Herriz Herri - Luhuso (L) | 2023ko Agorrilaren 03a
Espekulazioaren kontra: "Atxik Luhuso" kolektiboa - Herriko bestak - Kabalkda
Espekulazioaren kontra: "Atxik Luhuso" kolektiboa
Jakin da bi jabe pribatuk Sporting promotorearen galdeari baikorki erantzun diotela, ondorioz espekulazioaren kontra, "Atxik Luhuso" kolektiboa sortu da. Tolosan kokatua den agentziak 38 etxebizitza eraikitzeko proiektua du. Lur eremuaren prezioa, metro karratuko 250/300€ inguruan salduko lirateke, 1.000m2ko terreno batek 280.000€ gosta lezake. Herriko Etxeak eraiki azken lotizamenduan baino hiru aldiz garestiago, 90€ metro karratua saldu zen bataz beste. Kolektiboak zioen: "gauzatuko balitz, proiektu hunek barnealdeko lurren prezioa emendatuko luke, ezagutzen ditugun ondorioekin. Etxebizitza eskuratzea gero eta zailago bilakatuko litzateke tokiko biztanle eta haurrentzat, hau da, biharko belaunaldientzat. Erreferentziazko prezioen igoeraren eraginez, gure buraso eta aitatxi-amatxiek zailtasun gehiago lituzkete beraien ondasunak transmititzeko".
Horren kontra altxatzeko petizio bat abiatua da: www.change.org/atxikluhuso gunearen bidez edozeinek izenpe dezake.
Herriko bestak
Agorrilaren 11n hasiko dira zikiroarekin, 15 arte iraunen dute. Lau egunez animazio anitz izanen da. Andredena Mariz meza (10:00) Makeako Ganixtarrekin, herritarren eguna, bazkaria plazan eta arratsaldez Polliki herriko dantza taldearen ikusgarria (17:00).
Kabalkada
Besten ondotik, aste bat barne Kabalkadaren aldi izanen da, agorrilaren 26an lehen emanaldia emanen da (18:00), ondokoa irailaren 2an (17:00), biak larunbatez. Galdegina da eginahalaz etorriko direnak auto-partekatuz etor daitezen, herrian aparkatzeko lekua justu izanez.











