Hegoaldean | 2017ko Azaroaren 23a

Kostaldean

Azaroko azken igandearekin, badu urte asko Urruñako polikiroldegian izaiten dela kantaldi bat arraroa, herriko ikastola laguntzeagatik bai eta Ziburuko Piarres Larzabal kolegioa.

L'Arcusgi korsikar taldea Urruñan

Azaroko azken igandearekin, badu urte asko Urruñako polikiroldegian izaiten dela kantaldi bat arraroa, herriko ikastola laguntzeagatik bai eta Ziburuko Piarres Larzabal kolegioa. Aurten gomitatua dute L'Arcusgi korsikar talde famatua, lan gaitza deramana korsikar mintzaira eta kulturaren alde. Hamar bat kantari eta bospasei musikari. 1984an sortua Bastiako aldean, talde horrek azkarki harrotzen ditu bazterrak. Bere 30 urteak kartsuki ospatuak ditu, gaitzeko grabaketa arrakastatsua ateraturik karia hortarat. Heldu den igandean, azaroak 26, entzuten ahalko da beraz Urruñan, arratsaldeko 4etan. Lehenik ikastoletako haurrak dira kantuz ariko. Ondotik izanen da ostatua, taloak ere jaten ahalko dira, eta Kuxkuxtu txarangak aitzina airostuko du besta herrikoi hori. Kantaldirat sartzea 12 euro txartela aitzinetik segurtatuz, 15 euro han berean hartuz.

Hein batean...

Donibane Lohizunen, herriko kontseiluak azkenik egin duen bilkura frango luzea izan da bainan ez dute erabaki handirik hartu, aldiz xeheki aztertu herriko konduak, ikusiz ez bakarrik iazkoak bainan azken bospasei urtetakoak, Bordeleko gorte bereziak hel-arazi txostenaren argitarat. Oro har, herria ez doala hain gaizki hori du azpimarratu auzapezak. Berriz ere erran du Donibanen, denetan bezala, jasan behar ukan dutela urtetik urtera gobernuaren diru-laguntzen ttipitzea. Buruhausteak ba horrengatik Ez dira halere hain gaizki heldu duela bi urte ozka batez goititurik herri-zergak eta bestalde bozkatua izanik bigarren etxetako baliatzen diren bizitegien etxe-zergaren poliki emendatzea. Gehiengoan ez direnen arrangura, oro har obra gutixko egin dela azken bizpahiru urtetan. Hortaz frango ikusmolde desberdinak dira agertu. Gisa guziz, badira proiektu pizkorrak laster akulatzekoak, hala nola portu bazterreko auzoalde horren arramoldaketa, aldi bat baino gehiago aipatua duguna. Nola diruztatuko diren obra horiek, untsa kasu eginez ari beharko...

Dirua jinen omen da

Duela hamabost urte, "Prestige" izeneko itsasuntzia hondatu zen eta ikaragarriko kotsadura izan zen Espainiako aldean, Asturietan bereziki, bainan gure Kostaldean ere. Geroztik izan da zernahi gora-behera, gaitzeko ikerketa luzeak, esperten arteko eztabada samurrak, eta azkenik zernahi denbora iraun duen auzi bat, finkatzeko gisan nork nori zer pagatu behar duen damu-domai kondu. Auzia bururatu da beraz eta berehala jakin da Donibane Lohizunek altxatuko dituela 131.000 euro eta Bidartek 63.000. Ez nahiko zuten bezenbat, gastu handiagoak jasanak-eta, bainan dena ere on. Sos hori noiz jinen den, denbora poxi bat igurikatu behar naski...

Eginen dea?

Donibane Lohizune ez da orainokoan hiri bihi batekin parekatua. Denbora batez, duela ja hogoi bat urte, aipatu zen Zarautz gipuzkoar herriarekin parekatzea. Berrikitan, solasa hedatu zen holako zerbait egiten ahal litakeela Getxorekin. Urrats zonbait badira funtsean eginak xede hori gogoan. Orai, harremanak badira bestalde Kaliforniako Bakersfield hiriarekin. Donibanetik, herriaren izenean, zortzi lagun han izan berriak dira. Baziren beste zonbait lagun bidaia egin dutenak heiekin bainan beren kondu, hiru etxe ezagutuk gastuak pagatuz, holako harremanak emankor izan ditazkeela. Ongi etorri gaitza egina izan zaiote batzu eta besteri. Egun bat osoa iragan dute ere hango euskaldunekin. Denen buru, parekatzea eginen ote da? Geroak erranen du. Ainitz badira arras berotuak. Uzkur aire direneri iduritzen haatik parekatze bat egokiago dela hein bertsukoak diren bi herriren artean. Bakersfield hortan badira lau ehun mila biztanle, Donibanen hamabost mila...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3426. zbk

Deusik ez da jeloskeria baino gauza itsusiagorik.

Shakespeare

Gure Hitza | 2017/11/23

Erresiñola

Peio Jorajuria

Euskal zinema ohoretan da zenbait aste hautan.

Euskal zinema ohoretan da zenbait aste hautan. Joan den asteburu guzian iragan da Zinegin festibala Hazparnen, arrakastatsuki, festibal horrek urtetik urtera bere ziloa egiten ari duela Ipar Euskal Herriko panorama kulturalean. Manex Fuchs eta Eñaut Castagneten "Non" filmak ere publikoa ederki bildu du gure hiru euskal lurraldetako zine-geletan; sozial alorra jorratzen duen fikzioa greba mugimendu baten haritik doa. Halaber jendetsua Sandra Blondel eta Pascal Hennequin zinegile gazteen "Irrintzina, le cri de la génération climat" filmak tirriatu duen publikoa. Eta deritzuet dokumental hau zinez indartsua dela, Bizi mugimendu altermundialistako militanteek bereziki, Txetx eta holako batzuen ildotik, daramaten borroka eredu bezala ekarririk munduaren aitzinera, Frantzian gaindi eta haratago ere onddoak bezala zabaltzen ari diren Alternatiba egunak lekuko. Euskaldunak ez daude lo! Eta iragaten ari da ere Eugène Green zinegilearen "Faire la parole" filma, euskal kultura ohoratzen...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016