Mundu zabalean | 2024ko Urriaren 31a
Garraio publikoak kitorik?
M.O.
Klima krisiari aurre egiteko edota energiaren prezioen emendatze historikoa konpentsatzeko, garraio publikoen zerbitzuak kitorik izan daitezen, anitz europar herrialdetan eztabaidatua da. Luxenburgo, Alemania, Austria, Espainia eta Malta bezalako estatuetan doako garraio publikoak esperimentatzen ari dira.
Garraio publikoen erabilera Europako estatu eta hiri nagusietan
Europako hainbat estatutan eta hiriburutan garraio publikoen kostua, erabilera eta hurbiltasuna ebaluatuak izan dira. Lau irizpideren arabera sailkatuak izan dira: txartelak saltzeko sistema, txartelen eskuragarritasuna, sozialki arazoak dituztenentzat prezio duinak eta Balio Erantsiaren gaineko Zerga (TVA). Hiriburu eta estatu bakoitzari 100 puntuko nota emana izan zaio.
Txartelak eta deskontuak erabiltzeko errextasunari dagokionez, Luxenburgok, Maltak, Austriak, Alemaniak, Ziprek eta Espainiak lehen postua lortu dute. Aldiz Grezia, Kroazia eta Bulgaria azkenak agertzen dira. Bestalde, Bulgariak ez du lau kategorietan punturik lortu.
Hiri nagusiak begiratuz, Tallinn (Estonia), Luxenburgo (Luxenburgo) eta La Valleta (Malta) dira lehenak atera. Amsterdam (Herbehereak), Londres (Erresuma Batua) eta Dublin (Irlanda) hiriek, kostuari eta erabilpenari dagokienez puntuazio txarrena eskuratu dute. Praga (Txekiar Errepublika), Bratislava (Eslovenia), Erroma (Italia) eta Viena (Austria) hirietan da txartelak merkeenik eros daitezkeenak, kostua 0,85 euro ingurukoa da. Europako hiririk garestienak, Londres, Dublin, Paris eta Amsterdam dira, txartela 2,25 euro inguru kostatzen da. Madril ere zerrendan agertzen da, hilabeteko txartelak erostean %60ko apaltzea aplikatua da. Neurri hori alde baterako baizik ez da. Bestalde espainiar gobernuak, 2023ko urtea bururatzean, ohikoak diren trenak kitorik izan daitezen erabaki zuen.
Garraio publikoak kitorik?
Galdera pausatua da garraio publikoak kitorik direnean jendea konbentzitua ote den autoa gutiago erabiltzeko. Herwig Schuster “Guzientzat mugikortasuna” kanpainaren arduradunak zioen: “ez gira esplizituki garraioak kitorik izan daitezen, erraiten duguna da garraioak denentzat eskuragarriak izan behar direla. Zerbitzu horrek herri gehienentzat, errexa eta bidezkoa izan behar du”.
Populazioa ibilgailu mota horretara bideratzeko, garraio publikoen kostua, autoarena baino merkeagoa izan behar dela errana da. Egin ikerketaren arabera, azken urte hauetan estatu eta hiri anitzek garraio publikoen prezioa merkatu dute. Zerbitzu publikoen aldekoak, Europa osoan mobilizatzen dira agintari politikoek garraioen kalitatea hobetu dezaten, doakotasuna lehenetsiz. Estatu gehienek agertzen duten arazoa finantzarioa da.
Borondate politikoa
Doako garraio publikoa plantan jartzea ez da estatu guzien lehentasuna, gobernuen aginduen arabera ingurumen eta sozial politikako gaiak ez dira berdin kudeatuak.
Motibazio anitz dira hirietan garraio publikoa kitorik izan dadin. Maila politikoan, doako garraioa neurri enblematikoa da. Instituzio batek edozeinentzat mugikortasunerako sarbidea sustatzeko nahikaria erakutsi behar du. Ekonomia aldetik, tokiko komertzio aktibitatea bultza dezake, hiriguneetara joan-etorriak errextuz jende gehiago eraman litzake. Ikuspegi sozialetik, diru-sarrera apalak dituzten herritarreri auto baten jabetzaren alternatiba ekonomikoa eskaintzen da. Ikuspegi ekologikotik, doakotasunaren helburua da bide-metaketak eta emisio kutsatzaileak murriztea, auto erabiltzaileak pusatuz garraio mota horretara.
Luxenburgo erreferentea
2013an, Estoniako Tallinn hiri nagusia lehena izan da doako garraioa plantan jarri duena. Zazpi urte berantago, Luxenburgoko gobernamenduak bozkatu zuen txartelik gabe edozeinek ibiltzeko ahalmena zuela. 2020ko martxoaz geroztik, trenak, hiriarteko autobusak eta tranbiak, hots garraio publiko guziak erabiltzaile guzientzat estatu osoan kitorik dira.
Orduko gobernamenduak, hautu hori egiterakoan, Luxenburgoko estatua mugikortasunaren laborategia bihurtzea xede zuen.
Europako Itun Berdea
Europako Ingurumen Agentziaren arabera, garraioa Europar Batasuneko CO2 isurien laurdenaren erantzule da, %71,7a errepideetako garraioen ondorioz. CO2 emisioak murrizteko eta 2050erako neutraltasun klimatikoa lortzeko, Europako Itun Berdearen ibilbide-orrian agertzen den bezala, 2050erako garraioen berotegi efektuko gasen emisioen isuriak %90era murriztuak izan beharko dira.
Ohidurak aldatu
Mugikortasun sistemaren iraunkortasun ekologikoa eta ekonomikoa ezin dira oinarritu aldaketa teknologikoetan bakarrik. Bakoitzaren bizimoduetan aldaketa sakona egin beharko da, urritasun handiagoan oinarriturik. Garraio publikoa hobetzeko politikak ezin dira eraginkorrak izan, baldin eta bi gurpileko ibilgailuentzat eta autoentzat murrizketa gehiagorik ez bada.