8 miliun hunkiz 25en partez! Delako etxea salgai beraz ezinbestean bada ezinbestean. Ez omen dute haatik nornahiri salduko. Berentzat beste biltoki bat xekatzen dute, aise ttipiagoa, nihundik ahalaz Parisen berean edo bestenaz biziki hurbil. Alderdikide ainitzek etsi bat hartua dute, hala iduri du behin, bainan ez denek. Badira zonbait hartu den erabaki hori ez dutenak batere onesten. Hala nola François Rebsamen ministro ohia, Dijon hiriko auzapeza. Ahoan bilorik gabe aski gora dio ez dela batere ados. Dauka erabakia buruzagi multxo ttipi batek hartu duela eta untsalaz alderdikide guzien arteko bozkatze bat egokiago izanen zela, holako ontasuna ez dela hola eta hola uzten ahal... Beste pundu bat biziki minbera: orai arte, biltoki hortan baziren 120 langile eta andana bat despeitu beharko omen dute, denak ezin gehiago pagatuz...
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3418. zbk

Badira gauza batzuk egiak izanik ere hobe ez sinestea.

Beaumarchais

Gure Hitza | 2017/09/28

Mauleko bilkura

Jean-Louis Harignordoquy

Estatuak, bereziki Caisse des dépôts delakoaren bitartez, diru zama handia baztertu du Frantziako eskualdeetatik aurkeztuak izanen diren hamar egitasmo berritzaile laguntzeko.

Estatuak, bereziki Caisse des dépôts delakoaren bitartez, diru zama handia baztertu du Frantziako eskualdeetatik aurkeztuak izanen diren hamar egitasmo berritzaile laguntzeko. Proiektu gehiago baldin badira, hoberenak iduritzen zaizkienak hautatuko ditu. Horren berri ukanik, Euskal Elkargoak erabaki du T.I.G.A. deitu deialdiari ihardestea eta hautagai izatea buruil hondarra aitzin. Xedea da berritasuna, zuzentasuna, iraunkortasuna, hurbiltasuna eta goranahia kalitateak oinarrian ukanen dituen lurraldea bilakatzea. Epe laburra izanik ere, Euskal Herri iparralde honetako jendarteak landu proiektu ainitz elkarretaratzera entseatu da. Laborantzaz, kalitateko elikaduraz, lurraz, uraz, energiaz, ekoizpen berriez, numerikoaz, goi mailako formakuntzez eta beste zonbait gaiez gogoetatzeko antolatu bilkuretara jende multzo polita joan da. Gero, proiektu proposamendu ainitz igorri dituzte Euskal Elkargora, honen gain delarik batuketa egitea, Parisengandik onartua izateko ahal bezain...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016