Herriz Herri - Banka (NB) | 2023ko Agorrilaren 03a
Sortze - Plazako pilota xapelketa - Tuniok ateak zabalik
Sortze
Goresmenak Arretchea Xavier eta Juanicotena Valérieri. Ongi etorria egin diote beren lehen bildotx buru beltzari. Zorionak sortu berriari. Andde eman dakote izena. Joan den urtean alargun gelditu zen Sorogaineko etxola, bere artzaina galdurik, baina aurten sortu da bere ordaina: agian artzaintza maitatuko du, Xalbadorrek bere etxolari eman bertsuari jarraikiz:
"Baina gaur zer senditzen dut? Zer heldu da ene gana?
Jazdanikan aurtenerat bortitza zaut mendi gaina,
Gehiago luzaz ez nitaike izan lehengo artzaina,
Bainan, etxola, ez, otoi, trista: utziko dautzut ordaina!"
Plazako pilota xapelketa
Aurten ere xarmanki iragan da plazako pilota xapelketa, 50 parte hartzailerekin, 4 mailatan. Irabazleak hauek izan dira:
- 1. mailan: Iban Idiart-Pierre Rodrigues 33-Sébastien Gorostiague-Antton Aldacourrou 40.
- Buruz buruka: Albert Inchauspe 29-Beñat Inchauspe 30.
- 2. mailan: Xavier Barnetche-Anaïs Elgart 37-Tehexa eta Haize Oçafrain 40.
- Nahasketa mailan: Ana Izoco-Iñaki Oçafrain 40-Lisa Greciet-Sylvain Lalorette 21.
Ikus argazkiak.
Tuniok ateak zabalik
Atzineko ibiakoitzean, uztailaren 22an, herritarrek parada ukan dute Tunio etxea bisitatzeko. Etxe hori historiaz betea da, karrikako arima atxiki baitu. Dijon aldetik jina zen itze saltzaile batek, Tunio izenekoa, eraiki zuen 1830ean eta ideki zuen hor kinkailleria bat; ondotik denetariko saltegia izana da, gero kantina, buxeria eta katexima lekua. Ateak idekiak zituen beti etxe horrek, baina azken urteetan, utzia gelditu zen. AIBAk 2012an abiatu gogoeten ondotik, Herriko Etxeak bultzatu zuen bizitegi proiektu bat etxe hortan. Ondorioz, "Office 64 de l'Habitat" departamenduko egiturak erosi eta osoki arraberritu du, 6 apartamendu eder eginezadineko jendeentzat eta 1 gazteagorentzat. Herriko Etxeak bermatuko du bizitzaile horien zaintza, ahal bezain ongi eta luzaz goxa daitezen herrian. Buruilaren 28an sartzekoak dira lehenbizikoak, denak Banka edo ibarrekoak, baina badira oraino bi bizitegi hartzekoak direnak. Laurogei bat jende bildu da beraz ibiakoitzean apartamendu horiek bisitatzeko eta ondotik proiektu hortaz mintzatzeko Olhaberri ostatuan. Erran behar da langile guziak bihotzez aritu direla etxea eginahala ederki antolatzeko, nahiz eta ez duten lana beti errexa ukan. Barnean tindatua zen paretako fresko handia hautsi behar izan zen, baina argazkieri esker, berriz margotua izanen da, berdin-berdin, barneko murruak apaintzeko. Libro gelditzen diren apartamenduetariko bat hartzeko interesa duenak dei dezala gustuan Herriko Etxerat xehetasunak ukaiteko.











