Gure Hitza | 2023ko Agorrilaren 03a
Hurbiltzen ari...
Janbattitt Dirasar
Hemendik urte baten buruan Olinpiar-Joko lehiaketa guziz famatua hasiko da Parisen. Jadanik, urte bat aitzinerat beraz, ikaragarriko burrunba bada zoin-gehiagoka hori hurbiltzen ari dela-eta. Beharriak tutatzen ere gaituzte istorio horrekin. Egia da holako gertakari batek bazter guziak inarrosten dituela. Untsalaz alabainan zernahi joko motetan, mundu guziko jokolari hoberenak hor izanen dira eta denek erakutsi nahiko dute beren talendu nasaiena. Bilduko da jende anitz eta izanen da ere espantu! Sobera denen buru? Nik dakita! Alde batetik munta handia dute holako egunek, hori ez da aise ukatzen ahal! Mundu guziak aipatzen ditu alabainan! Diotenaz, gisa hortan kirol gehienen arrakasta emendatzen da, gero eta gazte gehiago emanak zaizkiote eta hori bera ez da guti bixtan da! Kar hori denborarekin berriz eztitzen bada ere. Arrangurak badirela, diru negozio oker eta gaineratiko, ez ote da paso ere joan behar batzuetan? Olinpiar-Jokoak lau urtetarik egiten dira eta sekulan ez toki berean. Aspaldian ez izanak Frantzian, parada hauta da aldi huntan Parisen baitira! Kirol guziak ez direla onartuak, hortaz ere baditake haatik nun zer erran, untsa domaia da pilotari konparazione ez bazaio tokiño bat egin, beste askok bezenbat hartzen ahalko zuena, guretzat segurik ez da hortan dudarik! Gainerat, ez da gaizki hori, jokoak hiri batean egitearekin, herrialde guzian gaindi muntatzen da zernahi bilgune, bada zernahi hitzordu eskuin eta ezker, eta ondorioz bazterrak oraino gehiago harrotzen dira, ahal bazain azkarki eta ahal bazain sanoki! Jokoak hor direlarik bainan ere aitzineko hilabetetan! Sail aberatsa da zinez eta biziki nasaia! Itzalak itzaleri, goazen berriz ere paso. Nahiz bestalde ja fama handia duten jokoak dien oro har irabazle handienak, futbola eta saskibaloia besteak beste, bai eta lasterketa eta igerika jokoak, kasik mundu guzian handizki aipatuak. Aupa Olinpiar-joko horiek beraz bainan hor ere denetan bezala izari bat atxikiz, soberakina beti soberakina dela, hori ere gauza jakina izanki, ez duguna beraz gogotik galdu behar. Jin ditela goxoki joko horiek eta jakin dezagun gero ere sanoki bermatzen.
Dena den, hoinbeste denbora aitzinerat hedatzen den burrunba izigarri horrek ez daizkigu ahantzarazi behar gaineratiko harat-hunatak eta uda betean bereziki badela zernahi besta! Baionako bestak iragan dira eta beste frango jinen ondotik. Baionan preseski neurri berezi asko hartu da, usaian baino gehiago zernahi gisaz, gauzak zalaparta handiegirik gabe iragaiteko. Bortxaketarik ez izaiteko, ez eta beste bortizkeriarik. Ez sobera arrabots bestalde, eskualde hortarik ere ardura izanik buru-hauste gaitzak! Gauak gau berdin, jende frangoren nardagarri! Beste besta anitzetan ere on liteke gogo berarekin bermatzea, nunahi baitira arrabots soberakin hori kaltegarri daukatenak. Eta azkarki salatzen dutenak. Bestak izan diten denentzat bestak, denen atsegingarri beraz, herriko patroina ohoratuz, elkarteen eragina preziatuz, adin guzietako biztanleak gogoan!
Betiko ohidurak atxikiz, bada frango eta frango, horrek berak zerbait balio du. Pilotari bere tokia emanez, bertsulari eta kantariak gomitatuz, horien parte hartzea baitezpadakoa ere baita, nork erranen du ezetz! Dantzaldi airos eta harro askorekin. Bazkari eta afari onak eginez, elkartasun herrikoia haziz urrats guzietan, hortan ditake giltza edo gakoa, behialakoak ziona! Olinpiar-Jokoek fama gaitza dutela, gure bestek ere gisa hortako fama ukan dezatela nolazpait gure artean! Lehen bezala, aurten eta ondoko urtetan!










