Herriz Herri - Urruña (L) | 2024ko Urriaren 31a
Gau Beltza - Bi kultur gela berri - Erlaitzeko higadura ikusgai - Xanoren album berria - Tripotx jatea - Bi erakusketa - Pilota
Gau Beltza, udazkeneko euskal errito zaharra
Hilaren 31n ostegunarekin, Gau Beltza ospatuko dugu herrian. Hauxe dugu programazioa: (17:00-19:00) makillaje eta mozorro tailerra frontoian. (17:30) ipuin kontaketa euskaraz. (18:00) dantza ikusgarria. (19:00) ibilaldi mitologikoaren abiatzea pilota-plazatik. (20:00) ibilaldia herriko plazan izanen da eta hor berean, kantuak, txalaparta eta suaren inguruko mutxiko eta beste dantzak eginen dituzte. Jan-edatekoak eta animazioa ere izanen dira plazan. Parte hartzea denendako idekia da.
Bi kultur gela berri Pausun
Herriko Etxeak bi kultur gela berri zabaldu ditu Pausu auzoan. Lehena Intzuraldeko etxe berrietan, eta Intzuralde izena du. Bigarrena, eliza ondoan, eta Emazteen Gela izena du. Bigarren gela honen inaugurazioa urriaren 18an egin zuten eta pausuar auzoek aretoa bete zuten. Herriko Etxea lan handia egiten ari da auzoek giza eta kultur azpiegitura egokiak ukan ditzaten.
Erlaitzeko higadura ikusgai
Euskal erlaitzari itsasotik behatzea proposatzen du ExploreOceane elkarteak. Hendaia eta Zokoa arteko bideak hetsiak direnean, itsas txangoak aukera paregabea eskaintzen du berriki surflari ingeles batek sareratu duen bideoak erakutsi duen higaduraren ondorioak bertatik bertara ikusteko. Itsas ateraldi bereziak izanen dira udazken honetan ere. Bi oren eta erdiko zeharkaldi horietan, 20 bat lagunek, Hendaian ontziratu eta Donibane Lohizune arteko txangoa eginen dute. Itsasoaz gozatzearekin batera, lehorrera buruz bestelako begirada zuzentzeko aukera ukanen dutela diote antolatzaileek.
Xanoren album berria
Xano urruñar kantari ospetsuak bere azken albuma plazaratu du, eta bertan Euskal Herriari kantatzen dio. Zortzi kanta dira diskoan: “Adixkidantza”, “Aztikeri”, “Itxaronpena”, “Mattinsalto”, “Sutan”, “Errehautsa”, “Bas(i)que”, eta “Ta orain ze?”. Jadanik eskuragai da plataformetan. Aupa Xano!
Tripotx jatea Xaian
Usaiari jarraituz, azaroaren 8an ostiralarekin, tripotx jatea izanen da Pausuko Xaia ostatuan (20:00). Animazioa izanen da. Antolatzailea: Bakalau elkartea. Prezioa: 30 euro. Izena-emateko: 05-47-75-07-02.
Bi erakusketa Posta gelan
Posta gelan bi erakusketa daude zabalik, eta biak biziki interesgarriak. Lehena euskal diasporari buruzkoa eta bigarrena Ukrainari buruzkoa. Lehena azaroaren 11 arte izanen da zabalik eta bigarrena azaroaren 8a arte.
Pilotari urruñarren emaitzak
Garaziko Astelehenetan, Ihiztarien Kopan, finalerdien bigarren partidan honako emaitza erdietsi zuten: Biskubi urruñarra eta Etxegoin 40 – Intxauspe eta Dufau 22.Trinketeko amaturren lehiaketan, Azkainen jokatua: Biskubi eta Jauregi (Urruñarrak) 40 – Teilleri eta Dufau (Lau Herri) 11. Milafrangan jokatutakoan: Jauregiberri eta Bastien Iribarren (Airetik) 40 – Zigarroa eta Lazkano (Urruñarrak) 23.