Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Ekainaren 18a

Eskuz Esku elkarteak 50 urte - Uztaritzeko kermeza - Liztor asiatikoaren kontrako borroka - Berote handieri buruz - Erakusketa

Ongietorri mintzaldiak trinketean
Ongietorri%20mintzaldiak%20trinketean

Eskuz Esku elkarteak 50 urte

Ekainaren 6an Eskuz Esku elkarteak bere 50 urteak ospatu ditu. Elkarteak gaur egun 170 bat kide ditu denak hirugarren eta laugarren lerroan adinez. Meza saindu batekin hasi da eguna Jondoni Bixintxo elizan. Edmond Etcheverry lehendakariak ongietorri beroa egin du hasieran. Bere mintzaldian Jean Mixel Barnetche apezak azpimarratu du elkartasunaren balioa gure bizian. Meza ondotik denak bildu dira Jatsuko trinketean zintzur bustitze eta bazkariarentzat. Mende erdi batez moldatu argazki asko ere ikusgai emanak ziren. Bazkalaitzin lehendakariak egin du han ere bere ongietorria izendatuz nor ziren bere aitzinekoak elkartea sortu denetik. Piero Rouget auzapezak ere hitz labur batean agurtu eta zoriondu du ezagutu berri duen elkartea. Bazkaria hautuzkoa zen, denek preziatu dute eta musikari hirukote batek ederki animatu du. Hitz dizuegu kantuak errexki zoazila airean, dantza zonbait ere bai ondotik. Huna halere meza bukaeran elkartekide batek eman dituen esker onezko bertsuak:

Mende erdi bat buraso batzuk ziguten xutik ezarri

Elkarteño hau egokitua gu giren herritarreri

Ospatzekotan talde ederra baigira egun etorri

Egun gozo bat pasa dezagun esku emanik elgarri

Jesus Jauna hor dugulakoan guziek egun lokarri

Gure bizia desberdin doa elkartean gaudenetik

Ongi jostatuz, lanean ariz, dantza kantuen artetik

Bainan adinak gaitu flakatzen nahi ta ez gorputzetik

Falta direnak ez diten sendi baztertuak guregatik

Eskuz Eskuren erran nahia denek dakigu engoitik

Nola eraman gure bizia Krixtok gomendatzen dauku

Izan dadila gure bihotza Jaun onaren ihesleku

Bainan dakigu bizi batean beti dagola arrisku

Gauden gu beraz esku emanik ez dadin gaizki bihurtu

Jaun ona lagun oraino luzaz biziko da Eskuz Esku

Uztaritzeko kermeza

Larresoro eta Haltsuren ondotik heldu den igande huntan izanen da Uztaritzen kermeza. Meza nagusiarekin hasiko da Bixintxo elizan Labourdins elkarteko soinulariek animaturik. Ondotik zintzur bustitze eta bazkaria Bixintxo eskola libroko aterpean. Bazkalondoan mus lehiaketa antolatua da, eta ezin du gorde hitz hunen egileak berak errebantxa baduela hartzeko. Izanen dira ere haur jokoak eta loteria, gauza asko irabazteko esperantzan.

Liztor asiatikoaren kontrako borroka

Herriko Etxeak eremanen du uda guzi huntan liztor asiatikoaren kontrako borroka, hedadura hartzen ari baitu eta hori mugatzeko asmotan. Galdegiten du populuari habia ikustean jakinaraztea Herriko Etxeari edo suhiltzaileeri; enpresa berezia igorria izanen da desegiteko. Ondotik ordainsariaren ageria helarazten da Herriko Etxerat. Diru laguntza bat, 50 eurokoa, emana izanen da desegin habia bakotxarentzat urteko eta helbide bakarreko. Biodibertsitatea zaintzea da kanpaina horren helburua.

Berote handieri buruz

CCAS herriko ekintza sozialen zentroak oroitarazi nahi du berote handieri buruz xutik emana den alerta erabilgailua. Helburu horrekin galdegiten du etxetan bakarrik bizi diren adineko jende edo elbarrituek izenak eta helbideak helarazteko Herriko Etxeko zerbitzu hortara lehenbailehen, behar orduan sokorriak eta laguntzak errezebitzeko gisan. Hola lana errexten baita denentzat.

Erakusketa

Haltya ondare eta kultur elkarteak beste erakusketa bat ukanen du heldu den asteburuan, 20tik 22ra jauregian berean. Bisitatzen ahalko da Isabelle Tanguy anderearen margo erakusketa (10:00-19:00).

Email Facebook Twitter LinkedIn

3839. zbk

Gure Hitza | 2026/06/18

Oasiak

Peio Jorajuria

Duela hiru aste, Edgar Morin pentsalari handia betirako joan zaigu. 104 urte zituen. Pentsalaria izateaz gain, soziologo eta filosofoa zen, humanista, pentsamolde eta jende orori idekia. “Konplexutasunaren pentsalari” gisa ezagutua zen, gaur hainbeste hedatuak diren karikaturak eta bi sosetako jujamenduak hastio zituela. “Zubien eraikitzaile” izan behar genuela zioen askotan, “haurridetasun oasien” sortzaile. Gaur egun bere trenpuko pentsalari guti da jendartean. Badira, bai, beren burua pentsalaritzat daukatenak, baina gehienak ideologo hutsak baizik ez dira, alderdikariak, “totalitarismo teknologikoaren” morroiak, “tekno-faxismoa” ere deitzen zuena. “Numerikoak mundua kolonizatzen” ari du, bere on eta txarrekin, haatik “teknologiak ez luke gure nagusia izan behar baina gure zerbitzaria” zuen errepikatzen.

Pentsalari handia, gizon umila. Bizi mugimenduak bultzatutako...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016