Ba ote dakixu? | 2023ko Agorrilaren 03a

George Orwell (2/2)

Gilen Bacho

George%20Orwell%20(2/2)

1940an, Espainiatik landa gerla Europa osora hedatu zen. Udan, Frantziako bataila irabazi eta, Naziek, haien aliatuekin, kasik Europa osoa okupatzen zuten baina Erresuma Batuak, bakarrik izanez ere, guduka segitzea erabaki zuen. Borroka horretan, Orwellek bere herria defendatzea hautatu zuen. Ez armekin, baina hitzekin. Bere abertzaletasuna erakutsi zuen sozialismoari buruzko bere engaiamendua ukatu gabe.

Abertzaletasun iraultzailea

2. mundu gerla denboran, Orwell BBC irratiarentzat eta Tribune kazetarentzat (alderdi laboristarena) kronikaria zen. Beste ezkerreko aldizkari batzuentzat ere, eta ez bakarrik ingelesak, adibidez Partisan Rewiew-rentzat, amerikar ezker erradikaleko aldizkari bat, zeinean 1944ko kronika batean 1942a arte "handizki tronpatu" zela idatzi zuen, bere "funtsezko hutsa (...) ezinezkoa zela gerla irabaztea hura egiteko modua demokratizatu gabe" pentsatu baitzuen. 1940an, abertzaletasun iraultzailearen ideia garatu zuen, formula honekin laburbildu zitekeena: iraultza egitea Ingalaterran ezinezkoa izango liteke Hitlerrek irabazten bazuen (horregatik ez zen bakezalea, bere lagun anarkista zenbaiten gisan), baina gerla irabaztea ezinezkoa zen iraultzarik gabe (bakarrik langileen eta klase ertainaren arteko aliantzak borroka irabazteko bidea eman zezakeen). 1943tik goiti, aliatuen garaipenak ikusiz, iraultzarik gabe lortuak izan zirenak, Orwellek bere ikusmoldea (bigarren partea bederen) faltsua zela onartu zuen. Orwellentzat, bere hutsak onartzea ez zen batere zaila, ez zela egiaren jabe anitzetan erran baitzuen. Homage to Catalonia bere liburuaren bururapenean irakurleeri kontseilu hori eman zuen: "Nire alderdikeriaz mesfidatu, baita ere egin ditzakedan datuen hutsekin eta gertakarien zati bat bakarrik ikusi izanak nahitaez ekartzen duen deformazioarekin". Orwellek ez zela egiaren jabe bazekien baina ere nehor ez zela egiaren jabe. Ideia hori bere maisulanen zentroan izan zen.


Totalitarismoaren kontra, sozialismoaren alde

1944ko otsailean, George Orwellek eleberri berri bati azken hitza eman zion, "Abereen Etxaldea" ("Animal Farm") titulua eman ziolarik. Baina ez zen berehala argitaratua izan, lau editorek testua argitaratzea errefusatu baitzuten. Oraino gerla denbora zen eta Staline behar-beharrezko aliatua. Horregatik, estalinismoa gogorki salatzen zuen eleberri hori ez zen argitaratu ahal izan. Denek "Napoleon" xerriaren gibelean sobietar diktadorea ezagutu zuten eta "abere guziak berdinak dira baina zenbait batzuk baino berdinagoak dira" manamenduaren gibelean sobietar komunismoaren salaketa ikusi zuten. Orduan, "Abereen Etxaldea" bakarrik 1945eko agorrilean argitaratu zen, gerla irabazia izan zelarik. Zenbaitentzat, "Abereen Etxaldea" da Orwellen maisulana (hori errango nuke ere) baina egia, jende gehienentzat, bere maisulana bere azken liburua dela, 1949an argitaratu zuena. "1984", nork ez du liburu hori ezagutzen? Orwellek kasik beste titulu bat hautatu zuen, "Azken Gizona Europan". "1984"ko gizarte totalitarioan, nehork ez ditu gehiago bere libertateak eta pentsaketa ahalmenak erabili nahi eta ez ahal ere, salbu eleberriaren heroiak, "azken gizona" deituak. Beste guziak ez dira gehiago "gizonak", ez baitute libreki pentsatzen. Eleberrian, denek gobernuak eraiki duen Egia sinesten dute ("Egiari" buruz, Orwell ez zen optimista geroarentzat: "Egia objektiboaren kontzeptua mundutik desagertzen ari delako sentimendua, bonbak baino anitz gehiago beldurrarazten nau"). Bere bi liburu ezagunenek sobietar totalitarismoa salatzen baitzuten, kontserbadore mugimendu anitzek Orwell errekuperatu nahi izan zuten (egun oraino) baina Orwell bere bizi bukaera arte (1950eko urtarrilaren 21ean zendu zen, 47 urterekin bakarrik, tuberkulosia ukanik) "sozialismo demokratikoaren" aldekoa eta ezkerreko gizona egon zen.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3701. zbk

Gure Hitza | 2023/08/03

Hurbiltzen ari...

Janbattitt Dirasar

Hemendik urte baten buruan Olinpiar-Joko lehiaketa guziz famatua hasiko da Parisen. Jadanik, urte bat aitzinerat beraz, ikaragarriko burrunba bada zoin-gehiagoka hori hurbiltzen ari dela-eta. Beharriak tutatzen ere gaituzte istorio horrekin. Egia da holako gertakari batek bazter guziak inarrosten dituela. Untsalaz alabainan zernahi joko motetan, mundu guziko jokolari hoberenak hor izanen dira eta denek erakutsi nahiko dute beren talendu nasaiena. Bilduko da jende anitz eta izanen da ere espantu! Sobera denen buru? Nik dakita! Alde batetik munta handia dute holako egunek, hori ez da aise ukatzen ahal! Mundu guziak aipatzen ditu alabainan! Diotenaz, gisa hortan kirol gehienen arrakasta emendatzen da, gero eta gazte gehiago emanak zaizkiote eta hori bera ez da guti bixtan da! Kar hori denborarekin berriz eztitzen bada ere. Arrangurak badirela, diru negozio oker eta gaineratiko, ez ote da paso ere joan behar batzuetan? Olinpiar-Jokoak lau urtetarik egiten dira eta sekulan ez...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016