Azalekoa | 2023ko Agorrilaren 03a

Luhusoko kabalkadaren aldi!

M.O.

Luhusoko%20kabalkadaren%20aldi!

Uda bururatzera joanen delarik, Luhuson aurtengo kabalkaden azken ikusgarriarentzat gomita zabaldua da. Bildu gira Maider Curutchet eta Christian Echeverriarekin, azaldu daukute Kabalkadako lanak zertan diren.

Luhuson kabalkadaren ohidura

Luhusoarrek azken emanaldia 2002an eman zuten, 2022an nahi ukan zuten 20 urteak ospatu, izurriteak abiatu proiektua geldiarazi zuela. Ez dira etsitu, urte baten berantarekin bada ere, agorrilaren 26an (18:00) eta irailaren 2an (17:00) Luhusoko plazan, uda huntako azken kabalkada emana izanen da.

Duela 20 urte antolatu kabalkadak herrian oroitzapen onak utzi bazituen, Polliki herriko dantza taldea gertakari horri esker sortu zen.

Maider Curutchet eta Christian Echeverriak kontatzen zuten duela 20 urte eman kabalkada, herrian ez zela lehena emana izan zena. Aurtengo ikusgarria prestatzeko Xabier Itzaina itsasuarra, Zientifiko Zentro Nazionaleko ikerlaria, etorrarazi dute kabalkaden eta Libertimenduen ohidurak zein nolakoak ziren azaltzera. Gurekin bilduak zirenek zioten Luhuson aitzineko mendean ere anitz kabalkada muntatuak izan zirela.

Kabalkadaren formatua adostu eta, antzerkilari, dantzari, kantari eta hainbat eskukaldi emaiten duten pertsona, bakoitza lanean hasi da. Orain urte bat iraun duen prestakuntzaren laneri agertzeko tenorea etorria zaie.


2023ko Luhusoko kabalkada

Beste kabalkadetan bezala, denak hein berean izaiteko gisan, dantza ez zekitenek edo kantatzeko ohidurarik ez zutenek, aitzin trebatzen arizan dira. Orain denak plomuan direla, luhusoarrak errepetizio orokorretan biltzen dira.

Dantza parteari doakionez, 130 herritar, Patoche Marianne, Delphine De Oliveira, Laurent Harignordoquy eta Maider Curutchet-ek kudeaturik, herriko plaza koloreztatuko dute. Mutxikoak, Soka Dantza... eta fandangoa bermoldatuak izan dira. Taldeka, astean 3 aldiz, dantza desberdinak ikasi dira, hasieran ez zekitenengandik "ez naiz kapable" entzun bada, orain denak gogotsu jokoan sartuak dira.

Antzerki sailean, 25 luhusoarrek zirtzilen jokoa eramanen dute. Multzo bat bildu eta, taldean adostu trama, Xermin Camblong-ek paperean idatzi du. Peio Berterretxe makearrak du zuzendaritza bere gain hartu. Gaia zein izanen den ez da salatua izan, funtsean gurekin zirenak ere ez ziren jakinean.

Kabalkadetan ez bada ohidura kantua ikusgarrian sartzea, dantzan ala antzerkian beren burua gai senti ez zirenek parte hartzen ahalko dute. Kantua eta dantza bateraturik uztartuko dira. Hitzak Christian Echeverria eta Xerminen eskutik, soinuak Seb Othaburu arrabita joilearenganik.


Herri guzia prestakuntza lanetan

Luhuso herriari, beste herri anitzetan bezala, jende kopurua azken urteetan emendatu zaio, ondorioz etorri berriak ez dira baitezpada ezagutzen, ikusgarriari esker lotura egiten hasi da. Christian Echeverriak, sortzez donazahartarra, kontatzen zuen 2002an kabalkada muntatu zelarik, orduan zela bere familiarekin herrira bizitzera etorri. Ikusle bezala ikusgarria segitu zuen, 20 urte berantago partaide izaiteaz kontent agertu da. Maider Curutchet luhusoarra baldin bada, ez da gehiago sorterrian bizi, bestetan herritarrak gurutzatzen baditu, kabalkadari esker plazer hartzen du berriz horien ikustea.

Familia osoek, gaztetik aitama arte, ikusgarriaren prestakuntza lanetan parte hartzen dute, holako gertakari baten prestatzeak ahalbidetzen du belaunaldien arteko trukaketa eta loturak sortzea. Dendariek eramaiten ari duten lana aipatua izan da, 100 pasa dantzarien jauntzien joste lanetan arizan baitira.


Gauza praktikoak

Luhusoko plazan 1.200 pertsonen lekua izanen da, aparkatzeko leku eskasagatik galdegina da eginahalaz auto-partekatuetan etortzea. Heletakoa pasatu eta, txartelak salgai izanen dira, erosteko lekuak ez dira oraino finkatuak, HelloAssoren bidez ere egiten ahalko da. Ondotik animazioak aurreikusiak dira, agorrilaren 26an, Adartza eta Ixtaklok taldeek animatuko dute gaualdia eta bigarrenean, irailaren 2an, Kontrabanda taldea hor izanen da.


Bildua ginelarik, pirtta-pirttaka luhusoarrak etortzen ziren dantza errepetiziora. Ikusiz zein plazer zuten, pentsatzekoa da, agorrilaren 26an (18:00) eta irailaren 2an (17:00), etorriko diren ikusleak ere plazer berdinarekin etxera sartuko direla!


Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3701. zbk

Gure Hitza | 2023/08/03

Hurbiltzen ari...

Janbattitt Dirasar

Hemendik urte baten buruan Olinpiar-Joko lehiaketa guziz famatua hasiko da Parisen. Jadanik, urte bat aitzinerat beraz, ikaragarriko burrunba bada zoin-gehiagoka hori hurbiltzen ari dela-eta. Beharriak tutatzen ere gaituzte istorio horrekin. Egia da holako gertakari batek bazter guziak inarrosten dituela. Untsalaz alabainan zernahi joko motetan, mundu guziko jokolari hoberenak hor izanen dira eta denek erakutsi nahiko dute beren talendu nasaiena. Bilduko da jende anitz eta izanen da ere espantu! Sobera denen buru? Nik dakita! Alde batetik munta handia dute holako egunek, hori ez da aise ukatzen ahal! Mundu guziak aipatzen ditu alabainan! Diotenaz, gisa hortan kirol gehienen arrakasta emendatzen da, gero eta gazte gehiago emanak zaizkiote eta hori bera ez da guti bixtan da! Kar hori denborarekin berriz eztitzen bada ere. Arrangurak badirela, diru negozio oker eta gaineratiko, ez ote da paso ere joan behar batzuetan? Olinpiar-Jokoak lau urtetarik egiten dira eta sekulan ez...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016