Herriz Herri - Senpere (L) | 2024ko Ekainaren 06a
Arrantza Eguna - Dantza ikusgarria - Maitetxoak haurtzaindegia egoera larrian - Errgubia fur-furian - Oxtikenean kontzertua
Arrantza Eguna
Urdazuri, Euskal Kostako arrantzaleen elkarteak antolatzen du ohiko arrantza egun berezi hori “Fishing Day”, haurreri itzulia, larunbatean, ekainaren 8an (14:00-17:00). Urririk eskainia da, Decathlon enpresaren laguntzarekin, aintziraren puntako xokoan. Haurrek deskubri dezaten arrantza beharrezkoa dela, hemen arrantza mota desberdinak erakutsiak izanen dira. Xehetasun gehiago: 06-83-16-74-21 edo 06-95-87-08-20.
Dantza ikusgarria larunbatean
“Côté Cour” dantza konpainiako ikasleek gomitatzen gaituzte beren balletaren deskubritzera, ekainaren 9an, bi emanaldirekin (17:30 eta 20:30), Larreko salan.“Le songe d’une nuit d’été” Shakespearen komedian da obra hunen inspirazioa, nabaritzen du ametsen magia, alegiazko mundu eta errealitatearen artekoa. Oren bat et’erdiko iraupena, erreserba lekuan bertan edo astridstudiocotecour@gmail.com gunean, prezioa 16€, murriztua 12€.
Maitetxoak haurtzaindegia egoera larrian
Prentsa gai huntaz arranguratu da egun hauetan, Maitetxoak haurtzaindegia egiturak 200.000 euroko ziloarekin 2023ko urtea bukatu baitu. Soldata karguen emendakina, Departamenduko sos laguntzaren gelditzea, baita Herriko Etxeen diru laguntza apalegia bertze herrieri begiratuz, daitezke bertzeak bertze egoera hunen esplikazioetan. Ainhoa, Sara eta Senpereko Herriko Etxeek deliberatu dute 700 euroko gehigarrizko diru laguntza isurtzea haur bakoitz, heldu baita 1.634 eurotatik 2.334 eurotara. Haurtzaindegiko arduradunendako, ez litezke aski, nahi bada geroari buruz iraunkortasuna finkatu. Iduriz, aterabideak xerkatzeko nahikaria hor da, Sara eta Senpereko Herriko Etxeek gomita zabaldua dute jadanik haurtzaindegiko zuzendaritzari.
Errugbia furi-furian
Aste baten pausu onuragarria harturik, gure gazteak Frantziako final-laurdenetara badoatzi, igande huntan, hilaren 9an (15:00). Paueko ondoan den Idron herrian ariko dira, Gers departamenduko Bassoues-Lupiac-Montesq hiru herrietako ekipoaren kontra. Sekulako dinamika sortzen ari da herritarren artean, kirolariak sustengatu nahiz, “Aupa Senpere” xingolez saltegietako berinak emokatuak dira. Nehork ez du ahantzi, Frantziako titulua hiruetan eskuratua izan dela: 1984, 1992 eta 2014an. Denen beharra badute, jarraitzaile gehiago eta xantza hobeago, hutsezinezko hitzordua dugu senpertar guziek. Berriz ere aupa Senpere!
Oxtikenean kontzertuak larunbatean
Ekainaren 8an (18:30), musikazalek hitzordu bikaina dute Oxtikenean, hiru talde jarraian ariko dira. Judas Argarate gipuzkoarrak, Kode eta Kaxkatu Iparraldekoak, janari eta edariak segurtatuak dira lekuan bertan.