Kostaldean | 2017ko Azaroaren 23a
Zoin da plaza ederrena?
"Sud Ouest" egunkariak joko gaitza pentsatu dauku.
"Sud Ouest" egunkariak joko gaitza pentsatu dauku. Internet sarearen bitartez jakin nahi du zoin zaizkigun bada Euskal Herri Iparralde huntako plazarik ederrenak... Plaza guziak nahas-mahas, pilota plaza eta beste, beharbada hobeki baizik ez baitzen izanen konduak bi sail berexetan ateratuz. Dena den, galdeketa horrek arrakasta ederra ukan du, arras epe laburrean kasik lau mila ihardespen bildu baitituzte. Denen aitzinean agertu da, eta airez-aire, Donibane Lohizuneko Luis-XIV izeneko plaza, Herriko Etxearen aitzineko hori. Ehun bozetarik 32 ukan ditu, boz guzien hiruetarik bat ezbaian beraz, beste bozak azkarki barreatu direlarik. Beste toki bihi batek ez du alabainan %10a gainditu, Bidarteko Sauveur Atchoarena plaza delarik bigarren, bozen %8arekin, kasik hein berean izanki Baionako Pasteur plaza, katedralaren ondokoa, ainitzek ez duketena alta berenaz hain arraroa kausitzen bainan katedrala han berean izaiteak laguntzen dukeena azkarki... Baionan beste plaza bat hein bertsurat heldu da, Askatasun plaza, frantsesez "Place de la Liberté" deitzen duten hori, Antzokiaren eta Herriko Etxearen aitzinekoa. Euskal-Herri barnekalde hortarik ere jin dira ihardespenak eta arras ongi sailkatua dago Donibane Garaziko merkatu plaza. Hendaian, portuaren bazterreko plazak boz andana bat ukan du, hor dugu ere Miarritzeko Bellevue delakoa. Ziburuko pilota-plaza eta Getariakoa ere ez dira urrun Angeluko Bost Kantoinekoaren ondotik. Ez daukute salatu noiz arte segituko duten ihardespen biltzen. Gisa guziz, Donibane Lohizunek hartua du abantzu polita eta nehor ez omen da hortaz biziki harritzen, bereziki Donibanen berean, frangotan erran baita, eta beti erraiten oraino ere, plaza horrek baduela Pariseko Montmartre famatuaren eite... Bestalde, plazaren bi aldetan badira hor biziki etxe ederrak. Hala nola elgarren ondoan, hamazazpigarren mendeko bi eraikin. Batto Lohobiagenea, Luix XIVaren etxea deitzen dena ardura, errege hori hor egon baitzen kasik sei aste, Donibanen esposatu zen keinka hartan. Bestea, dozena bat urte berantago eraikia, Herriko Etxea aterbetzen duena. Horiek hola, ezagun omen da ere ainitzek beren herria gogoan dutela bozkatu. Horrek erakusten du beren herria maite dutela. Eta gauzak ikusten dituztela beren bihotzeko begiekin...










