Euskal diaspora | 2024ko Ekainaren 06a
San Frantzisko joan den asteburuan, Winnemucca heldu denean
Joseba Etxarri
Argazki oina: EGUN EDERRA PENNGROVEN. San Frantziskoko euskal besta, ezkerretarik eskuinetara plakak edo lore sortak jaso ondoren: Yvonne Hauscarriague, Joana Arrechea, Jean Michel Michelena eta Caroline Izoco Chiramberro; ondoko argazkian Danielle Espinal Alfaro (alaba Emma besoetan), Lisa Etchepare Rugin, Joana Arrechea eta Caroline Izoco Chiramberro; beheko argazkietan, Valerie Etcharren Arrechea, eta Zazpiak Bat taldeko hiru dantzari; eta dantzariak dantzari azken emanaldian
----------------------
SAN FRANTZISKO, KALIFORNIA. Maiatzean hasirik, hartua du abiada Estatu Batuetako euskal besten sasoinak, eta joan den igandean San Frantziskoko Euskal Etxeak (San Francisco Basque Club-ek) urteroko bere piknika egin zuen, ez usaian hondarreko hiru hamarkada pasexetan bezala Petaluman, aurtengoan haatik (eta iduri du aitzina ere bertan segitzeko xedea dutela) Penngrove-n, Petalumako lekua, sobera baldintza berri galdegiten hasiak zirelako utzirik (elgarren ondoan dira Petaluma eta Penngrove, Golden Gate zubia gurutzaturik iparrera). Familia giroko piknika da, aire zabalean, jendeak bere janari eta edariak eremaiten ditu, eta ber denboran, euskal klubak bere BBQ bazkaria prestatu eta zerbitzatzen du (ederrak, bildots kostaletak). Joan den igande huntan 325 bat bazkari zerbitzatu ziren eta orotara 400etik hurbil jende bildu. Eguzkiak jotzen zuen, eta mementu batzuetan haizea ere bazen, hotz samarra. Han ziren Zazpiak Bat dantzariak eta klika, eta haurrendako jokoak egin ziren, klika eta dantza emanaldiak eskainirik.
Mezak zabaldu zuen eguna, aita Antton Egiguren euskal omonieraren eskutik eta, igande guziz bezala, online ere hedatu zuten Artzai Ona AEBko euskal elkarte giristinoaren Facebook-etik. Dantzariekin batera, Elgarrekin koralak edertuzuen meza. Kontsakrazio mementuan klika arizan zen ohoratzen eta dantzatu zuten hiru dantzariak Charlotte Iribarren, Peio Arrechea eta Enara Iribarren izan ziren. Gero, arratsaldean, dantza emanaldiekin batera, urtetan egin lan baliosarendako, klubeko egungo president Joana Arrecheak 'Claude Berhouet' Lagun Ona plaka eman zien Jean Michel Michelena eta Caroline Izoco Chiramberrori; eta esker oneko plaka ere, klubeko president ohi Yvonne Hauscarriague-ri. Lili sorta bereziak jaso zituzten Danielle Espinal Alfarok (alaba Emma besoetan zuela), Lisa Etchepare Rugin-ek, Joana Arrecheak eta Carolina Izoco Chiramberrok. Eta dantzariek lore sorta berezia eman zioten heien zuzendari, txistulari eta antolatzaile Valerie Etcharren Arrecheari. Egunean txistulari arizan ziren Valerie bera, Caroline eta Veronique Challet.
WINNEMUCCA, NEVADA. Hori aitzineko igandean, heldu den asteburuan Nevadako Winnemucca izanen baita euskal piknik besta ospatuko duen euskal komunitate eta kluba. Euskaldunak Danak Bat du izena klubak. San Frantziskoko Euskal Etxea 1960an sortu bazen, Winnemuccakoa zaharxeagoa da, 1947koa. Ortzirale, ebiakoitz eta igandeko programa prestatu dute, tartean direla lasterketak, kabalkada herriko karriketan barna, erakusketa Museoan, musika eta dantza emanaldiak, BBQ bazkaria, eta igandean meza, hemen ere aita Antton Egigurenek emana. Publikoak dantzatzeko musika Jean Flesher-ek eta bere talde Amerikanuak-ek ezarriko dute.