Inbido | 2017ko Azaroaren 23a

Udazkenean ere sagarnotegietarat?

Muslaria

Ez da noiz nahi joaiten ahal sagarnotegietarat, sasoin bat bada hortako...

Ez da noiz nahi joaiten ahal sagarnotegietarat, sasoin bat bada hortako... Horra frangotan zer aditu den, oraino ere aditzen funtsean. Hola mintzo da jendea bainan hori ez da halere arras hola... Egia erran, sasoin bat bada, urtarrilean hasten dena, lehen "txotx" hura egitearekin, sagarno berria atera orduko, eta apirilean edo maiatzean bururatzen da, nola gerta. Gero eta gehiago badira haatik muga hori hausten dutenak. Gisa hortan badira sagarnotegiak berantxago idekiak daudenak eta badira beste batzu alde bat idekirik egoki. Edozoin sasoinez ongi etorri goxo bat eginen dauzuete. Zernahi gisaz, sagarnoaren arrakasta, arras ttipitua izanik, azkarki emendatu da azken urte hamarkada horietan eta ez du iduri mugimendu hori eztitzerat doala. Bai Hegoaldean eta bai Iparraldean. Sagarnotegiak baditugu orai Lapurdin berean herri askotan. Azkaingo Txopinondo hori ezagutuenetarik izan behar da bainan badira ere besteak beste Baionan, Donibane Lohizunen, Arbonan, Biriatun eta hor gaindi. Badira ere Baxenabarren. Gipuzkoan aise gehiago, Donostiako alde hortan, hogoi bat Astigarragan berean, hala nola Petritegi, Iparraldean ere biziki ezagutua eta han ginen preseski joan den egun batez... Erdi-Arokotzat sagarnoa ezagutua zen, eta preziatua, ainitz tokitan. Paper zaharrek salatzen dute hamabigarren mendean sagarno hauta egiten zela Nafarroan, hala nola Leireko monastegian. Orai ere frangotan erraiten da sagarnoa, izaria atxikiz bistan dena, on dela osagarriarentzat. Sagarra bera ere ba omen. Erran zahar batek hauxe baitio, egun guziz sagar bat jaten duenak ez duela usu medikuaren ikusterat joaiterik...

Xutik jan behar

Usaia xahar frango beti begiratu dira sagarnotegietan. Jatekoa beti bertsua da. Bakalaua hasteko, ondotik txuleta, ardi gasna eta ardura kodoin erreximenta. Edateko, beti sagarnoa bistan da. Arnorik ez, ura haizu haatik. Zure basoarekin joan behar duzu sagarnoaren hartzerat. Denak lerroan bat bestearen ondotik, gupeltzainak "txotx" erraitearekin. Aldian sagarno guti hartuz, doi-doia bi xorta basoaren zolan, eta hein bat urrunetik. Gauza batzu aldiz kanbiatu dira. Lehen, eta ez hain aspaldi oraino, denek xutik jaten zuten. Oraino badira sagarnotegiak zointan ohidura horri atxikiak baitaude. Beste batzutan jartzen ahal zira zure gusturat. Eta beste batzutan bi eskualde badira, batean jarririk jaten da eta bestean xutik. Batzuk diote xutik janez harreman gehiago badela batzu eta besteekin, ez baitzira beti tokiaren gainean egoiten. Ez beraz beti jende beren ondoan. Baditake hori ere bainan ainitzek nahiago halere jateko denboran jarririk egon... Entzun dugu ere lekuka segurik eta denbora batez sagarnotegietan gizonak zirela bakarrik ibiltzen, emazterik ez zutela onartzen. Joan den egunean, Astigarragan preseski, erran daukute haatik hori ez zela arras hola. Emazteak ez zituztela onartzen urte hasteko lehen "txotx" hura egiten zenean, sagarno berriaren lehen jastaldian beraz, bainan gero emazteak ere jiten ahal zirela, nahiz guti heldu... Joan den hilabete hortan, gu han gertatu giren egunean, bazen gizon bezenbat emazte eta ardura hori hola izaiten omen da... Aspaldixkoan gainerat. Dena den, hoinbeste jende joaiten-eta sagarnotegietarat, tokian berean ez da aski sagar izaiten denentzat sagarnoa ausarki izaiteko. Sagar ainitz kanpotik ekar-arazten da. Bainan badira sagarnotegiak, gisa hartako galdea badutelakotz, berex egiten baitute Euskal-Herrian berean bildu sagarrekilako sagarnoa... Hemengo bereko sagarrak ez duela parerik. Nahiz hemen ere baden sagar mota bat baino gehiago...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3426. zbk

Deusik ez da jeloskeria baino gauza itsusiagorik.

Shakespeare

Gure Hitza | 2017/11/23

Erresiñola

Peio Jorajuria

Euskal zinema ohoretan da zenbait aste hautan.

Euskal zinema ohoretan da zenbait aste hautan. Joan den asteburu guzian iragan da Zinegin festibala Hazparnen, arrakastatsuki, festibal horrek urtetik urtera bere ziloa egiten ari duela Ipar Euskal Herriko panorama kulturalean. Manex Fuchs eta Eñaut Castagneten "Non" filmak ere publikoa ederki bildu du gure hiru euskal lurraldetako zine-geletan; sozial alorra jorratzen duen fikzioa greba mugimendu baten haritik doa. Halaber jendetsua Sandra Blondel eta Pascal Hennequin zinegile gazteen "Irrintzina, le cri de la génération climat" filmak tirriatu duen publikoa. Eta deritzuet dokumental hau zinez indartsua dela, Bizi mugimendu altermundialistako militanteek bereziki, Txetx eta holako batzuen ildotik, daramaten borroka eredu bezala ekarririk munduaren aitzinera, Frantzian gaindi eta haratago ere onddoak bezala zabaltzen ari diren Alternatiba egunak lekuko. Euskaldunak ez daude lo! Eta iragaten ari da ere Eugène Green zinegilearen "Faire la parole" filma, euskal kultura ohoratzen...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016