Euskal diaspora | 2017ko Azaroaren 23a
Brasildik Lurdera, Bizkaiko Gernikatik La Platara, Bartzelonatik AEB eta Txilera
Joseba Etxarri
Gaurkoa zorion agiantzak igortzen hasiko dugu, heldu den igandean bere 58. urtebetetzea ospatuko baitu Brasilen, Sao Pauloko Eusko Alkartasuna Euskal Etxeak.
SAO PAULO, BRASIL
Gaurkoa zorion agiantzak igortzen hasiko dugu, heldu den igandean bere 58. urtebetetzea ospatuko baitu Brasilen, Sao Pauloko Eusko Alkartasuna Euskal Etxeak. Elkartearen egoitza den 'Gernika Kutun' etxaldean elgarretaratuko dira bazkide eta lagunak, hor hazten den Gernikako Arbolaren kimuaren itzalpean, eta pintxo batzu janen dituzte, arno sortaño bat partekatu, kontu zahar eta berriak erranik elgarri, zenbait zozketa ere eginik. Ongi itzali kandelak eta aitzina beti, Sao Pauloko Eusko Alkartasuna!
LURDE, FRANTZIA
Lurde aldeko euskaldunek ere izanen dute zer ospatu egun berean, igande huntan eginen baitute baita ere Denak Elgarrekin Bigorrako Euskal Elkartekoek beren urteko euskaldun besta. Goizeko 10:30etan hasiko da Denak Elgarrekin koralak kantatuko duen mezarekin eta egun osoan segituko, bazkaria eta kantuekin, musika eta balarekin, Menditarrak orkestraren airez. Tarbeko Espace Robert Hossein besta-areto ohian eginen da. Xehetasun gehiago 0562940806 zenbakian.
GERNIKA, BIZKAIA
Asteburu huntan ere, baina ebiakoitzean, kontzertua emanen du Gernikan, Pariseko Eskual Etxeko Gernika Abesbatzak, Laura Etchegoyhen zuzendari, Gernika bereko Andra Mari Koralarekin, Carolina Fetescu zuzendari. Lizeo Antzokian izanen da, 20:00etan, eta ondoren elkartasun afaria partekatuko dute bi koralek.
LA PLATA, ARGENTINA
Ostiralean, berriz, Buenos Airesko Zutarriak musikari talde euskal-argentinarrak kontzertua emanen du La Platan, hiriko Euskal Etxeko Matxin Burdin liburutegia antolatzaile. Ekitaldian, taldeak bere Bagare proiektua aurkeztuko du, emanaldia eginen eta gaualdia Euskal Etxeko Lagun Artean txokoan euskal elkartekoek prestatu afariarekin bururatuko dute, musika eta kantuak ere partaide doaike.
BARTZELONA, KATALUNIA
Bere 2017ko edizioko azken saioak ditu Bartzelonako Euskal Herria Sona jaialdiak, hiriko Euskal Etxea antolatzaile. Aste huntan, ostegunean, Miren Narbaizak (Mice) eta Naminak joko dute; ostiralean, Ainara Legardonek eta Sewardek; larunbatean, Doctor Deseok; eta EH Sonak 20 urte betetzen dituen edizio huntako azken saioa, abendoaren 1ean emanen du Zea Maysek. Lan ederra EH Sona-k eta Bartzelonako Euskal Etxeak euskal erakusleiho izaten egiten dutena!
USA eta SANTIAGO, TXILE
Ostegun huntan ospatuko dute Estatu Batuetan Thanksgiving edo Esker Emate Eguna. Boisen, bezperan familien biltzea eginen dute Euskal Etxean, bakotxak etxetik eraman janariak banaturik. Beste euskal etxe batzuk ere biltzeko baliatuko dute. Urte ondar huntan, berehala hemen da Abendaren 3a eta Euskararen Nazioarteko Eguna. Txileko Santiagon, aitzinatu, eta ostegun huntan ospatuko dute egun osoko ekitaldi batez Txileko Unibertsitatean, hitzaldiak, Bertsolari filma, pintxoak, Agurra eta Euskara Tailer batekin. Bada, ba, munduan prefosta gure hizkuntza eta kulturaren alde lan egiten duen jenderik!











