Han eta Hemen | 2024ko Ekainaren 06a
Departamenduak 17 milioi euro bozkatuak
Aldi bat gehiago publikatzen dugu Departamenduak maiatzean bozkatu buxeta. Sektore desberdinetako elkarte eta egiturak, Herriko Etxeak eta Biarnoa eta Euskal Herriko elkargoak lagunduak izanen dira proiektu batzuen plantan jartzeko.
Egoitza pribatu eta publikoentzat: 3,9 milioi euro
"Etxean ongi izan" programaren baitan, Departamenduak jabe pribatuak laguntzen ditu etxebizitzak hobetzeko, 218.004 euroko buxeta bozkatua izan da. Helburua da egoitza prekarioetan bizi direnen laguntzea, xahutze energetikoaren kontra etxebizitza zahartuak egokitzeko.
Departamenduak, gisa berean, etxebizitza proiektuak obratzeko tokiko egitureri diru laguntza baztertu du. ADIL elkarteak (Etxebizitzaren Informaziorako Departamendu Elkartea) 87.000 euro ukanen ditu. "Compagnons bâtisseurs Nouvelle-Aquitaine" elkarteak 30.000 euro, bere aholkularitza misioetan laguntzeko, bereziki hiri-zentroetako etxebizitzak hobetzeko tailerrak sustatuz.
Herrietako egoitzetan obrak egiteko Departamenduak 317.622 euro bozkatu ditu, 15 etxebizitza ekoizteko. Horietan Euskal Herriko partean bi herri lagunduak izanen dira: Lekuinen 5 egoitzarentzat (100.000 euro) eta beste 2 Donaixti-Ibarren (40.000 euro).
Bestalde Paue/Biarnoko elkargoak 13 etxebizitza ekoizteko 263.000 euro bozkatuak izan dira eta Euskal Elkargoak 2.912.161 euro eskuratuko ditu 193 egoitza eraikitzeko: Donapaleun 25 (425.000 euro), Baionako Darrigrand auzoan 16 (240.000 euro) eta Mauleko Belzuntzen 35 (195.000 euro).
Etxetako laguntzentzat
Adinetakoek edo eri direnek, bai eta hauetaz arduratzen direnek, behar dituzten tresnak eskuratzeko 1.742.950 euroko aurrekontua bozkatu da. “Kamioi autonomia” deitu proiektua lagundua izanen da. Ibilgailua etxez etxe ibiliko da, adinetako pertsonak laguntzeko (304.500 euro). Zaintzaileak laguntzeko formazioak plantan jarriko dira, mintzatzeko taldeak, bizitzak salbatzeko tailerrak... horretarako hautetsiek orotara 196.904 euroko laguntza bideratu dute. Etxean diren adineko pertsonen autonomia galtzea saihesteko, programak osatuko dira, bereziki erorketak prebenitzeko tailerrak edo gimnastika aktibitateak, 37 ekintza proiektuk edota elkartek 1.108.605 euro eskuratuko dituzte.
Profesional integraziorako: 3,5 milioi euro
Departamenduak lanerako integrazio programa finantzatzen du, Estatuaren laguntzarekin batera, RSA hunkitzen duten pertsonak laneko bidean ezartzeko, integrazio-tailerrak antolatzen dituzten egitureri diru laguntzak bozkatu dira: integrazio profesionalerako 2.422.938 euro, “Lan Gaitasunen Ibilbide” kontratuetarako (PEC) 639.100 euro, iraupen mugatuko laneratzeko kontratuetarako 1.769.838 euro eta kudeaketa-gastuetarako (14.000 euro).
“Lan Gaitasunen Ibilbide” (PEC) kontratuaren helburua da langabezian dena modu jasangarrian profesional munduan integratzea. Sail horretan lan egiten duten egiturentzat 1.183.766 euro bozkatuak izan dira. Ipar Euskal Herriko partean Atherbea elkarteak 109.156 euro, Avenir elkarteak 33.876 euro, Uhaldia Etxaldeak 33.876 euro eta Lagun elkarteak 75.280 euro.
Herrietara 1,2 miloi
Ipar Euskal Herriari dagokionez lau Herriko Etxek laguntzak eskuratuko dituzte: Armendaritzeko herriko gelaren arraberritzeko 160.000 euro, Donamartiriko herriko plazan obrak egiteko 100.462 euro, Aldudeko Herriko Etxea normetan ezartzeko 100.154 euro eta 48.000 euro Bidarteko erdiguneko hondartza berduratzeko eta arraberritzeko.
334.016 euro: "Terre de Jeux 2024" proiekturako
Departamenduak 334.016 euroko diru laguntza bozkatu du “Terre de Jeux 2024" proiektu deialdiarentzat. Deialdi horren baitan Itsasuko herriak 145.320 euro eskuratu ditu, Balaki trinketeko obrak egiteko.