Gure Hitza | 2026ko Ekainaren 18a
Oasiak
Peio Jorajuria
Duela hiru aste, Edgar Morin pentsalari handia betirako joan zaigu. 104 urte zituen. Pentsalaria izateaz gain, soziologo eta filosofoa zen, humanista, pentsamolde eta jende orori idekia. “Konplexutasunaren pentsalari” gisa ezagutua zen, gaur hainbeste hedatuak diren karikaturak eta bi sosetako jujamenduak hastio zituela. “Zubien eraikitzaile” izan behar genuela zioen askotan, “haurridetasun oasien” sortzaile. Gaur egun bere trenpuko pentsalari guti da jendartean. Badira, bai, beren burua pentsalaritzat daukatenak, baina gehienak ideologo hutsak baizik ez dira, alderdikariak, “totalitarismo teknologikoaren” morroiak, “tekno-faxismoa” ere deitzen zuena. “Numerikoak mundua kolonizatzen” ari du, bere on eta txarrekin, haatik “teknologiak ez luke gure nagusia izan behar baina gure zerbitzaria” zuen errepikatzen.
Pentsalari handia, gizon umila. Bizi mugimenduak bultzatutako Alternatiba ekitaldi andana baten gozaita izan zen, hala nola Baionakoan 2018an, bere betiko irri gozoa ezpainetan. Hemen gaindiko desobedientziazko ekintzak sostengatzen zituen bai eta elkartasunezko eta ingurumenaren aldeko iniziatibak, bertze pertsona suhar batzuren gisan, Stéphane Hessel zena, “Sumindu zaitez!” oihu famatua bota zuena, eta beste. Kasik zendu arte atxiki du burua argi eta izpiritua kritiko.
Zerbait adierazia ote zuen Amerikar Estatu Batuetan, Kanadan eta Mexikon gaur jokatzen ari den munduko futbol kopaz? Segur naiz ez zukeela gustukoa, diruaren eta hantukeriaren kopa baita futbolarena baino, antolakuntza sekula baino kutsakorragoarekin, giza eskubideak aldiz airoski zangopilatuak daudela. Alabaina, Donald Trump “psikopatak” (Boris Cyrulnik psikoanalistaren arabera) jende askori estakuru gutiz debekatu die bere lurretara etortzea, futbolari, epaile, sostengatzaile, kazetari... Adiskide handi duen Gianni Infantino FIFAko presidentearen benedizionearekin, honek alta deklaratua zuelarik “jende guziak ongi etorriak izanen” zirela. Bere erakundearen diru kutxa betetzeaz griñatsuago daiteke, giza eskubideez baino.
Futbol kopak tirriaturik, kirol horren maitaleek begiak telebistari itzatuak ditugu. Batzuk doi bat kezkatsu, oroituz futbolaren ifrentzuan zenbat gauza itsusi gertatzen den, bertzeak (gehienak?) bazterretan gertatzen denaz axola izpirik gabe. Batzuek eta bertzeek ardi tropa marrakaria osatzen dugula iduri. Panurge delakoaren ardi tetele ala elkartasun oasi bilakatua den Kanboko Marieneko pentzeko ardi errebel?




