Hegoaldean | 2023ko Agorrilaren 03a
Hauteskundeak
A.E
Sondeoek eskuinaren eta ultra-eskuinaren garaipena aurreikusten bazuten, emaitzek gezurtatu dituzte: PPk, nahiz eta boto kopuru handiena lortu, eskuinak ez du espero zuen emaitzarik lortu, ez eta VOX bere partaideak, aldiz PSEk uste baino emaitza hobea lortu ditu. Azpimarratzekoa da Sanchezek emaitza ona euskaldunei ala katalanei esker lortu dituela. PPk ezingo du gobernua osatu eta sozialistek aldiz aukera badute, beste alderdiekin koalizioa osatzen lortzen badu.
Euskal Herrian - Uztailaren 23ko hauteskunde orokorrak PSE-EEk irabazi ditu, Euskal Autonomia Erkidegoan boto kopuruari begiratuta, %25,28 eskuratu baititu. Bigarren lekuan EAJ gelditu da, botoen %24,02rekin, baina biziki hurbil EH Bildu, hirugarren postuan, %23,95arekin. Diputatu kopuruari begiratuta, hiru alderdiek berdinketa lortu dute: bosna eskuratu dituzte. PPk bi ordezkari lortu ditu eta Sumarrek bat. Nafarroa kontutan hartuz, Euskal Herriko lau lurraldetan, PSE atera da garaile eta 7 ordezkari Madrilgo Gortera bidaliko ditu. Bigarren postuan EH Bilduk boz kopuruan egin jauziari esker bigarren postuan kokatzen da, 6 aulkirekin; EAJ-PNVk boto parrasta galtzen du aitzineko hauteskunderi konparatuz, 5 aulki lortu ditu. PPk 3 hautetsi ukanen ditu eta VOX-ek bakar bat ere ez.
PPk aulki bat gehiago atzerriko botoei esker - Jarleku bat gehiago lortu du Madrilen, PSOEri kenduta, atzerriko botoei esker. Atzerrian bizi diren Espainiako Estatuko hautesleek utzitako botoen zenbaketak aurrera jarraitzen du, probintzietako hauteskunde batzordeetan. PPk eserleku bat gehiago lortu du Madrilen, PSOEri kenduta. Balizko inbestiduran, Pedro Sanchez gutienez Junts Katalan alderdiko diputatu baten babesa lortzera behartuko du, abstentzioarekin ez bailitzateke nahikoa izanen.
Gobernu progresista edo hauteskundeak errepikatzea - Uztailaren 23ko hauteskunde orokorrek atea hetsi diote eskuina eta ultra-eskuinaren gobernuari: hots PP eta VOX-ek elkartuz ez baitute gehiengorik. Bi aukera mahai gainean gelditzen dira: berriz gobernu progresista osatzea edo bozak errepikatzea.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, PSOEko hautagai zena, ezustea eman du berriro, azken hilabetetako inkesta guziak irauliz eta ustekabeko emaitza onak lortuz. Sanchezek koalizio gobernua errepikatzeko, katalanen laguntza beharrezkoa du. Alderdi kataluniarraren lehen adierazpenak entzun dira, iduriz bide zaila izanen da: "Ez dugu Pedro Sanchez presidente egingo ezerezen truke". Sanchezen inbestidura saiakerak porrot egiten badu, hauteskundeak errepikatzea izan litzateke ondorioa, Eguberri aldera.
Epeak abuztuaren 17an hasiko dira. Egun hartan, Kongresu berria osatzeko saioa egin da eta horren ostean litekeena da, inbestidura saioa abuztu hondarrean ala irail hasieran egitea.










